Donostiako 69. Zinemaldia. Sail ofiziala. KRITIKA

Aldaketa prozesua

Mikel Zumeta.
2021eko irailaren 21a
00:00
Entzun
'Camila saldrá esta noche'

Zuzendaria: Ines Barrionuevo. Herrialdea: Argentina.Iraupena: 100 minutu.

Camilak 17 urte ditu, gaztea da. Amona hilzorian dauka eta ahizpa eta amarekin BuenosAiresera mugitu berri da. Eskola berria, hiri berria, guztia berria, heldutasunera egiten ari den bide horretan bizitzen ari den guztia bezala.

Ines Barrionuevok film zaindua eskaini digu, Argentinako egungo portreta, argazki goxoaz filmatua, patxadatsua. Bere denbora hartzen du protagonistaren eta inguruaren nondik norakoa azaltzeko. Alde batetik emakume izatearena Argentinan; hiru belaunaldiren lekukotza azalduko zaigu, amona, ama eta alabarena. Bestetik, institutua, institutu erlijiosoa, konbentzioak, botere harremanak, sekretuak. Emakume izatea ez da xamurra, gizartearen akuilua aldiro ondoan, zuzena eta okerra zer den inposatuz. Zuzendaria aldaketa prozesuaz edertasunez arituko zaigu, intimitatean, ohean modu ezin ederragoan irudikatutako eszenan, neoizko argiak izerdia azalean argitzen dutenean boliche-an, eta batzuetan zelatan mantenduko gaitu, enkoadraketa arkitektonikoak baliatuz, paretak eta ateak segurtasun distantzia gisa erabiliz.

Barrionuevok film ederra egin du, freskoa, garaikidea, bizia, askatu gabeko korapiloak askatzeko garaia dela aitortzen duena. Askatasunaren aldeko hautua da zuzendariarena. Argentinako zinema berria (NCA) gazteria irudikatzeko (Euphoria telesaila kasu) korronte estetikoekin lotuko da film honetan. Begiespena eta hausnarketa landuko ditu, gaztetasunaren bizkortasunaren adierazle bilakatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.