Oier Iruretagoiena.
LAUHAZKA

Boterea

2022ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Simone Weilek zioen naturak zuela nagusitasuna gizarte primitiboetan, eta haren etengabeko presioari erantzun behar ziotela gizakiek. Gero, gizakiaren beraren mendeko bihurtu zen gizakia, eta oso gutxi omen dira historian geure espeziekoen arteko zapalkuntzarik gabeko gizarteak. Baina zeharka izanagatik ere, hor jarraitzen du beti naturaren presioak.

Garapen tekniko itzela lortu dugun honetan ere, nabaria da presio edo baldintzapen hori. Taula periodikoko elementu piloa behar dugu bizi garen bezala bizitzeko, eta, naturatik eskuratu behar ditugunez, amaiezinak ez diren baliabide horien mendeko gara. Egunen batean metabertsoa —unibertsoaz haratagoko unibertsoa— egiten bada ere, haratagokoa ez den unibertso bertako honek sostengatu beharko du. Sarean eskuragarri dagoena eta pantaila bidez immateriala dirudiena bolumena eta pisua duten zerbitzarietan gordetzen da benetan, eta hazi eta hazi ari dira datu-zentroak. Ehundik gora futbol zelairen azalera hartzen omen du haien artean handienak. Eta honekin lotuta, hona informazio esanguratsu bat: euskarazko blogariak.net webgunea erre zuen iaz Estrasburgon piztutako sute batek.

Aitatutako honek erraz eraman gaitzake Kenneth Goldsmith idazlearen Printing Out the Internet ekimenean pentsatzera. Mexikoko Labor arte galerian aurkeztu zuen 2013an, eta izenburuak dioen bezala, Internet inprimatzeko asmoa azaldu zuen; eduki digitalak paperean jartzekoa. Ironikoki, bistan denez; ezinezkoa baita sarean dagoen guztia inprimatzea. Honako deialdia egin zuen: «Inprimatu Interneteko edukiak nahi beste—orri bat edo kamioikada bat, berdin da—, bidal ezazu Mexiko Hirira, eta galerian erakutsiko dugu». Ez zegoen beste baldintzarik, «online existitzen bada eta inprimatuta badago, onartua izango da». Hogei mila ekarpenetik gora jaso zuen, eta kartoizko kutxen eta paperen nahaspilaketa izan zen emaitza. Batzuk kontra izan zituen hala ere, eta sinadura bilketa egin zen change.org gunean: Please don't print the Internet. Zuhaitzak sarraskitzeaz ez ezik, ospearen atzetik zebilen pertsona ziniko izateaz akusatu zuten batzuek. Hori leporatu ziotenek urrun sentituko dute seguruenik bere lana, eta zer pentsatua ematen du erreakzio horrek. Ekimen hau bezalakoei susmo txarren bat hartu ondotik, askotan izan daiteke sinesgarria —egia izan beharrik gabe— oroz gain nabarmenkeriaz eginak direla esatea; botere-nahiz azken finean. Bai baitirudi denok nahi omen dugula boterea, edo behintzat denok eror gaitezkeela joko horretan. Eta horregatik, akusazio arrazoizkoa eta justifikatua ere izan daiteke segun eta zein kasutan.

Esanguratsua da, baita ere, gizarte primitiboetako labar arteaz zer interpretazio egin izan diren. Espekulatu baizik ezin dugu egin gai honetan, baina beste hipotesi batzuen artean —eta hemen modu guztiz sinpletuan jarrita—, esan izan da ehizatu nahi zituzten harrapakinak pintatzen zituztela beharbada, edo balitekeela gurtzen zituzten animaliak izatea ere. Botere-harremanak adierazten dituzte bi irakurketek: natura kontrolatu nahi izatea lehenak, eta naturarekiko mendekotasuna bigarrenak. Esan izan da, baita ere, ez dela baztertzekoa halako helbururik batere ez izatea, eta «artea bera helburu duen artea» izan daitekeela. Historiaurrekoaz ez dut espekulaziorik egingo, baina Goldsmithen paper pilaketaz esan nezake artea dela, eta ezertarako ez dela —hau ere, sinpletuta—. Nahiko du agian boterea, baina nik ikusle bezala sumatzen dudanetik, ez zait lehenengo motibazioa iruditzen.

Ikusi bezala, oso erraza da botere-harremanen inguruko aferak proiektatzea, guztiz deszifratu ezin den zerbaiten aurrean. Pentsatzen dut seguruenik hola sortuko direla konspirazio-teoria pila ere, eta sinesgaitzak deritzet asko eta askori. Katixa Agirrek Lauhazka orrialde honetan bertan martxoan aipatu zituenak gogoratzearren, lur planeta laua izatea edo plastikozko elurra, adibidez. Baina horrek ez du justifikatzen honakoa: inkoherentzia edo gardentasun falta baten aurrean erakutsitako susmorik txikiena eta arrazoizkoena ere fantasiarik handienarekin parekatzea berehala. Azkenaldian banalizazio horretarako joera ikusi dut batzuetan nire inguruan; susmo batzuk errazegi etiketatu eta erridikulizatzekoa. Baina ondo planteatutako zalantzei erantzuteko argudioak amaitzen direnean, fede kontua da zalantzarik ez egitea.

Gizakiaren menpeko gizakiak gara, eta boteretsuak botere gehiago nahi izaten du. Hori gertatzen da suntsikorrak diren edo beste norbaitek har edo gaindi ditzakeen gauzetan sostengatzen delako boterea: ondasunak, prestigioa, sekretuak, klientelismo sareak, armak, eta abar. Beraz, horiek eduki orduko agertzen da galtzeko aukera, eta horregatik—Simone Weilen hitzak orain—, «ez dago inoiz botererik, botereranzko lasterketa baizik, eta amaierarik, mugarik eta neurririk gabeko lasterketa da». Modu orokorrean ari naiz, zehatzago ibiltzeko leku faltan, baina esan nahi dudana da lasterketan ari den boteretsuarekiko errezeloak ez duela zertan zuzen-zuzenean ameskeria izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.