Inaki Galdos
ARKUPEAN

EAJ errudun

2017ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Agian urrutitxo joan naiz izenburuarekin eta erantzule hitz bigunxeagoa ere erabil nezakeen, baina benetan iruditzen zait, Katalunia hizpide, hori dela hemendik aurrera ere ezker abertzaleko buruzagi eta kide askoren ahotan etengabe entzungo dugun balorazioa. Prozesu independentista ez bada ondo ateratzen, zalantzarik gabe; baina ondo ateratzen bada ere bidean aurkituko dituen oztopo guztiena eta, nola ez, hemen bide beretsutik ez abiatu izanarena.

Harrigarria iruditu zait azken asteetan hedabide eta sare sozialetan entzun eta irakurritakoa. Boteprontoan: EAJk Guardia Zibilaren eta Kataluniako herriaren artean aukeratu behar du (!); EAJk Madrilen aurrekontua onartu izana erabakigarria izan da Rajoyk Katalunian hain bortizki jokatzeko; Urkullu lehendakaria da Rajoyren aliatu nagusia; Alderdi Eguneko Andoni Ortuzarren eskaintza PPri arnasa ematea da... Batzokiren batean pintaketak ere agertu dira, eta Urtaranek ere bereak eta bi entzun behar zituen epaile batek Gasteizko Anna Gabriel Sabateren hitzaldia debekatu zuenean. Adibide batzuk dira.

Dinamika honetan, gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko azken hauteskundeetan batere arrakastarik gabe saiatutako neoibarretxismoa azaleratu da berriz, gogoratuko ez bagenu bezala ezker abertzaleak garai hartan Laudioko lehendakariarekiko izan zuen jarrera. Lehendakari batetik bestera, Jose Antonio Agirre ere berreskuratu digute, berri pozgarria zalantzarik gabe, baina are pozgarriago bihurtuko litzatekeena, Compaynsekin bizi izandakoaz haratago, zenbaitzuk bere bizitza osoa eta idatzi guztiak irakurriko balituzte. Aspaldiko dialektika: EAJ ona eta EAJ txarra; baseak versus buruzagiak... Modu bitxia aspalditxoan behintzat, hauteskundeak joan eta hauteskundeak etorri, alderdi horretako jarraitzaileek buruzagiak zigortzeko aukeratu dutena!

Onartu behar dut nik neuk ere samintasun puntu batekin bizi izan ditudala EAJko hainbat ordezkariren zenbait adierazpen Kataluniari buruz, besteak beste epelegiak iruditu zaizkidalako batzuetan. Jelkideen jarrera neurri batean aldatu ere egin da, joan den ostiralean orrialde hauetan Mikel P. Ansak erakutsi zigun bezala. Kontua ez da, beraz, kritika, hain beharrezkoa beti, kontua da kritika horiek puztuta, gehiegikeriaz josita egiten direnean, tonu apokaliptikoan sarri eta ezkuta ezinezko obsesio puntuarekin, indarra, sinesgarritasuna, balioa galtzen dutela.

Sakonean ezker abertzaleak EAJrekiko duen jarrera historikoa daukagu hemen berriz begi bistan. Politika fiskaletan proposatzen duen aldaketa orok Margaret Thatcher baino maltzurrago bihurtzen du jelkideen alderdia. Lepenistak direla ere gero eta sarriago entzuten dugu. Erraustegia eraikitzeagatik milaka ume minbizi arriskuan ere jartzen dituela ere bai. Madrilen aurrekontu bat onartzeagatik badirudi EAJk jarri duela hor Rajoy. Sarri esaten da oposizioan egoteak gehiago higatzen duela gobernuan egoteak baino, are gehiago gobernuko alderdia hauteskunde emaitza ziklo on batetik datorrenean eta oposiozokoa ez. Iritsiko dira garai txarragoak Sabin Etxera, eta hobeak ezker abertzalearentzat, baina hegemoniaren borrokan EAJrekiko jarrera aldatzen ez badu, ez diot bide erraza ikusten.

Ikusiko dugu zer gertatzen den Eusko Legebiltzarreko autogobernuari buruzko lantaldean; ikusiko dugu nola gauzatzen den ELA eta LABek EAJ gabe iragarritako alde bakarreko prozesua, ezker abertzaleak begi onez hartu duena; ikusiko dugu zenbateraino iristen diren hona Kataluniako oihartzunak, zenbat baldintzatzen gaituen hangoak. Independentista bai, baina ez naiz oso Maltzaga zalea. Baina bide hori hobesten dutenek ez dute berri onik, ezta itxaropenerako arrazoi handirik ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.