benat sarasola
ARKUPEAN

Houellebecq

2015eko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Bi idazleren kontrako epaiketa banak eman zioten hasiera literatura modernoari 1857an, edo hobeki esanda, esparru literarioaren sorrerari. Gustave Flaubert-ek eta Charles Baudelaire-k epaitegiaren krudela bizi behar izan zuten beren lanak, Madame Bovary eta Les fleures du mal hurrenez hurren, moral publikoaren eta erlijiozkoaren erasotzat jo zirelarik. Orduan burutu zen, bada, arte eta literaturaren autonomiaren ezartzea: narratzailea eta autorearen bereizketa, fikzioa eta moralaren arteko ezberdintasuna. Horixe da Pierre Bourdieu-ren iritzia behinik behin.

Sarritan aipatzen da Bordieuren teoria artearen halako teoria konspiratibo erraza justifikatzeko: artearen judizio estetikoa beti dago boterearen (ekonomikoa, politikoa) esku.

Obra batzuk kanonikoak dira beren gibelean interes politiko-ekonomiko ezkutuak daudelako. Horixe da, hain justu, boladan dagoen liburu eskas horrek, Victor Lenore-ren Indies, hipsters y gafapastas-ek, egiten duena urrutira joan gabe. Bordieuren lana artez irakurri duenak ongi daki, baina, frantsesaren teoria edozer gauza dela artearen autonomiaren arbuioa baino.

Ez da kontu berria autonomia hori aspalditik kolokan dagoena. Gutxienez aurreko mendeko 60ko hamarkadatik salatu izan da artearen esparru librea arriskuan dugula, dela kapitalismoak esparru oro bere logikaren mende hartzeko duen joeragatik, dela fikzioaren mekanismoek zenbait apologeta politikori azkura eragiten dielako. Artearen eta fikzioaren ezaugarrietako bat dugu kasu askotan anbiguotasuna, askok jasan ezin dutena. Enbarazu egiten diete pertsonaiek, eszenek, denbora jauziek, ahots ugariek. Gauzak argi eta gordin nahi dituzte, galbaherik gabe.

Literatur kritikagintzan ere boladan daude kritika ideologikoaren abaroan egindako irakurketa kartoi usainezkoak, eta hala, badirudi ez direla honakoak artearen autonomiarentzat garai loriatsuak. Azken adibidea Michel Houllebecqen liburu berriaren harira ikusi ahal izan dugu. Polemika sortu du islamofoboa omen den Soumission nobelak, eta kontua areagotu da Charlie Hebdo-ren kontrako erasoaren ondotik. Aitor dut ez dudala oso ondo ulertzen zer esan nahi den nobela bat islamobofoa dela esaten delarik, baina kuriosoa da ikustea inork halakorik justifikatu nahi duenean Houllebecqek han edo hemen egindako adierazpenetara jotzen duela bere liburura jo beharrean. Ez dut Soumission irakurri, eta beraz, ezin ezer esan hari buruz, baina argi dut askoz gehiago interesatzen zaizkidala idazlearen literatur lanak haren balizko ideologia eskuindarra baino.

Ziur aski tristea ere bada Bernard-Henri Levy izatea asken egunetan gaiari buruz gauza zentzuzkoak esan dituen bakarrenetakoa; alegia, ez direla gauza bera idazlea eta idazleak idatzitako pertsonaiak. Ez da mendeko aurkikuntza, egia esan, baina gauzak nola dauden ikusita, badu meritua halako gauza oinarrizkoa azpimarratzeak. Houellebecqen literaturatik gehien interesatu zaidana, hain justu, irakurlearen kontzientzia ona urratzeko gaitasuna da, ezkerraren ideologiaren (68aren ondorengoaren) hainbat zimur seinalatzearekin batera. Horrexegatik ez zitzaidan hainbeste gustatu, esaterako, Mapa eta lurraldea, zeina askoz ere erosoagoa den irakurle eta enparauentzat (oi, eta bere amaiera futurista-estrafalario hori...). Harriturik ikusten dut zelako errazkeriaz epaitzen den Houellebecqen literatura, bere irudi publikoaz itsututa maiz, beste hamaika pertsona ez oso giza-eredugarri baina idazle bikain ahantzirik: Louis-Ferdinand Céline oroz gain, edo Jon Mirande bera, gugandik gertuago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.