Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Herdoila

2016ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Gure etxe inguruan kartelei eusteko plakak ipini ditu udalak parkearen ondoan. Hauteskundeak egiten diren guztietan ateratzen dituzte kalera xafla horiek udaleko brigadakoek, eta nabarmen da aspaldidanik egin izan dela horrela gurean, erabiliaren erabiliaz zaharkituta baitaude metalezko euskarriak.

Herdoilak xarma berezia ematen dio kanpainari, eta metaforikoki bada ere, edozein lelok baino esangura handiagoa ematen die alderdien proposamenei.

Herri txikia da geurea, eta hiruzpalau euskarrirekin nahikoa da alderdien afixa guztiak bertan erakutsi ahal izateko, bata bestearen ondoan, begi-kolpe bakar batez aukera guztiak erakusteko moduan jarrita.

Hutsik daude, alta, xafla handi horiek. Espainiako Gorteetako lehian diharduten indar politikoek ez diote geure herriari erreparatu beren eskaintzaren berri emateko, agian susmatzen dutelako herria bera bezain txikia dela bertatik jaso ahal izango duten boto-uzta eta oraingo lasterketan kantitate txikizkako boto-eskea baino, superfizie handietako salmentara jo dute, mezu estandarizatuetara, antza. Postontziko propaganda saldoak ere urritu egin dira, eta astebeteko tartea geratzen bada ere, orain arte jasotakoa ez da aurreko hauteskundetan jaso ohi denaren laurdenera ere iristen. Beharrik ere ez, egia da.

Hauxe orain arte kanpainak utzi duen ezuste bakarra, ohikoa denetik apur bat urrundu egin den egoera bakarra. Gainerako guztia normala da, normari jarraitzen dio, ohiko bidetik pentsatu eta egina dirudi. Egoera, alta, ez da batere ohikoa. Espainian lehen aldiz jo behar izan da bigarren hauteskunde-dei batera lehenean gobernua osatzeko aukerarik ez delako izan. Berez horrek ez du zertan ona edo txarra izan, baina bada azalekoa baino, sakonagoa iruditzen zaidan gaitzaren sintoma. Abenduaren 20ko gauean askok iragarri zuten moduan, zenbakiek ez zuten biderik uzten ohiko batuketetarako eta horrek aurrera egin ezina ekarriko zuen. Asmatu egin zuten: gobernu-aukerak eserleku-batuketa hutsaren ingurumarian gauzatu daitezkeela erakusten du horrek, hau da, hainbatetan aipatu baina orain arte sekula praktikatu ez duten zeharkakotasuna, desberdinen arteko elkar ulertzerako zirrikiturik ez dagoela egiaztatu da. Ezina, ekinik gabe.

Abendutik hona jazotakoa ulertzeko ez ezik, aurrera begira zer datorkigun aurresaten hasteko ere gakoetako bat izan daiteke hori. Nabarmen geratu baita non duten Espainiako indarrek ahuleziarik handienetarikoa: ohikoa ez den beste ezer eskaintzeko gaitasunik eza. Hitz eta pitz dihardute berrikuntzaz, politikagintza berriaz, malgutasunaz eta hitzarmenaren beharraz, baina hitzetan hasi eta buka egiten da horretarako prestasuna, itxura denez.

Gobernu berria osatzetik harago doa gabezia edo ezinak izan ditzakeen ondorioak. Kudeaketa soila nahikoa zatekeen garai baten, nola edo hala, joka zezaketen bide horretatik, baina orain arte ukiezinak ziruditen hainbat eta hainbat arlotan aldaketa sakonak behar diren garai honetan, zer espero dezakegu? Osa ezazu lerroa zu zeuk, irakurle, zeure erantzunarekin.

Herdoilak jota dago Espainiako politikagintza. Indar berriak sartu dira joko-eremuaren erdira, baina artez eta moldez egiazki berriak ote diren zalantza egiteko arrazoi asko utzi dizkigute sei hileko epean. Bokazioz hegemoniko izatea nahi duten bi alderdi handien arteko harreman biziatuaren ajea izan zitekeela uste izan dut puska batez, baina aukera berriak lehian agertu direnenean ere, berritasun gutxi ezarri diote sistemari, artez eta moldez, indar-harremanak garatzeko bide berriak urratzeko gauza ez baitira izan. Ohikoa egin dute, zaharrek nahiz berriek: lerro gorriz inguratu dute zelaigunea, emandako arauetara makurtu, eta zenbaki hutsen gaineko batuketa-aukerei erreparatuta, taktizismoaz jardun dute, arnasguneak itoz.

Goizero pasatzen naiz herriko sarreran dauden propaganda-xaflen aurretik. Hutsik daude, eta herdoilak jota. Alderdiek ez diote gure herriari erreparatu, baina geure herriko xaflek edozein kanpainak baino hobeto islatzen dute nahi gabe ere, alderdiek eskaintzen digutena: hutsa eta herdoila.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.