urtzi urkizu
Donostiako 70. Zinemaldia. KURSAALEKO ZUBITIK

Memoria bizia

2022ko irailaren 17a
00:00
Entzun
François Ozonen Peter von Kant filma ikusi, eta lehen aldiz hartu dut Zurriolako zubiaren bidea Kursaalerantz. Bazter batean, gida bat azalpenak ematen ari zaizkie Alemaniako turista batzuei. Kanpotik datozen gehienek ez dute kezka handirik hiriak izan duen bilakaerarekin.

Baina badira hirian espiritu kritikoa lantzen duten herritarrak; esaterako, Zinemaldi Alternatiboa 9+5 antolatu duten lagunak. Arkitektura fakultatean ere antolatu dituzte emanaldiak, hiri ereduez eztabaidatuko dute, eta bihar Pablo Gonzalez kazetariaren inguruko lan bat emango dute —Polonian jarraitzen du preso berriemaileak—.

Zinemaldiko egun ero hauek pasatzen direnean, badakit tartea hartuko dudala Hernaniko liburutegira (Gipuzkoa) joateko. Gogoratzeko modukoa da liburutegikoek sare sozialetan urte hasieran plazaratu zuten mezua: «2022ko asmoa: espiritu kritikoa zaindu eta sustatu».

Zinemaldira itzulita, Estibaliz Urresolaren Cuerdas film laburrean (Zabaltegi) ere usaintzen da espiritu kritiko zintzoa. Bai egilearen begiradan, bai protagonistetako askoren jardunean. Petronor enpresaren kutsadurak eragindako osasun kalteen aurrean, Muskizko (Bizkaia) herritarrek duten erreakzioa islatzen da filmean, fikzio gisa, baina benetako gertaerak oinarri dituela.

Kritiko eta poetiko, memoria historikoaren zinematografo, eta dokumentalgintzako erreferente garrantzitsua da, bestetik, Patricio Guzman. Mi país imaginario (Horizontes Latinos) lan berrian, Txileko kaleetan duela hiru urte izan zen eztanda jasotzen du. Memoria bizia da erretratua. Gazteak suminduta, eskuz esku, harriz harri. Oihu feminista bat, plazan. Emakumeak dira dokumentalerako Guzmanek elkarrizketatu dituen guztiak. Emakume ausartak, gizartea aldatzeko borrokan ari direnak. Espiritu kritikoa duen edozein ikus-entzuleri gomendatzeko moduko lana da Guzmanen dokumental berria.

Ezin utzi aipatu gabe, ordea, lehen egunean Kursaaleko zubiaren alboan, izkina batean gertatutakoa: espiritu kritikoz eta memoria biziz, Pantailak euskaraz, gure eskubidea lelopeko elkarretaratzea egin dute. Pantailak Euskaraz mugimenduak ikus-entzunezkoetan gure hizkuntzak bizi duen larrialdiaz ohartarazi du azken urtean. Gogorarazi du Zinemaldiko Sail Ofizialean ez dela euskara entzungo, eta ez dela euskarazko azpidatzirik irakurriko ere. Erakunde publikoetako arduradunei hizkuntz eskubideak bermatzeko pausoak emateko eskatu diete mugimenduko kideek, elkarretaratzean. Deia egin diete Zinemaldiko zuzendaritzakoei, halaber, elkarrekin pausoak emateko. Euskara memoria bizia eta hizkuntza bizia izan dadin, Donostiako Zinemaldiak eman beharko luke erantzuna. Ez dut besterik espero. Ez luke bestela izan beharrik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.