Donostiako 67. KRITIKA. Sail Ofiziala

Min ala bizi

Mikel Zumeta.
2019ko irailaren 25a
00:00
Entzun

'Vendrá la muertey tendrá tus ojos'



Zuzendaria: Jose Luis Torres Leiva. Herrialdea: Argentina-Txile. Iraupena: 95 minutu.

Izenburuak ederki azaltzen duen bezala, heriotza datorren aldiro norbaiten begiak dakartza, maitearenak, lagunarenak, norberarenak. Heriotza gutako bakoitzarekin aldatu egiten delako, eta hurbila dugun norbaitena denean begi horien bidez ikusi beharko dugulako maite duguna nola itzaltzen den.

Torres Leiva emakumezko bikote harreman batez arituko zaigu. Bietako bat minbiziak jota dago, eta, nekea dela eta, tratamendu antzuen ondoren berri bati ekiteari uko egiten dio. Biek elkarrekin egingo diote aurre bizitzaren azken pasarte horri.

Filmak aurrera egin ahala, bikotekideak ahizpari txikitan azaltzen zizkion istorioak gogora ekarriko ditu, eta filmean txertatuak izango dira: hainbat pertsonaiak bizitako istorio laburrak izango dira; batzuk harrigarriagoak, besteak zirraragarriagoak, guztiak ala guztiak intimistak, mundu onirikotik hurbil daudenak, errealitatearen eta fikzioaren muga zeharkatzen.

Bikotearen intimitatea sentikortasun ederrarekin irudikatuko du zuzendariak, maitasunetik eta hurbiltasunetik, eta pertsonaiek bizi duten gatazka ere agerian geratuko da; alde batetik hartutako erabakia dela eta, eta, bestetik, gaixotasunaren larritzearengatik.

Film ederra da, berezia, baina esan beharra dago pelikularen erritmoa motelegia suerta daitekeela zenbaitetan, eta oinarrizko traman txertatzen diren istorioek tarteka haria galtzera eraman gaitzaketela, nahiz eta horietako batzuk gehiago garatu ez izanaren pena ere izan dezakegun.

Oreka falta zaiola dirudi, zer kontatu nahi digun edo arreta zertan jarri nahi duen jakingo ez balu bezala. Hala ere, adierazten duen sentikortasun eta intimitatearen aldekoa naiz, David Aguilarrek egindako Mara Mara film laburra gogorarazteraino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.