garbine ubeda goikoetxea
ARKUPEAN

Autoaren gurpilean

2016ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Ez dakit zenbat auto ukan ditudan guztira. Batzu-batzuk. Bigarren eskukoak denak. Baina autoaz orokorki pentsatzera jarririk, nire lehendabizikoa datorkit akordura. Izeba batek, txatarretara eraman behar eta penak jota, nire eskuetan utzi zuena, praktiketarako-edo balioko zidalakoan, gidabaimena atera berritan. Ikasteko makulua edo behin-behineko tresna baino gehiago, ordea, ezinbesteko bidelagun bilakatu zitzaidan jabetzan hartu nuen istant beretik. Nire Skoda kuttuna, Txekoslovakian egina, Txekiar Errepublikak eta Eslovakiak estatu bakarra osatzen zuten garaian, General Motors-en atzaparretan erori aurretik.

Haren motorrak Aliceren Lurralde Miresgarriaren efektua izan ohi zuen inguruan, oinarrizko elementu asko zituelako traketsak, alderantzira emanak edo ezlekuan. Bateria, esate batera, atzeko eserlekuetako baten azpian zeukan, bidaiariaren ipurdipearen epelak mesede egingo balio bezala. Martxa aldatzeko palankak, berriz, egundoko indarrak eskatzen zituen aldiko, abiadura-kaxa ere bateriaren alboan izaki, alegia atzealdean eta motorraren piezak batzen zituen muturretik urrun hura ere; beste autoek baino lau aldiz luzeagoa zuelako burdinaga. Aurreko kapotak ere bazuen txistea, hura zabalduko zuen trastea sakatzeko, atzeko ezker atea ireki behar izaten bainion lehendabizi, eta haren ertzean bilatu botoi kamuflatua. Lagunek bezala, poz handiak eman zizkidan elkarrekin eman genituen urteetan, eta nahigabeak ere latzak. Bereziki 30 kilometrotik gorako bidaietan, espres eltzearen antzean ziztuka eta ufaka hasten zitzaidanean, bapore zuria aurretik eta ke beltza atzetik zeriola. Edo bide bazterrean uzten ninduenean.

Mekanikariek antzarak ferratzera bidaltzen ninduten garajera hurbildu orduko. Utikan auto demonio hori. Utikan inork ulertzen ez duen labirinto hori. Harik eta Donostiako Amara auzoan, konpontzaile kaskagorri nafar bat ezagutu nuen arte. Ez dakit zer ote zuen begietan ageri, giltza eskuan eta samina keinuan, bere lantokiko atetik barrena sartzen ikusten ninduen aldiko. Nirekiko errukia ote zen, ala autoarekiko pasioa. Zernahi dela ere, ahaleginak eta bost egin baina bi sos besterik ez kobratzera bultzatzen zuen, nire patrika zulatuaren mesederako.

Emandako disgustuak eta bere alde xahutu nituen sosak alde batera utzita, lau gurpildun tanke zuri hark —horixe luke definiziorik zintzoena, zer-nolako karrozeria zuen kontuan hartuta— mukuruka asebete zituen nire beharrak, eta atzetik heldu zirenak baino hagitz argiago sinbolizatu zuen autoari eska dakiokeen baliorik estimatuena, Argia-ko nire lehen urte prekario haietan: askatasuna. Noiznahi noranahi joan eta etortzeko. Garraio publikoak inoiz ahalbidetu ezin izan didana erdiesteko. Denborarik ez galtzeko. Bere oskolean babesteko.

Tesla enpresa kaliforniarrak 200.000 auto elektriko baino gehiago saldu ditu dagoeneko, eta ez merke, fabrikatu aurretik saldu ere. Modelo berri efizientea agindu die erosleei, lehen ibilgailu masifikagarria, eta 350 kilometro luzeko autonomia, gidatzea errazteko nahiz istripuak saihesteko prestazioak, espazio-ontzietako panel ukigarriak eta beste zenbait gutizia teknologiko. Eta erosleek, aldez aurretik 1.000 euroko aurrerapena eta izena eman dutenek, askatasuna erosi nahi izan diote. Libertatea, ukitu filosofikoz eta konpromiso ekologikoz jantzia.

Tesla auto elektriko berria ez da, ordea, nire Skoda zahar komunista hura baino askoz ere ekologikoagoa, ihes-tututik ke beltzik botako ez duen arren. Izatekotan, auto elektriko horietara helduko den argindarra lortzeko moduak izan litezke ekologiko, garbi, alternatibo.

Helburu horri begira, bide luzea dugu oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.