'Simone Veil' pastorala

Biziaren martxari aldarri

Azken aldiz eman dute 'Simone Veil' pastorala Muskildin. Shoahren biktima izan zen, abortuaren legea lortu zuen Frantziako Parlamentuan, eta Europako Parlamentuko lehendakari izendatu zuten. Pastoral landua eta berritzailea izan da.

Simone Veilek 16 urte baizik ez ditu Gestapok arrastatu duelarik. PATXI BELTZAIZ.
Ainize Madariaga
Muskildi
2022ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Muskildik (Zuberoa) hirugarren eta hondarreko aldiz egin dio bi milako bati batzarri ederra Simone Veil pastorala kari: antolaketak eraginkortasunaren mozorroa jantzi du, ezin uka. Aparkalekuak mukuru beteak dira, baina ederki lerrokatuak autoak; jendea goizik jina da, eta behar den bezala jarririk, aitzinetik sartze oro saldurik izan baita. «Bergaratik etorri gara, baina ez dugu sarrerarik lortu Internet bidez. Saiatuko gara baten bat lortzen». Buztana luzea da, itxaropena laburtzen hasia. Luze gabe, bergararrek ekarri bidea eraman dute, baina haien egitaraua ez da guziz zapuztua: Amaiurrera (Nafarroa) joan baitira duela bortzehun urte gaztelua hain trebeki defenditu zuten ehun bat euskaldunak oroitzerat.

Garestitzen hasiak dira tokiak, eta hori, pastorala abiatu baino oren erdi aitzin. Tanko hasi dira hamabost musikariak notak askatzen, pastoraleko ehun bat aktoreak taula gainerat gatibatzeko. Maite Davant Elixondoborda errejentak eta Sophie Larrandaburu Karrikondo kantuen eramaile eta moldatzaileak ireki die oholtzarako xendra. Gora bandera gorria eta urdina, akort eta aparte.

Lehen predikua bukatu du Emilie Ourthek, Simone Veil pertsonaiaren bizitza zinez laburki aurkeztuz: «Andere noble hori/ ohora dezagun elkarrekin», eta, bozen erresumari leku eginez.

1929ko Wall Streeteko krisi ekonomikoak Nizako (Frantzia) etxe ttipiago batera aldarazi zuen Jacob familia. Gerlaren aztaparrek harrapatu dute gero sendia; juduak zirenez, aitak nortasun agiri faltsuak lortu zituen: «Orain Jacquier ene izena/ frantsesago dut etxea».

Beltzaren iluna

Ekiak kiskalitako belar horituari kontraste handia egiten diote artoski zaindutako lili koloretsuek, zeintzuek oholtza inguratzen baitute. Alta, ilunduko dira bazterrak, Niza nazi deliberatuek hartu baitute 1943an, Alois Brunner eta bere austriar soldaduek: begitarte hitsak, rola ezinago egokiro antzezten ari dira.

Pastoral honek badu franko antzerkitik, Muellerrek eztiro abiatu baitu elkarrizketa, baina zinez zakarki bururatu: «Guten tag fräulein, Herr, ausweis bitten!!!». Simone Veilek 16 urte baizik ez ditu Gestapok arrastatu duelarik, Jean François adiskidearekin promenatzen ari zela. Makila utzi du erortzerat. Adiskidea libre baratu dute, ez baita judua, alta, lotu diote espia, juduenganaino heldu eta Veil familia osoa edireteko. Bortak guziak belztu dituzte. Saihetseko atetik sartu da berriz protagonista, 1944ko apirilean, jende andana batekin batera, Auschwitz-Birkenaura kontzentrazio esparrurat helduz, naziz inguraturik. Bota dute kantore hunkigarria, Veilen boza nagusi da: «Nork bereiz ahal liro bizia heriotzatik/ Tzigana, judu, ertzo, gizaki ez deusetarik/ Gosez, izaki esklabo, begitarte iharturik/ Gorputzak dira pareko, labeak ke dariolarik». Biluztu dituzte batzuk eta desagertu dira, gasaren soinuak ito ditu publikoaren belarriak. Lurrean hamar bat pelutxe umezurtz gelditu dira. Bota du kantorea Maialen Urrutiager gazteak, usaiaz kanpoko boza du Simone Veilen biziarazleak, liluratuak dauzka entzuleak oro.

Publikotik jaiki da emazte bat, itzala du helburu bakar; «gaizki naiz», orainokoan, saihestu ditu sokorriak.

Beltzez beztitu dantzariek abiatu dute masken dantza garaikidea, bisaiarik gabeko jendea irudikatuz: «Begitarte ezabatu, zenbaki bat besainkoan/ zenbakia nortasuna, Auschwitz-Birkenau tokian», kantatu berri baitu Veil eta talde juduak. Kontzentrazio esparruko bizia islatu dute, Veilek ama eta ahizpak nola zaindu dituen, Marceline adiskidea ezagutu duen... 1944a da. Altxatu da haize mehe bat, gerla giro horretan, estimatu da freskura. Airez aldatu da guduka eta Stenia gorria kolera gorrian da, antzezle preziatua, non ere baita: «Heldu zaigu berria/ Normandiako hondartzetan/ aliatuek milaka/ zangoak pausatzekotan».

Muskildiko bero sapak ez du errazten Josef Kramer kriminal naziaren Heriotza martxaren proposamenean sinestea: «Bergen-Beseni buruz/ harraraz bidea presoer/ Huts petik hogei gradu kanpoan/ anitz hilen dira».

Kontzentrazio esparruetarat igorri zituzten 336.000 deportatuetatik 2.500 baizik ez ziren etxeratu ahal izan, bertzeak bertze Simone eta Milou ahizpa, zeina tifusak joa baita. Marceline adiskideari kontatzen dio umezurtz direla, begietara so eginez, publikoari ez, dramatizazioari kasu eginez. Abokatu ikasketak egiten ari dela, alegrantziak gaina hartu dio iragan dorpeari, Antoine Veilekin esposatu baita 1946an, adiskideek zabaldu dute sagarno botila. Alemaniak berriz hartu du Veil, aldi honetan, ordea, hautaturik: senarra lanean ari baita frantses kontsulatuan. Han hartu du Veilek ahizpa eta ilobaren herioaren berri latza, auto istripuak eraginik.

Preseski, Battite Berrogain idazlea honek zuen abduzitu: bideo batean ikusi baitzuen Simone Veil istripu hura kontatzen. Hainbeste zen hunkitu, non pastorala ilki baitzitzaion barne-barnetik.

Parisen bizi zirela, frantses justizia ministerioko magistratu bilakatu zen protagonista, presondegietako bizi baldintzak hobetuz eta, bertzeak bertze, Aljeriako gerlatik ehun emazte salbatuz «bortxaketa, bortizkeria/ eta herio gaztigutik».

Loreen kolore aroa

1968ko maiatzak hippy koloreak ekarri ditu, manifestazioa antzeztu dute, eskuetako pankartak ere polizia frantsesaren kontra oldartu dira: «gure gorputza, gure gain», «haurra nahi dugularik», «emaztetarzuna altxa!». Publikoak aroak bezain beroki txalotu du eszena. Christiane Rochefort Monique Wittig, Christine Delphy, Cathy Bernheim, Anne Zelensky eta Jacqueline Feldman egon dira Muskildiko oholtzan, emaztearen askapenerako mugimenduaren 1970eko sortzea erakusteko, txaloak bildu dituzte ausarki.

Giscard d'Estaing frantses presidentea hautatu berritan, Jacques Chirac lehen ministroak Simone Veil nahi du osagarri ministro gisa. «Borta urdinetik sartu da Chirac! Hainbeste egin eta gero euskaldunen kontra!», erran dio ikusleetako batek bere lagunari.

Frantziako Gobernuko kontserbadoreei aitzi eginez, parlamentuan abortuaren aldeko Veil legea erdietsi dute 1974an, bertzeak bertze, Gisele Halimik akuilaturik. Hector Rolland diputatuak gogor egiten dio aurre: «Genozidioa edo bizia/ legeak sendatzen digu/ bai lehenaren bidea». Emaztearen kantoreak eskertu dio legea Veili: «Odola, orratza, ari naiz husten, zur esker azkena, nukezu bederen/ milesker Simone, zinez ordu zen».

Sokorriak ez dira luzaz geldirik egoten, tarteka trenpu txartzen baita nor edo nor.

Veilen ibilbide politikoak segitu du, Europako Parlamenturaino, 1979an lehendakari egiten baitute. Kar handiz defenditu du bakea.

Artzainek inguratu dituzte ardiak, solasa Ahüzki (Zuberoa) borturaino heldu da, pastoralaren kodeei leial. Hala ere, idazleak aitortu du zaila egin zaiola testua moldatzea, ez baitzuen emateko gisan egin: «Gaitza zuzun lotura egitea artzainekin. Beraz Europako lehendakari zelarik ageri duzu argazkiren bat laborariekin mintzo. Hortik egin dut».

Izugarri uros dela ere gehitu du, eta zinez eskertu nahi izan ditu parte hartzaileak oro egin duten lanagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.