Ane Garcia Lopez.
LAUHAZKA

Negoziazioa

2021eko apirilaren 18a
00:00
Entzun

Ikusi al dituzu inoiz bi itzultzaile eztabaidan? Hala bada, jakingo duzu Telecircoko arratsaldeetako berriketarien pasioz jardun daitezkeela, hitz baten edo bestearen aldeko argumentuak bota eta bota. Badakite egiten dituzten hautuak subjektibitatearen produktu direla, baina, hala ere, nork bere hitzari eusteko ohitura du. Ez dira negoziatzaile trebeak. Itzulpengintza ikasi nuenez, ni ere mundu horretako kide naiz, eta, beraz, badakit lanbidearen parte dela etengabe hautatzen ibili, eta gero hautu horiek defendatzea. Zer esango dizuet, poz-antzean egoten gara horrela, gure mikromundu friki samarrean, anfiteatroaren inguruan baina sekula ez taula gainean.

Duela gutxi, ordea, fokuak bete-betean harrapatu gaitu. Flash.

Martxoaren hasieran, Herbehereetan piztu zen eztabaida. Hemen duzue laburpen motz-motza: Joe Biden presidentearen kargu-hartzean, Amanda Gorman poeta afro-amerikar gazteak The Hill We Climb poema errezitatu zuen, eta bat-bateko fama eskuratu. Haren lana itzultzeko, Marieke Lucak Rijneveld poeta zuri eta ez-binarioa aukeratu zuen Meulenhoff argitaletxeak. Handik gutxira, Janice Deul kazetari eta aktibista arrazializatuak hautu hori salatu zuen, emakume poeta arrazializatuei aukera hori ez eskainita, horien ikusgarritasunaren alde egiteko «aukera galdu» zela-eta. 2021eko martxoan, Rijneveldek uko egin zion lanari. Handik gutxira, itzulpen lanetan ari zen Victor Obiols itzultzaile katalanari betoa ezarri zion Univers etxeak, «profil desegokia» zuela-eta. Gerora, Obiolsek iruzkin desegokiak egin ditu, tartean, hurrengo itzulpenerako betuna erosiko duela esanez.

Hortik aurrera, hankaz gora jarri da itzultzaileon mundua. Bat-batean, plaza publikoaren erdian aurkitu dugu geure burua. Telecircoko arratsaldeak motz geratu dira: alde batean izan ditugu zakil ximel erretxinduak, jada ezin izango dela ezer itzuli esanez, eta postmodernitatea madarikatuz; beste aldean, itzulpen kontuetan idazle eta itzultzaileek identitatea partekatu behar dutela uste dutenak, ezaugarri identitarioetan erabat gotortuta. Eta erdian, besteak beste, asmo oneko itzultzaile zuri, feminista, euskaldun eta ezkertiarrok, harrotutako hautsekin eztulka.

Ertz askoko eztabaida da, eta zutabe hau motz geratuko zait argudio eta ondorio bakoitza behar bezala aletzeko. Modu erabat sinplistan esanda, ez dago gaizki pertsona arrazializatuak itzultzea zuria izanda; baina itzulpengintza ere sistema patriarkal eta arrazistaren barruan dagoenez, kontuan izan behar dugu botere-dinamikak eta pribilegioak egon badaudela hor ere, eta itzultzaile arrazializatuak (eta emakumeak) bazter geratzen direla sarri, ikusgarritasunik gabe.

Batzuek argudiatu dute eztabaidak ez zuela zentzurik euskarazko itzulpengintzan, ez baitago itzultzaile arrazializaturik. Ez dugu geure burua ezbaian jarriko. Puntu. Erresistentzia horrek pentsarazi dit ez dela halakorik ikusten dudan lehen aldia: kultur arloan egon diren ikusgarritasun eta identitatearen inguruko beste tirabira batzuetan ere ikusi dudalako jarrera hori. Hala, ondorio orokor hauetara heldu naiz:

Batetik, identitatea eta pribilegioak ukitzen dituzten eztabaidak sortzen direnean, gizartearen sektore feminizatuek hartu ohi dute korapiloak askatu eta haien jardunak zalantzan jartzeko ardura (emakume* musikariei galdetu, adibidez). Gizonek, orokorrean, lasai antzean jarraitzen dute jardunean, «gauza serioak» egiten, eta ez «politikarekin» eta «ideologiekin» arduratuta. (Ezer kuestionatu gabe zure jardunean jarraitzeko aukera edukitzeari pribilegio deitzen zaio).

Bestetik, euskalduntasunak arrazakeriatik libratzen gaituelako ustea zabalduta dago gurean. Zapalkuntzaren diskurtso kulturala barneratuta daukagu, eta uste dut hortik enpatizatzen dugula beste zapalkuntza batzuekin. Hori ez da txarra, baina zapalkuntza bakoitzaren ñabardurak ezabatzeko arriskua dakar. Izan ere, euskaldunak izanagatik zuri eta mendebaldarrak ere bagara gutako asko, eta gure herriak badu iragan kolonialista ere. Gainera, gure demografia aldatzen ari den honetan, eta datozen urteetan euskaldun arrazializatuen kopuruak (zorionez) gora egingo duela aurreikusita, susmoa dut gure identitatearen ertz pribilegiatu eta marjinalen artean negoziatu beharko dugula gure izana, ezinbestean.

Igande baterako gai astunegia da hau, badakit. Horregatik, izugarri gustatzen zaidan aipu batekin amaitu nahiko nuke. Antonio Gramscik zioenez, «lanketa kritikoaren abiapuntua da norbera benetan zer den jakitea: 'nork bere burua ezagutzea' orain arteko prozesu historikoaren produktu gisa, horrek zugan arrasto zenbakaitzak utzi baititu, inbentariorik egin gabe. Inbentario hori, beraz, hasieran egin behar da». Horri Edward W. Saidek gehitu zion ariketa hori ez zela besterik gabe egin behar, ez eta norbere historia besterena baino hobea edo okerragoa zela frogatu, edota elkarri biktima edo menperatzaile etiketak jartzeko ere. Saidek zioenez, ariketa horren helburu nagusia beste norbait bilakatzea zen: diferentzia ukatu gabe, norbere identitatean besteak barne biltzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.