Itunen bide malkarra

Negoziazio kolektiboa abian jartzeko pauso asko beharko dira oraindik. Beste oztopo bat gehitu da: patronalen ordezkaritzari buruzko gatazka

Irune Lasa.
2016ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Enpresa mailako itunik ezean, Espainian sinatutako itunen aldean lehentasuna izango lukete Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hitzartutako lurralde itunek, eta horrela indargabe geldituko litzateke PPk onartutako azken lan erreformaren ondorioetako bat: euskal beharginen lan baldintzak okertzen dituen estatalizazioa. Egiturazko sektore arteko itun bat, beraz, aurrerapauso handia litzateke ezbairik gabe. Are gehiago, eragile guztiek batera zerbait adostea ere ez litzateke aurrerapauso makala, ikusita azken urteetan zenbateraino gaiztotu den haietako zenbaiten arteko harremana.

Pausoak pauso, agerikoa da oraindik oztopo asko daudela bidean sektoreko hitzarmenak posible liratekeen abagune baterako. Negoziazio kolektiboa ia erabat blokeatuta dagoela, Lan Harremanen Kontseiluaren datuen arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langileen herenek soilik zuten eguneratutako lan hitzarmena joan den irailean. Beharginen %45 indarraldi luzatuko hitzarmenak zituzten, eta %20k hitzarmena iraungita zeukaten. Orotara, 359.435 langile, beraz, sektore hitzarmen berririk gabe, eta horietatik gero eta gehiago Espainiako itunen baldintza okerragoen menpe. Ziur aski bihar berrituko ditu datuak LKH-k, baina blokeoak jarraitzen duela onartu diote erakunde horretako iturriek BERRIAri.

Confebasken eta ELA eta LABek osatutako gehiengo sindikalaren arteko desadostasun nabarmenak izan dira orain arte itunak hitzartzeko arazo nagusia. Gero, sindikatuen artean ere izan da ika-mikarik, CCOOk eta UGTk, ordezkaritzaren gutxiengoarekin, eragin mugatuko akordioak sinatu dituztela eta. Baina azken hilabeteotan beste oztopo bat ere agertu da lan harremanetan: patronalaren ordezkaritzaren inguruko gatazka.

Enpresa txiki eta ertainen interesak babestu eta haien ordezkari izateko helburuz jaio zen Garen patronala duela urtebete, ordura arteko enpresaburu elkarteek xede hori ez zutela behar bezala betetzen iritzita. Baina ez Confebaskek, ez hura osatzen duten Adegik, Cebekek eta SEAk ere ez diote Garen-i ia inolako ordezkaritzarik aitortzen. Horrek negoziazio mahaiak osatu ahal izatea eragotzi du. Horrela gertatu zen maiatzean arte grafikoetako Gipuzkoako itunarekin, Confebaskek ez zuelako nahi izan Garen mahaian esertzea. Gerora onartu zuen, eta negoziazioak abian daude, baina oraindik hitzarmen berririk gabe jarraitzen dute langileek. Hain zuzen, ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk atzo greba egunera deitua zuten Gipuzkoako arte grafikoen sektorean.

Joan den asteazkenean, ordea, arazoa berriz azaleratu zen, Gipuzkoako zahar etxetako itun kolektiborako negoziazio mahaia osatu gabe gelditu zenean, enpresaburuen elkarteak ez zirelako ados jarri patronal bakoitzak izan behar zuen ordezkaritzari buruz.

Hurrengo egunean, ostegunez, gauza bera gertatu zen ostalaritzako Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako itunak babesteko akordio esparrurako negoziazioarekin: mahaia osatu gabe gelditu zen: sektoreko patronalei euren ordezkaritza legeak ezarritako irizpideen arabera egiaztatzeko exijitu zien Confebaskek, hots, LHK-k ematen duen egiaztapena aurkezteko eskatu zien. Baina beste eragileek —Garen-ek eta sindikatuetako batzuek— diote LHK-k ordezkaritzak neurtzeko duen datu basea zaharkitua dagoela, ez duela egungo errealitatea islatzen. Sindikatuek ez dute ulertzen LHK-k zergatik ez dituen, adibidez, Gizarte Segurantzaren egungo datuak erabiltzen.

Eta hortxe dago gatazkaren gakoa. Nola neurtu patronal bakoitzaren ordezkaritza zenbaterainokoa den? Zer hartu behar da aintzat, patronal hori osatzen duten enpresek dituzten langileen kopurua? Ala patronal horren bazkide diren enpresen kopurua? Zein dira datu iturri egokiak?

LHKn ere

Patronalaren ordezkaritza zein den argitzeko daukate oraindik LHKn bertan ere. Erakundeak bere kideak berritu behar ditu, eta hala egin du ordezkaritza sindikalarekin —ELAk parte hartu gabe jarraitzen du—. Baina patronalaren eserlekuekin ez da berdin gertatu.

Garen-ek irailean eskatu zuen LHK-ko kide izatea. Eta erakundeak erantzun zion patronalari dagozkion zazpi eserlekuak Confebaski eman zizkiotela, ordura arte beti hala egin izan zutelako; ez zegoelako beste patronalik, alegia, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ordezkaritza zuen sektore arteko patronalik. Orduan, Garen-ek kontua argitu arte eserleku banaketa indarrik gabe uzteko eskatu zion LHKri eta ordezkaritza egiaztatzeko irizpideak ezartzeko. Izan ere, lan harremanetarako erakundeak ez du halako irizpiderik ezarrita patronalentzat, arrazoi bakarrarengatik: orain arte ez duelako behar izan.

LHK-k, lehen pauso gisa, patronalei eskatu zien euren ordezkaritza egiaztatzeko, hots, betetzen zutela enpresen %15 eta langileen %15 izateko baldintza, Langileen Estatutuak ezartzen duena sektore arteko negoziazioetan eta erakundeetan enpresarien ordezkari gisa parte hartu ahal izateko. Baina Garen-ek uko egin dio informazio hori bidaltzeari, LHK-k ez diolako ziurtatzen «prozedura gardena» izango denik.

Confebaskek, LHKren arabera, bete du aurrez ezarritako baldintza hori, eta, bakarra izan denez, LHK-k ez du beste pausorik eman ordezkaritza erabakitzeko orduan patronalen pisua neurtuko lukeen sistema ezartzeko. LABek joan den ekainean —Garen-en eskaeraren aurretik— eskatu zuen LHKn halako sistema bat ezartzeko patronalarentzat, eta ELA eta CCOO ados agertu ziren. Confebaskek, ordea, ez zuen onartu gaia erakundearen osoko bilkurara eramatea.

Lan Harremanen Kontseiluak patronalaren zazpi eserlekuak Confebaskek betetzea proposatuko dio Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariari. Urkullurena da LHK-ko kide berriak izendatzeko eskumena.

Eta, patronalak ordezkaritzari buruz xextran dabiltzan bitartean, babestuko dituen akordio esparrurik gabe, zentro handietako jantoki zerbitzuetan aritzeko Bizkaian kontratatzen diren langile berriek orduko bost euro inguru kobratzen dute, hots, lan horregatik lehen kobratzen zenaren erdia. Joan den martxora arte, ostalaritzako lurralde itunak aplikatzen ziren taldeen alor horretan. Orain, azken lan erreformari esker, sukaldaritzako Espainiako ituna dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.