Inaki Galdos
ARKUPEAN

Gureak

2018ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Dagoeneko gure artean ez dagoen adiskide batek sarri galdetzen zidan gureak nortzuk ziren. Katalunia, Galizia, Argentina, Belgika edota beste hainbat atzerritan hauteskundeak zirenean gertatzen zen hori, eta erantzuna jaso ahalaz bat irrikaz jarraitzen zituen kanpaina, hauteskunde-gaua eta ondorengo negoziazioak, ia-ia kirolzalearen grina sutsuarekin. Ni jaio baino lehenago politikan zaildua, utzia zion gertutik jarraitzeari eta nonbait nire hitza nahikoa zuen hauteskunde haiek beste era batera bizitzeko. Ohorea zen niretzat, baina aitortu beharko dut gaur egun askoz ere zailagoa egingo litzaidakeela galdera haiei orduan bezain erraz erantzutea.

Katalunian gertatzen ari denak irakaspen mordoa ematen dizkigu egunero hangoa Euskal Herritik sutsuki (agian gehiegi) jarraitzen dugunoi. Ondo etorriko zaigu hura baretzen denean —noizbait baretzen bada— azterketa kritikoa patxadaz egin eta ondoriok ateratzea. Baina, gerokoak gero, oso deigarria da azkenaldian hango alderdi subiranistek hartu dituzten jarreren konkordantzia-eza hemengo euren alderdi lagunen jarrerekiko. Esango nuke asko izango direla Katalunian gureak zertan ari diren harriduraz galdezka ari diren euskal politikariak. Harriduraz haratago, haserrez eta etsipenez ere bai agian.

Oroiminak oroimin, susmoa daukat Unio alderdia desagertzea lasaigarria izan dela EAJrentzat. Alderdian bukaera arte jarraitu zuten apurrak PSCren zerrendetan, Democrates de Catalunyakoak ERCrekin eta beste jende pila bat Junts Per Catalunya koalizioaren baitan, ez zen erraza izango jelkideentzat adiskidetasun harreman hura gobernatzea. Aukera ederra PDeCat alderdiari lehentasuna emateko... baldin eta alderdi berriko zuzendaritzaren eta Puigdemonten arteko tirabirak hain agerikoak ez balira. Arazo berri bat, gure artean ere oihartzuna duena, jelkide asko Bruselan dagoen Presidentaren estrategia sutsuki babesten ari diren bitartean begi bistan dagoelako beste askok ez dutela batere garbi ikusten eta alderdiko beste hainbaten (Mas? Pascal?...) jarreratik gertuago daudelako. Santi Vilak ere badu jarraitzailerik jelkideen artean, orain maltzurki esaten ari direnak ERCk azken astean defendatutakoa ez dagoela oso urruti conseller ohiak urrian aldarrikatu zuenetik.

Arnaldo Otegiri urtarrilean ETBn galdetu zitzaionean EH Bildu ERCtik edo CUPetik gertuago zegoen, erantzun zuen biekin dauzkatela oso harreman onak, EA eta Aralar historikoki ERCren aliatuak izan zirela eta Sortuko jendeak CUPeko jendearekin ere oso harreman estuak zituela. Baina bat aukeratzekoan ERC zela euskal koalizioaren erreferentzia nagusia. Bada, ikusitakoak ikusita, ez dakit gaur egun gauza bera erantzungo lukeen. Puigdemont edota CUPekiko askoz ere gertutasun handiagoa sumatzen dut une honetan ezker abertzalearen baitan. Podemos-Ahal Duguko jende asko Albano Dante Fachinengandik En Comu Podem-eko jendeagandik baino gertuago sumatzen dudan bezala, portzierto.

Kataluniakoa azaldu den legez beste adibide batzuk ere ekar daitezke hona. Ez daukate lan erraza euskal alderdietako kanpo harremanetarako arduradunek gureak zeintzuk diren bereizten, bitxikeriak ere gertatzen baitira, azkeneko Argentinako hauteskundeetan, kasu. Ez dakit Baumanek zioen politika likido aldakor eta ezegonkorraren ondorio den, baina gaur egun nazioarteko aliantza bateko kide izateak ere ez du bermatzen printzipioz senideak diren alderdien arteko konkordantziarik.

Iruditzen zait Kataluniakoa Euskal Herrira etorriko balitz izugarria izango litzatekeela hemengo aldaketa: lerrokatze berriak eta sorpresa asko. Bitartean, bitxia izango litzateke hemengo eztabaidetan ezker abertzaleko ordezkariak jelkideei aurpegiratzen ikustea ez dutelako Puigdemonten ausardia erakusten eta jelkideek erantzutea ea zergatik ezker abertzaleak ez duen ERCk bezain zuhur jokatzen. Bitxia izango litzateke... edo bitxia izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.