John Bieter. Historialaria

«Ulertu baino gehiago bizi egin behar den dinamika bat da diaspora»

Euskal Herrian egon berri da John Bieter historialari eta Boiseko Unibertsitateko irakaslea. Urteak daramatza Idahoko diaspora eta arbasoen lurraldea ikertzen eta biak nahasturik sortutako euskal-amerikar nortasunaz hausnartzen.

IDOIA ZABALETA / FOKU.
urtzirrutikoetxea
2021eko irailaren 12a
00:00
Entzun
John Bieter (Boise, AEB, 1962) historialaria etxean bezala dago Euskal Herrian. Ume zela Oñatira etorri zenetik, behin eta berriz bisitatu du arbasoen lurraldea. Baina badaki etxea Boisen duela. Idahoko euskal komunitatearen ardatz nagusia dira bietertarrak, gurasoen sasoitik. Boiseko Unibertsitatetik euskal komunitateari buruzko lan garrantzitsuak egin ditu, Mark anaiarekin batera idatzitako An Enduring Legacy: The Story Of Basques In Idaho, esaterako (irauten duen ondarea: euskaldunen historia Idahon).

AEBetako ume bat Euskal Herrira dator bizitzera 12 urterekin, frankismoaren amaieran. Zelan gogoratzen duzu iritsiera?

Hura beste mundu bat zen, ilunagoa, baina berebiziko esperientzia izan zen. Familian bost ume gara. Pazifikoa ikusi gabea nintzen, eta hara, lehen aldiz hegazkin batera igo, eta Atlantikoa ikusi. Boisetik Denverrera, Chicagora, New Yorkera, Parisera, Bilbora, eta horrela Oñatiraino. Eta han, zurrumurrua zegoen programa guztia ez ote zen CIAren ezkutuko zerbait. Astebete lehenago lehergailu txiki bat izan zen gu egongo ginen egoitzaren ondoan, txikia, baina bonba bat, azken batean. Orduko hartan, ez nintzen ohartzen askorik. Baina pentsa, bestalde, herrikoei zein irudi emango genien: Bilbotik ekarri gintuen autobusak aurrean eta atzean Guardia Zibilaren eskolta zeraman herrira sartu zenean.

Gurasoei nola otu zitzaien hura?

[Barrez] Erdi zoratuta egon behar duzu horrelakorik egiteko, eta halakoa zen aita [Pat Bieter, 1930-1999]. Ez zeukan euskal arbasorik, baina amarekin [Eloisa Garmendia, 1925-1999] elkartu eta euskaltasunarekin maitemindu zen. Maite zuen kultura, eta hemen aurkitu zuen etxea. Une egokia zen, 60-70eko hamarkadako fenomeno sozialen artean zegoen sorterriarekin konektatzea, eta aukera ikusi zuten. Programa horrekin, Nevadako Unibertsitatearekin bat egin, eta hainbat lagun etorri ziren uda-pasa, Uztaritzera, Arantzazura... Programak bost urte iraun zuen.

Mugarri izan zen zure bizitzan?

Oñati domino baten lehen pieza izan zen; doktoretza egin nuen Historian, euskal immigrazioa ikertuz. Gure aitona-amonen esperientzia ulertu nahi nuen, AEBetako esperimentu zabalagoaren barruan. Ideia ero hori, munduko biztanleria hartu eta herrialde bat sortzea horrekin.

Belaunaldika bereizi zenuen euskal diaspora. Euskal Herritik joandakoak lehena, gurasoengandik urrunduz amerikartu zirenak hurrena. Hirugarrenak euskaltasuna berreskuratzen du, baina jada ez da arbasoen euskaltasuna, ezta Euskal Herrian dagoena ere.

Bai, argia pizten zaizun une hori belaunaldika ulertzea izan zen. Ez da teoria perfektua, baina badu zentzua niretzat, eta migrazioaren inguruabar zabalak ulertzen lagundu dit.

Hor dago aukerari buruz esaten duzuna. Gazte batek nortasun ugari izan ditzake, eta horren barruan euskaltasuna hautatzen du.

Horixe bera da. Horregatik, hitz zehatzen bila ari ginela, choice eta opportunity hitzen konbinazioa zela ikusi nuen: norberaren erabakia eta horretarako aukera izatea. Noski, zerbaiterako aukera izan behar duzu, baina gero erabakia, hautua dator.

Aukera hori izan liteke Boiseko eta AEBetako euskal komunitateen arrakastaren giltza?

Galdera interesgarri eta zaila da. Oinarrizko zerbait dago, tentsio bat, marjinalizazioaren eta diferentziazioaren artean. Batetik, geroz eta globalagoak gara, musikan, zineman, janarian. Baina horrek ere galdera dakarkizu: zerk egiten nau ni? Zertan naiz desberdin? Non ditut sustraiak? Nola konektatu sakonagoa den zerbaitekin? Uste dut badagoela horretarako egarri bat. Hor dinamika bat hasten da, batzuei argia pizten zaie, eta konexio horretarako aukera sortzen da. Aukera horren barruan, ehun ume inguru dituzu euskal dantzetan —adibide bat da—, eta 20-25 ume ikastolan. Zergatik alde hori? Nahi duguna esan dezakegu, baina denok goza ditzakegun esperientzia unibertsalak dira musika, dantza, janaria.

Antzeko zerbait irakurri nuen euskal-amerikar gazte baten blogean: euskara ez zitzaiola ezinbesteko. Bazekiela Euskal Herrian baietz, baina Ameriketan hori gabe bizi zezakeela euskaltasuna. Hasieran, deserosoa ere egin zitzaidan; hemen, gero, jabetu nintzen euskaltasuna bizitzeko beste era bat dela, eta ez dagoela esaterik hori ez dela euskaltasuna.

Horixe bera da, hain desberdina hemendik. Nolabait, euskal nortasun horretan aukeren menua daukazu, eta askorentzat, gehienentzat, hizkuntza ez dago menu horretan, beste adierazpide batzuk dira haientzat garrantzitsu euskaltasunean. Gero, egia da pixka bat sakontzen duzunean hizkuntza hor dagoela beti; horra iritsiko zara gaia benetan serio hartzen baduzu. Orain, gehienentzat, ez da horrela izaten.

Zuek, baina, eutsi ez eze, aita euskaldundu.

% 100 konbertsoa zen aita: klik egin zion erabat. Amaren lehen hizkuntza euskara zen; ingelesez jakin gabe hasi zen eskolan. Aita, berriz, 40 urterekin euskara ikasten hasi, lagunak egin, kuadrilla, txikiteoa, maite zituen hizkuntza, komunitatea, kultura... Etxea aurkitu zuen Oñatin eta Euskal Herrian, oro har.

A ze shocka 1974an.

Bai. Ordurako, hainbat espainiera lagungarriagoa zelakoan hazi ziren, eta halako batean hor dago amerikarra, hizkuntza berreskuratu nahian.

Boisen ere, batzuk gurasoenetik urrundu eta beste batzuek aitona-amonen bideari heldu, euskarari ere bultzada emateko.

Immigrazioa, motelduta ere, ez zen eten 60- 70eko hamarkadetara arte. Horrekin batera, hor zeuden dantza eskolak; eta euskara eskolen saiakera batzuk ere bai. Gure amak bazekien euskaraz berbetan —ez idazten edo irakurtzen—, baita dantzan ere; hor zegoen eusteko grina. Orain laugarren eta bosgarren belaunaldiak ditugu.

Orain, itsasoaren alde honetan ere giro berri bat nabari duzu?

Benetan harritu nau dena zeinen desberdina den. Politika beti dago hor, baina orain arnasa hartzeko aire gehiago dago, solasaldiak zabalagoak dira, xaloagoak; harremanen dinamikak ere aldatzen ari dira; umeak oso mundu desberdinean ari dira hazten.

Boise ez da beste diaspora batzuk bezala murgildu euskal politikan, baina bospasei une garrantzitsutan hortxe egon da, Burgosko Prozesuaz geroztik.

Migrazioaren testuingurua ulertu behar da. Joan zirenak ez ziren ikasiak; euskaraz egiten zuten, bazekiten zer ziren, baina askorentzat han etorri zen euskaltasuna, besteekin alderatuta. Ez zuten kontzientzia nazionalik, ez ziren Espainiako gerratik ihesi etorri; haien ostean joandakoek beste testuinguru bat izan zuten. Pete Cenarrusa errepublikanoa zen, bazekien zer ari zen hemen egosten, Burgosko Prozesuan esaterako. Baina hortxe sortu zuen Anaia Danok; errefuxiatuentzat-eta dirua bilduz, gai politikoetan sartu zen lehen aldiz. Gero, nire anaiari, hamasei urtez Boiseko alkate izanari, oso eragin sakona utzi zion Oñatin bizitakoak. Haiek errepublikanoak,gu demokratak, baina une garrantzitsuetan, Idahoko Ganberan egindako harreman luzea baliatu zuten Euskal Herriaren alde.

Aspaldi honetako AEBetako polarizazioak eragin dio euskal komunitateari?

Bai eta ez. Gehienetan, euskal zentroa apolitikoa izan da; AEBetako hauteskundeak ez dira gure lehentasuna. Baina bai, testuinguruak gainez egin du. Ez dagokio zehazki Boiseri edo euskal komunitateari, AEBei baizik.

Bostonen ikasi zenuen, ekialde demokratan.

Boise eta Boston ezin dira desberdinago izan, gaua eta eguna dira. Baina biak maite ditut. Etxera itzultzea erabaki nuen; Boise eta Idaho maite ditut. Egia da ez dela beti erraza demokrata izatea, gu ez gara bereziki ezkertiarrak ere, baina egun jarrerak hain daude eskuinean... Lagun kontserbadore asko ditut, edonola ere. Nire lagun onenetakoa errepublikanoa da, sarritan batzen gara, bazkaritarako; politikaz hitz egiten dugu. Orain hori behar dugu: hitz egin.

Joe Bidenek ere azpimarratu du inoiz irlandar jatorria. Ezin konparatu bi diasporen neurria, noski, baina hurbil sentitzen duzue?

Badugu antzekotasunik...

Katolikoa izatea.

Hori da, oso ondo ulertzen dugu haren iragana eta formakuntza, gugandik hain hurbil. Batzuetan, txiki samarra izatea abantaila da: antolatzeko malguagoa da, eta erantzuteko gaitasun handiagoa duzu. Boise errefuxiatuen kokagunea da, eta badugu lotura beste talde batzuekin. Galdetzen digute nola egin dugun. Bosniar komunitatea etorri izan zaigu; euskal museoa erabili dute bilera leku gisa. Nolabait eredu izan da gure lana beste talde batzuentzat ere.

Irudi zoro bat: azken Jaialdia (2015) baino aste pare bat lehenago, Athleticek jokatu Boisen, eta hiri guztia, euskal jatorririk gabeak gehienak, ospakizunean, jan-edanean, ikurrinak margotzen aurpegian...

Inoiz egin dugun gauzarik zoroenetakoa izan da, nire aitaren ideien parean. Zoragarria izan zen denontzat. Uste dut Athleticekoak ere ezin sinetsita zeudela. Erabat gauza desberdina zen; ez zen euskal pilota, baina bai euskal talde bat, eta nazioarteko erreferentzia. Horren guztiaren konbinazioak arrakasta itzela izan zuen. Komunitatearentzat ere garrantzitsua izan zen, zelaia bera atontzea —berez ez zen futbol zelaia—, eta musika, sinboloak, hizkuntza, dena hartzen zituen. Era berean, hain amerikarra den hori, tailgate deitzen duguna: pick up-a hartu, zelai ingurura joan, eta han egin ospakizuna; janaria, edana, partekatu, oso tipikoa da. Argia [Beristain, partidaren antolatzailea] eta biok handik genbiltzan oinez, eta sinestezina zen, zoragarria.

1999an hil zitzaizkizuen gurasoak, auto istripuz. Zer usteko zuten hau guztia ikusita?

Ez lukete sinetsiko. 74-75eko Oñatiko bidaiaren ostean gertatu den guztia, bi aldeetan, ez sinestekoa da. Orduan, ez zegoen Euskal Herriko unibertsitaterik; orain, erabat ingelesez garatu den ikastaro batean parte hartu dut. Programa hartatik zenbat kimu txiki loratu diren, zer-nolako harremanei eutsi diegun, lagunei, familia... itzel maiteko zuten. Aita zeruan bada, hau ere zeru horren zati izango da.

Zer eskatzen du Boiseko diasporak? Eta zer eskatzen zaio Euskal Herritik?

Batzuetan zaila da truke horren balioa zehaztea. Euskal amerikarrentzat oraindik kulturaren eta nortasunaren inguruan ardazten da, elementu soziala da garrantzitsuena, ez ekonomikoa edo politikoa. Gero, badira onura ekonomikoak ere, noski. Hemen, desberdina da, baina ez da soilik ekonomia; Euskal Herria mundu osoan ari da negozioak egiten, diasporatik kanpo gehiena. Hemen, batzuetan, politikak gainez egiten du, baina hor ere nahiko ondo nabigatzen ikasi dugula uste dut. Beste dinamika garrantzitsu bat antolakuntza da. Euskaldunok antolatzeko, elkartzeko, erakunde mota boluntarioa da guztiz gurean. Euskal Herrian profesionalak daude.

Belaunaldietan urrundutako nortasunak hurbiltzen ari dira?

Euskal Herriko jendearekin hitz egiten dudanean, geroz eta gehiago ulertzen dute euskal adierazpidearen aniztasuna munduan, lehen inoiz pentsatuko edo ulertuko ez zuten eran. Kanpora irten dira, eta zarena ulertzeko batzuetan beste zabaltasun bat behar dela aurkitu dute. Bisitan datozkigun batzuek esaten digute iruditzen zaiela 50eko hamarkadan daudela, eta bai, badago horretatik zerbait. Beste batzuentzat XXI. mendea da; dimentsio berriak, aire berriak, adierazpen berriak datoz. Sarritan, ulertu baino gehiago bizi egin behar den dinamika bat da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.