Joxerra Garzia.
ARKUPEAN

Hori bera da denen ixtoria

2016ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Denbora (edo bizitza), maitasuna eta heriotza: beste gairik ez omen dago aldi eta alde guztietako gizakien idatzi eta esanetan. Boutade kutsu nabarmena du sententziak, bai, baina hala ere...

Litekeena da norbaitek maitasuna dastatu gabe amaitzea bere mundualdia; bizi ordez irautearekin konformatzen direnak ere ez dira gutxi. Maitatu eta bizi gabe bizi liteke; ez, ordea, hil gabe.

Hiltzea baita gu guztiok ziur egingo dugun gauza bakarra. Badakit oso zoru irristakorrean sartzen ari naizela, ezinezkoa baita denboraz, maitasunaz edo heriotzaz ezer originalik esatea, gure aurrekoek esana eta idatzia utzi baitute horretaz esan eta idatzi litekeen guztia. Topikoan erortzeko arriskua gorabehera, ordea, heriotzak gure inguru hurbilean kolpea jotzen duen aldiro sentitzen dugu gure aurrekoek idatzi eta esandakoak geure egin eta errepikatzeko premia. Horixe da oraingo honetan nire kasua.

Heriotzari buruzko gure esan-idatziak topiko errepikatuak izan litezke, baina gertuko heriotza batek eragiten dizkigun sentipenak aldiro berriak dira. Platon filosofoa bere maixu Sokratesen heriotza bidegabearen lekukoa izan zen, Kristo aurreko 399. urtean. Guri, berriz, adiskide min bat hil zaigu joan den astean, modu ezinago ankerrean. Esan-idatzietan eskasa baino eskasagoa naiz ni Platonen aldean, baina nekez izango zen haren oinazea nirea baino handiago eta benetakoagoa: herioak berdintzen handi-ttipiak.

«Mendebaldeko zibilizazioa» esaten diogun horretan (oraingo eta inoizko zibilizaziorik gorentzat dugun horretan) koldar jokatzen dugu heriotzaren aurrean. Heriotza adin txikikoen begien bistatik ezkutatzen saiatzen gara, hildakoak etxeko epeletik tanatorioetako hotzera deserriratu ditugu, heriotzaren gertakari guztiz naturala eufemismotan baltsamatzen tematuta gaude.

Joan den astean hil zaigun adiskide hori koinata ere bagenuen. Marian zuen izena, bizi guztian lana besterik egin ez zuena, bere burua ukatuz ingurukoei laguntzea beste afanik ez zuena. Erretiroa hartu berritan, behingoz lasaitu eta gozatzeko aukera zuenean hil da, senarrarekin Kanarietara oporretara joanda. Berea ez ezik, senarrarena ere bai patu puta: emaztearekin oporretara joan, eta emaztearen errautsekin itzuli.

Patuak badaki hain puta ez izaten ere. Gu, emaztea eta biok, Madrilen ginen Marian hil zenean, han lau egun pasatzera joanda, Paul MacCartneyren kontzertua entzuteko aitzakian. Astelehenean iritsi ginen Madrila, eta asteazkenean hil zitzaigun koinata. Kontzertua entzun gabe itzuli ginen etxera. Madrilen ginela, pare bat liburu denda bisitatu nituen, ohi bezala.

Ezer zehatzik bilatu gabe aritzen naiz horrelakoetan, han-hemenka begiratzen, xede jakinik gabe. Halaxe egin nuen topo, asteartean, Eduardo Galeanoren azken liburuarekin (El cazador de historias).

Ez filosofiak ez literaturak ez ezerk kentzen digu maite dugun norbaiten heriotzak eragiten digun oinazea. Bai filosofiak eta bai literaturak, ordea, eramangarri bihurtu lezakete bestela jasan ezina litzatekeen min hori.

Maite genuen hori geure baitan biziko dela, horra beste topiko bat, eta horra, hala ere, hildakoari zor diogun ahalegina: haren berri geure ondorengoei ematea. Irakurtzen ditugun liburuen artean, tarteka-marteka, gu irakurtzen gaituen libururen bat izaten da, oraingo honetan niretzat Galeanorena bezala. Hona hemen, itzulpen librean, egunotan kontsolatu nauen pasarte bat: «Atso batek pegar bat aurkitu zuen behin, lurrean, txiki-txiki eginda, baina hala ere Palermoko ardo bikainaren usaina gordetzen zuena. Atsoari gozagarri zitzaion, oso, ardo lurrin hori. Gozamen betean, honako hauxe esan zion behin pegarrari: Hauek badira zure arrastoak, nolakoak ote ziren zure urratsak?».

Topikoak topiko, hainbeste zor diegu gure hildako kuttunei, hainbeste zor diot nik Mariani.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.