Ximun Fuchs.
LAUHAZKA

Altxa eta joan!

2020ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Errana dut sarritan jada: artista eramaileon lanik handiena gure lanaren kontakizunean datza. Lanaren deskribapena, aurrekontuen irakurketa, proiektu artistikoen diseinuen defentsa... Sasoiz sasoi, Bordele, Paris, Toulouse, edo Gasteizko bidean gara, bulegoz bulego, bilkuraz bilkura. Eta noski, euskaraz sortzen dugunok lan bikoitza dugu: txosten guziak, testu guziak, hiru hizkuntzetan egin eta egokitu behar baitira. Aldi oro, bi galdera erantzun behar ditugu: «Nola egingo duzue irekitzeko besteei (hots, frantsesei)? Ez zarete itxiak izatearen beldur?». Kondeszendentzia handiz pausatuak diren galdera hauek, sutan jartzen nauten arren, irentsi egin behar ditut, helburua ez baita parekoa konbentzitzea. Haientzat indioak gara, apatxeak,apatxe eskaerekin,eta erreserbatik atera gara diru eske. Asko maite dituzte indioak, eta lagundu nahi dituzte irekiagoak izaten. Neure helburua proiektuei dagokien laguntza lortzea da, lan duin bat eraman ahal izateko, ekipoa bizi dadin bere lanaz, eta gure lurraldeak ukan dezan aurrekontuz ere merezi duen artea. Indioak nahi du molde duinean bizi. Indioa badoa zuri on eta irekiengana, usaiako umiliazioak jasatera.

Berrikitan, antzoki handi batean, sektoreko sare batek jardunaldi batzuk antolatu ditu. «Trans-pirineo» sare horietariko sare bat da, Europako diru laguntzak biltzeko erabilgarria. Funtsean, mugaz bi aldeko kultura eragile batzuk biltzen dira jadanik egiten dituzten gauzak hobekiago diruztatzeko diru iturri berri bat lortzeko, Europa eraikitzea aitzakiatzat hartuta. Baina terrenoan arazoak sortzen dira beti, burbuilak bailiran. Antzokiko arduradunak ohartzen dira lekuko indioak ez direla etortzen hain interesgarriak eta irekiak diren ikuskizunak ikustera. Zer egin ohi da holakoetan? Debate bat, adituekin. Nihaur, indio bat izanik, interesatzen naiz eta banoa debatea entzutera; nihaurek neure komertzioa egiteko ere, aitortu behar dut. Arte komertzioa horrela antolatzen baita, ferietan, elkarguneetan... Biltzen gara, sasoiko produktuak ikusten ditugu, saltzaile eta erosleak elkar seduzitzen dira, eta garaiko erronkak partekatzen ditugu. Debate horretara noa beraz, eta neure pozarentzat, Ramon Llull Institutua eta Etxepare Institutua gonbidatuak dira, Jon Maia dantzariarekin eta Beñat Axiari abeslariarekin batera. Bai, pozten naiz, zeren parte hartzaile horiekin pentsatu dut indioen ekarpenen azterketa serio bat egin ahal izango dela, eta elkar trukearen arauak beste molde batean antolatzeko aukera emango dela; pentsatuko dela Europa, eta ez kolonia. Oker nengoen. Teknikoki debekatua izan zaigulako bide horretatik joatea.

Bi institutuak gonbidatuak izan dira, bai, baina ezin izan dute beraien hizkuntzan hitz egin. Ez zegoen itzulpen posiblerik euskaratik edo katalanetik. Zuriz mintzatu behar izan dira: frantsesez edo espainolez. Indioak onartuak dira debate publikoetan, baina zurien hizkuntzan. Ados, iskanbilarik ez egitearren eta sektorearen hobe beharrez, parte hartzaileek onartu dute debatearen araua.

Baina umiliazioa ez da horretan gelditu. Nor deitu dute animatzaile gisa? Etnologo bat... Hots, ez dute ekarri ekonomian aditu bat, ez dute ekarri zientzialari edo soziologo bat. Ez. Etnologo bat, debatea animatu dezan, eta zuriek ongi ulertu dezaten zein diren indioen arazoak. Argitua izan zaigu berriz ere zein izan behar den indioen erronka: modernitatea eta tradizioa zeharkatzea, lokala eta unibertsala uztartzea. Hots, ukatua zaigu, berriz ere, mundua kontatzea, eta eraman nahi gaituzte gureak ez diren arazoei aurre egitera.

Berriki irakurri dut Virginie Despentes idazle eta zinemagile feministaren tribuna, Libération egunkari frantses ospetsuan. Cesar sarietan Polanskiren filma goraipatua izan da, eta sumindura sortu da bere iragan bortxatzaileagatik (Donostian Woody Allenenagatik ez bezala). Virginie Despentesek zera dio, besteak beste: «Izan dadin legebiltzarrean edo kulturan, zuek, boteretsuek, errespetu osoa eta jarraia fermuki eskatzen diguzue. Izan dadin bortxaketentzat, zuen polizia gehiegikerientzat, zuen Cesar sarientzat edo zuen pentsio erreformarentzat. Eta, horren guztiaren gainetik, biktimen isiltasuna nahi zenukete [...]. Gure errespetua ez duzue ukango. Bagoaz. Segi zuen arteko alukeriak egiten. Goraipatu zaitezte, umiliatu zaitezte batzuk zein besteak, erail, bortxatu, esplotatu, suntsitu eskutik pasatzen zaizuen guztia. Altxatzen gara eta bagoaz. Etorkizuneko irudi bat da, jakin dezazuen. Ezberdintasuna ez da gizon eta emakumeen artekoa, dominatu eta dominatzaileen artekoa baizik, kontakizuna konfiskatu eta inposatu nahi dutenen artekoa [...]. Zuen mundua okaztagarria da. Zuen, indartsuenaren maitasuna hondamendi bat da. Ergel kaltegarri banda bat zarete. Ezdeusak zarete eta menperatzeko sortu duzuen mundua itogarria da. Altxatzen gara eta bagoaz».

Baina ni ez naiz Virginie Despentes, indio bat naiz. Momentuz, indioak ez gara gonbidatuak izango Cesar sarietara. Hitz hauek guztiak pentsatu arren, segituko dut bide bat jorratzen, gure herrian ukan ditzagun merezi ditugun baliabideak. Gure komunitateak bere espazio propioa ukan dezan. Orduan, eta orduan soilik, altxatzen ahalko naiz, eta joan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.