Albistea entzun

Urtebete 'Dunbala'-ka

'Badok' atariaren euskal musikari buruzko podcastak 24 atal sareratu ditu hamabi hilabetean
Jagoba Salvador eta Eneritz Furyak, <em>Dunbala</em> musika podcastaren esatariak.
Jagoba Salvador eta Eneritz Furyak, Dunbala musika podcastaren esatariak. JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Urtzi Urkizu -

2021eko martxoak 14

Egunotan urtea bete da Dunbala podcastaren lehen atala sareratu zenetik, eta, orduz geroztik, halako 24 egin dituzte Eneritz Furyakek eta Jagoba Salvadorrek. Euskal musika ikuspegi askotatik lantzen dute podcastean. Badok atariak ekoizten du egitasmoa, eta bi ostiralean behin egiten dute saioa —Badok-en eta BERRIAren webguneetan entzun daiteke—.

Salvadorrek kazetaritza ikasi zuen, eta «beti» egon da musikari lotua. «Euskal musikarekin lotutako zerbait egin nahi nuen, eta Badok plataformara jotzea egokitzat jo nuen. Badok-eko koordinatzaile Jon Eskisabelek komentatu zidan halako zerbait egiteko asmoa zutela. Proposamena egin nien, eta aurrera».

Ez zuten lanerako tokirik, eta lehen grabaketak Donostiako Ttan Ttakun irrati librean egin zituzten. Baina pandemia iritsi zen, eta, horrekin batera, konfinamendua. Orduan, esatari bakoitza bere etxetik hasi zen podcastean lanean. «Etxean aritzeak funtzionatu zuen, eta horrela jarraitzea erabaki dugu», azaldu du Salvadorrek.

Hamabi hilabete joan dira ordutik, eta esatariek balantze «ona» egin dute. «Jende interesgarri asko elkarrizketatzeko aukera izan dugu. Musikaren munduko jendeak ere eskertzen du horrelako saioak eta tarteak egotea», gaineratu du Salvadorrek.

Nahiz eta aurretik dokumentazio lanean aritzen diren, Salvadorrek esan du atal bakoitzaren gidoia ez dela guztiz zurruna izaten: «Datuak ondo ematen saiatzen gara, baina lagunarteko solasaldi bat egiten ere saiatzen gara».

Urtebete honetan atal bat nabarmentzekotan, Salvadorrek hau du kutunena: Ruper Ordorikaren Hautsi da anphora diskoari eskainitakoa, argitaratu eta 40 urtera. «Buruhauste asko eman zizkigun, baina oso gustura gelditu ginen. Gonbidatu oso bereziak izan genituen».

Iraganera jo zuten orduko hartan, baina gaur egungo euskal eszena agerraraztea dute xede Furyakek —Emadan diskoa eman du argitara berriki— eta Salvadorrek. «Ez gara konturatzen nolako eszena daukagun. Beti egon da eszena oparoa Euskal Herrian, baina talde batzuk itzalean geratu izan dira arrazoi batengatik edo besteagatik. Orain irekiagoak gara, agian, eta gehiago esploratzen dugu han eta hemen, genero desberdinetan».

Bi esatariak pozik dabiltza Dunbala lantzen, eta zabaldutako bideari «gogotsu» jarraituko diote. «Hau pasioagatik egiten dugu, musika eta irratia gustatzen zaigulako. Aukera dugun bitartean, hor jarraituko dugu».

Ostiralean sareratu zuten 24. atala: Maite Arroitajauregi elkarrizketatu dute, musika onenaren Goya saria jaso berritan. Mursegoren proiektu berriez ere mintzatu dira.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©ANDONI CANELLADA / @FOKU

«Ahituta amaitzen dugu, baina zoriontsu»

Enekoitz Telleria Sarriegi

Klasikoetan klasikoena da Arnoldo izozkitegia Donostian. 1935ean hasi ziren, eta laugarren belaunaldiko kidea da Alustiza: «Hauxe da txikitatik edoski duguna; gure odola da, eta ezin genuen hiltzen utzi».
Mariana Etxegarairen hilobia, Hazparnen (Lapurdi). ©HAZPARNEKO HERRIKO ETXEA

«Kantuan hastean hein bat lotsatua nintzen, baina ahantzia nuen berehala»

Miel A. Elustondo

Julien Vinsoni zor bide zaio bertsolaritzari buruzko aipurik zaharrenetakoa, 1869ko irailean Saran egindako Lore Jokoetakoa. Hantxe dira ageri Jatsuko Piarres Ibarrart 'Bettiri', Azkaineko Mari Luixa Erdozio eta Joanes Etxeto 'Senpereko errienta' koplariak. Usteak ustel, Erdozio ez da salbuespen. Garaian, beste bi emakumezko ere nabarmendu ziren kantuan, Mariana Etxegarai 'Aña Debrua' eta Marie Hargain, bertsolari txapeldunak.
Uribarri Ganboako Garaioko hondartza. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Barnealdeko hondartzak

Eider Etxeberria Soria

Uribarri Ganboako urtegia urte osoan bisitatzeko leku aproposa da, uda sasoian batez ere. Garaioko eta Landako hondartzak daude han, eta bainua hartzea baimendurik dago

Julia Murat, atzo, Urrezko Lehoinabarra eskuetan duela. ©URS FLUEELER / EFE

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...