Donostiako 67. Zinemaldia. KRITIKA. Sail Ofiziala

Ardoa eta tabakoa

Mikel Zumeta.
2019ko irailaren 26a
00:00
Entzun

'Thalasso'



Zuzendaria: Guillaume Nicloux. Herrialdea: Frantzia. Iraupena:93 minutu.

Guillaume Nicloux erasora dator berriz ere. Duela bost urte Michel Houellebecqen bahiketa filmatu ondoren, istorio horri jarraipena emango dio eskuartean dugun filmean. Talasoterapia zentro batean kokatuko gaitu, eta irrigarriak baino irrigarriagoak diren elkarrizketa surrealisten bilduma izango da filma.

Houellebecq Frantziako idazlerik eztabaidatsuenetariko bat dugu, berezia, latza, lotsagabea. Bainuetxe gutiziazkoan aterpe hartuko du, bere osasun eskasari atseden emateko. Bertan, Gerard Depardieu topatuko du, elkarrizketakide fina, eta biek ardoari eta tabakoari dieten debozioa aitortuko digute. Barre algarak sorraraziko dizkiguten egoera komikoak eskainiko dituzte; bainuetxeko langileen begiradetatik ihes eginez, etengabean ezkutuan erretzen, edaten, eta osasun zentroak egiten dizkien gomendioak hankaz gora jartzen ikusiko ditugu.

Zuzendariak trama surrealista eraikiko du, desagertutako andre bat dela medio; haren senarrak eta semeak Houellebecqi kontuak eskatuko dizkiote, desagertzeaz zerbait dakielakoan. Ez hanka ez buru ez duen zinta da, surrealismoz eta egoera zoroz betea. Denbora-pasa interesgarria da, baina ez besterik. Idazlearen jarraitzaileentzat diseinatutako artefaktua izanik, kultur erreferentzia ugari agertuko dira: Stallone, Jean Eustacheren La maman et la putain... Eta heriotzari eta berraragitzeari buruzko elkarrizketak, bulba transplanteei buruzkoak... ez da ezer faltako.

Houellebecq maite baduzu, ez galdu filma, idazlea bere osotasunean ageri baita. Adarjotze galanta, baina denbora-pasa entretenigarria izango da oso. Ez gehiegi estutu burua, goi kulturan dabiltzan pertsonaia horiek oso lurtarrak baitira, eta, une batzuetan auzo lotsa sor badezakete ere, guztiz maitagarriak izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.