Koronabirusa. Kontrol neurriak

Zelatan aritzea eskatzen duten jarraibideak

Osasun agintariek zehaztuta dauzkate birusaren hedatzea eragozteko irizpideak; gaixoak, eta ingurukoak, kontrolatuta edukitzea da helburua

arantxa iraola
2020ko otsailaren 29a
00:00
Entzun
Osasun agintariek lasaitasun mezua eman dute, ororen gainetik, koronabirusaren inguruan zabaldu diren mezuen harira. Birusa ez hedatze aldera, ordea, badira hartu beharreko hainbat neurri epidemiologiaren arloan, eta badira argitu beharreko hainbat gai. Hona hautaketa bat:

ZER TOKITAN DA ARRISKUA?

Txinan izan zuen sorburua izurriak, eta hasieran herrialde hartatik etorritakoei begirakoak ziren gaitzaren kontrolerako emandako irizpideak. Mapan margotuta dauden herrialdeak ugaritzen ari dira, ordea, eta gehitze horien berri unean-unean ematen ari dira osasun agintariak. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Txertaketa eta Transmititu daitezkeen Eritasunen zerbitzuko burua da Aurelio Barrikarte, eta adi begiratzen dio, egunero, mapari: «Aldatzen ari da». Egunak daramatzate gorriz tindatuta, adibidez, lurralde osoan transmisio kasuak dituzten herrialdeek: Txina, Japonia, Hego Korea... Horiz dago Italia, oraingoz soilik herrialdeko zenbait tokitan ematen delako han transmisioa.

ZER EGIN BIDAIEN OSTEAN?

Oro har, osasun agintariak ematen ari diren erantzuna da inor toki horietakoren batetik etorri bada ere, «bizimodu normala» egin dezakeela: lasai. Halaxe berretsi du Barrikartek ere: «Joan daitezke lanera, edo familia bizitza arrunta egin dezakete». Inolako sintomarik ez duten bitartean. Sintomaren bat agertzen bada —eztula, sukarra eta arnasa hartzeko zailtasunak ditu ezaugarri nagusi koronabirusak—, medikutara joan behar dute lehenbailehen. Gertuan kasu bat izan duten pertsonei, berriz, aparteko jarraipena egin behar zaie. Ikuspegi epidemiologiko batetik, «kontaktuak» bihurtzen dira pertsona horiek: kontrolatu beharrekoak.

ZEIN DIRA KONTAKTUAK?

Eri bat gertu-gertuan izan duten pertsonak dira kontaktuak. Espainiako Osasun Ministerioak birusari aurre egiteko emandako jarraibideen arabera, «gertuko kontaktuak» dira beharrezko babes neurririk gabe gaixoak jagoten egon diren zaintzaileak, eri baten ondoan bi metro baino gutxiagoko distantzian egon diren pertsonak, eta, esaterako, hegazkin batean eri baten ondoan eserita egondako bidaiariak. «Kontaktu kasualak» dira, berriz, gaixoarekin toki itxi batean egon direnak, baina ez haren ondo-ondoan. Ondorioz, kasu berri bat atzematen den bakoitzean, tentuz aztertzen dira haren ingurukoak; etxekoak, lagunak, eta, ezagutu gabe ere, gertuan ibilitako pertsonak. «Ahal den neurrian», onartu du Barrikartek. «Esaterako, birusa duen pertsona aurreko egunetan hegazkin batean ibili bada, hegazkin konpainiarekin harremanetan jarri, eta haren ondoan eserita egon ziren pertsonekin harremanetan jartzera egin behar da: era horretan, pertsona horiek ere kontaktu bihurtuko dira». Kontaktuen sarea zabaltzen joaten da era horretan, eta zelatari lana egin behar dute horien inguruan osasun agintariek, kontrol epidemiologiko zorrotza, birusa heda ez dadin. Espainiako Osasun Ministerioak jarri dituen irizpideen arabera, «gertuko kontaktuei» egin behar zaie«kontrol aktiboa»; «kasualei», berriz, «pasiboa».

ZER EGITEN ZAIE?

Birusari buruz orain arte eskura dauden datuen arabera, eriak soilik hasten dira birusa zabaltzen sintomekin hasten direnean. Horregatik «kontaktuei» uzten zaie, sintomarik ezean, bizimodu arrunta izaten, baina «jarraipen» batekin. Barrikartek azaldu du, esaterako, «jarraipen» hori nola egingo duten Nafarroan: «Osasun sistematik egunero deituko zaie, sintomarik baduten jakiteko, tenperatura hartu duten galdetzeko». Horretarako, eskatuko zaie haiekin harremanetan jartzeko eran egoteko. «Gertuko kontaktuei» aholku emango zaie, gainera, «jarduera sozialak», ahal den heinean, mugatzeko. Batez ere, jendetza handiak-eta dauden giroak saihestera egin behar dela esan du Barrikartek; badaezpadako neurria da, sintomarik agertzen ez bada ere aintzat hartzekoa. «Izan ere, inoiz ez dakizu zein unetan has daitezkeen sintomak; usu bat-batean agertzen dira». Kasuan-kasuan, aldaketak egin daitezke kontaktuei egin beharreko jarraipenean. Azterketa «indibidualizatuak» egin beharko direla zehaztu du, adibidez, Espainiako Osasun Ministerioak, eta estatuko autonomia erkidego bakoitzari dagokiola, irizpide horien barruan, neurririk egokienak aukeratzea.

NOIZ JO LARRIALDIETARA?

Kontaktuen —eta arrisku tokietan egon diren pertsonen— ardura da, batez ere, adi-adi egotea sintomen aurrean, eta, deus sentitzen badute, abisu ematea.«Sukar pixka bat izatea ja aski da horretarako», ohartarazi du Barrikartek; izan ere, sintoma oso arinak izaten ditu jende askok koronabirusarekin. Etxean bakartzera egin beharko dute pertsona horiek, eta abisu emango dute osasun sisteman. «Koronabirusa duten jakiteko azterketa egingo zaie orduan», azaldu du Barrikartek. Itxaronaldi bat hasten da hor: ongi bete beharrekoa. Izan ere, birusa badute, transmititu egin dezakete fase horretan. «Bost ordu behar izaten dira azterketaren emaitzak izateko», azaldu du Barrikartek. Negatiboa bada, lehengo bizitza arruntera itzuli daitezke pertsona horiek. «Positibo ematen badute, berriz, erietxera eramango dira zuzenean».

OSPITALEAN ZER?

Gaitza sendatzeko botikarik ez dago oraindik. «Sintomak tratatzera egin behar da». Eta pertsona horiek kontrolatuta izatera, birusa heda ez dezaten. Osatuta noiz dauden, lehengora noiz itzul daitezkeen , osasun agintariek erabakiko dute. Ez edonola: «Birusaren bi testetan negatibo eman beharko du aurrena».

ZER NEURRI OROKOR DAUDE?

Osasun agintariak beste hainbat neurri ematen ari dira populazio orokorrarentzat. Oinarrizkoak: esaterako, eztula eta doministiku egitean ahoa ondo tapatzea, eta eskuak sarri-sarri garbitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.