Harrerak bere jarduera indartuko du gradu aldaketei erantzuteko

Preso eta iheslari ohiei «arta integrala» eman nahi die. Gradu aldaketek «egoera berria» ekarri dutelako, «sendotu» egingo dute haien alde egiten duten jarduera

Juan Carlos Ioldi hizketan, Harreraren batzarrean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
xabier martin
2023ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Euskal presoak eta iheslariak etxeratzean edo bueltatzean «eskubide guztien jabe direnen pertsonei gisa» orotarako laguntza bermatzeko lanean da 2012. urtetik Harrera elkartea. Aurrerantzean ere jarduera horretan jardungo du, baina ahalegina «indartuz», gradu aldaketen aroak ekarri duen «egoera berriari» erantzuteko. «Presoen kolektiboan egindako eztabaidaren ondorioz, beste errealitate baten aurrean gaude», esan zuen Harrerako lehendakariorde Juan Carlos Ioldik, atzo Bergaran (Gipuzkoa) egindako 2023ko Batzarrean. Sebas Barinagarrementaria orain arteko lehendakariari erreleboa hartu zion han Eba Ferreirak.

Ikusi gehiago:Futbolari ohi bat lemazain, «erronkei aurre egiten ohituta»

Ioldik esplikatu zuen azkenaldiko graduen progresioa eta horien aniztasunak egoera ahulean uzten dituela espetxetik atera berri direnak egungo gizartean txertatzeko: «Kaleratzen dituzte, baina inongo diru laguntza edo bestelako laguntzarik jasotzen ez dutela». Horiek horrela, Harrerak hirugarren graduan dauden presoei buruzko hausnarketa bati ekin zion iazko udazkenean; elkarteak aurreikusi zuen «kalean espetxean baino denbora gehiago pasatuko zutela eta euren beharrak asebete» beharko zitzaizkiela. Testuinguru horretan erabaki bat hartu zuen elkarteak: «Gure zerbitzuak eskaintzeaz gain, laguntzak jasotzeko tramiteak egiten hastea, aukera dagoen kasuetan, eta diru laguntzak bideratzea horren beharra azaltzen diguten lagunei».

Eskarmentua profitatu

Harrera elkartetik harago egindako hausnarketa zabal baten emaitza da elkarteak hirugarren graduen egoera berriari aurre egiteko asmoz hartu duen rola. Azterketa komunitario baten barruan «baliabiderik egokienak» identifikatu zituzten, eta horren ondorio da Harrerak bere jarduera atal horretan indartzeko hartutako erabakia; finean, «hamaika urteko eskarmentua profitatu» nahi dute gradu aldaketen egoera berriari erantzuteko. Bultzada horrek «aldagai ezberdinak» izango dituela ere helarazi zuen Ioldik, xehetasun gehiagotan sartu gabe.

«Elkarte xumea da gurea, baina orain arte eraginkorra», erantsi zuen. «Guztion konpromisoa» eskatu zuen fase berrirako: «Bazkideen kate bat sor dezagun, gure inguru zabalean gure lagunei bizimodu duin bat bermatu ahal izateko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.