Joxerra Garzia.
ARKUPEAN

Fokupeko esperpentoak

2015eko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Baserritar petoak diruditen bi amona mardul, banku batean eserita. Eskuinekoa biberoia ematen ari zaio haurtxo bati. Ezkerrekoa, makulua altzoan, haurtxoari adi-adi begira dago. Ezkerrago hirugarren amona bat dago, baina ez da argazki honetan ageri, hiru amonen argazkiari argazkia ateratzeko unean Tsipras Greziako lehen ministroa baitago haren aurrean, hitzaldia egiteko txanda zain.

Europar Batasunak eta Greziak Atenasko aireportuan antolatu berri duten esperpentoari dagokio argazkia, jakina.Goi mailako hizlari gehiago ere bazen, Martin Schulz Europako Parlamentuko presidentea guztien buru zela. Horrez gain, bigarren eta hirugarren mailako hizlariak, bakoitzaren jarraigoa eta enparauak, guztira 40 bat lagun. Hizlariek beirazko atril batetik egin zituzten beren mintzaldiak, atzean hiru amonen argazki erraldoia zutela.

Siria eta Irakeko infernuetatik ihesi Greziara iritsitako 30 errefuxiaturi agur esatea zen ekitaldi esperpentiko haren ageriko helburua. Hitzaldien ostean, hizlariak errefuxiatuen haurrak besarkatzen aritu ziren, argazki eta bideo kameren fokupean.

Greziara iritsitako errefuxiatuak milaka baitira, ez da harritzekoa sare sozialetan (eta baita zenbait hedabidetan ere) ekitaldi lotsagarri horren kontrako iritzi zorrotz mordoa plazaratu izana. Tsiprasek berak aitortu zuen «ozeano zabalean tanta bat» baino ez zela 30 errefuxiatuei Luxenburgon bizilekua eskaintzearena, baina horixe zela noski bidea.

Tanta bat izanik ere, hiru aste pasatxo behar izan ditu Europar Batasunak 30 horiena antolatzeko, atera hortik kontuak noizko emango dion ganorazko erantzuna errefuxiatu eta etorkinek osatzen duten ozeanoaren tragediari.

Nik «esperpento» deitu diodan horri «tragikomedia» deitzen zion Angel Errok osteguneko bere zutabean. Errok dioenez, tragediaren osteko generoa izan da beti tragikomedia. Gustatu zitzaidan ekarpena, Angelen zutabeetan beste gauza asko eta asko bezala.

Niri, hala ere, tragikomedia horren baitan dagoen albo tragediara joaten zaizkit begiak eta gogoa. Hots, milaka errefuxiaturen artean kasualitatez (edo nik ezagutzen ez dudan arrazoiren bat dela medio) katastrofetik libratu diren 30 lagun horiengana. Pozik dirudite irudietan, baina ez dute kontzientzian karga makala hartu izango, nik uste.

Antzeko sentipena izan nuen duela aste batzuk, Osama Abdul Mohsen errefuxiatu siriarrarekin eta Zaid haren semearekin. Hungaria eta Serbiako mugan zihoan Abdul, Zaid besotan zeramala, poliziaren ihesi, Petra Laszlo kazetari andreak zangotrabatu eta eraitsi zuenean. Irudi lazgarri haiek berehala barreiatu ziren munduan, eta horri «esker» Madrilen dira gaur egun aita-semeak, familiako gainerako kideak noiz etorriko zain. Bernabeu futbol zelaian ikusi nituen hurrena, irribarretsu, baina irribarre haien ostean ere tragediaren marka ikusten nuen nik, zangotrabatu ez zituztelako salbatu ez zirenen zamak eragindakoa.

Osama eta Zaid, fokupean suertatu izanak salbatu zituen hondamenditik. Atenasko 30ak, berriz, auskalo zer dela eta salbatu izanak ekarri ditu fokupera. Nolanahi ere, tragikomediatik sortutako tragedia baten hasiera sumatzen dut nik, hedabide gehienek happy end gisa aurkeztu dizkiguten bi irudiotan.

Aylan Kurdi, Turkiako hondartza batean hilik agertu zen hiru urteko ume siriarrena, berriz, tragedia, tragikomedia, esperpento eta gainerako genero guztien gaindi dago. Harentzat berandu iritsi ziren fokuak, eta hil ondoren izan duen ospeari salbazio postumoaren usain ustela hartzen diot nik, horrelakorik ez dagoela badakidan arren, edo hain zuzen horrexegatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.