Alderdi Demokratak AEBetako Senatuaren kontrola izango du

ander perez zala
2021eko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
AEBetako presidente hautatu Joe Bidenek agintaldi hasiera lasaia izango du, onartarazi nahi dituen neurrien ikuspuntutik. Eta, hortaz, haren inguruan sortu diren itxaropenak eta aldaketa nahiak hondora ez daitezen. Alderdi Demokratak Senatuaren kontrola berreskuratu du, gutxienez 2022ra arte, Georgia estatuan jokoan zeuden bi eserlekuak irabazi baititu.

Lehen garaipena Raphael Warnockena izan da, eta harena esanguratsua da, estatu horrek izango duen lehen senatari afro-amerikarra bilakatu baita —Georgia Sezesio Gerran esklabotzaren alde borrokatu zen—: «Erakutsi dugu itxaropenarekin, lan gogorrarekin eta jendea geure alde edukita, dena lor daitekeela».

Hala, atzo arreta bigarren bozketan egon zen jarria, Jon Ossoff demokrataren eta David Perdue errepublikanoaren arteko lehia estua izan baitzen; halere, Ossoffek aldeko zuen botoen zenbaketa, pixkanaka aurkariarekiko aldea handitzen ari baitzen, orduek aurrera egin ahala. Azkenean, 20.000 botoko aldea atera zion aurkariari.

Bi aulki horiek irabazita, Alderdi Demokratak Senatuaren kontrola izango du; izan ere, 50na eserleku edukiko dituzte bi alderdiek, baina Kamala Harris presidenteorde hautatuak hautsiko ditu berdinketak, AEBetan herrialdeko presidenteordea goi ganberaren presidentea ere baita.

Hortaz, demokratek Kongresuko bi gelak eskura izango ditu: Ordezkarien Ganbera eta Senatua. Neurriak eta izendapenak onartzeko ezinbestekoa, zalantzarik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.