Katixa Agirre.
LAUHAZKA

Produktu platonikoak

2022ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Podcast proiektu bat daukat beste bi lagunekin. Munduak beste podcast bat merezi duela uste dugu, eta gu eskaintza egitera gatoz, eskuzabalki. Gaia oraindik ez dugu argi, meditazio podcast bat izan daiteke, Maurizia Aldeiturriagari osorik dedikaturiko programa edo euskal kulturaren behi sakratuen sekretu lizunak errebelatzeko saioa. Guztiz irekita gaude. Momentuz argi dugun gauza bakarra izena da, eta izen hori bera jarri diogu gure arteko Whatsapp taldeari. Marketingaren arauen arabera ezin dut hemen argitaratu oraindik zein izango den izen zoragarri hori. Izango duzue haren berri, teaser-a plazaratzen dugunean beranduenez.

Beste lagun batekin ikuskizun bat prestatzen nabil. Musika, literatura eta testigantza batuko duen taula gaineko saioa. Izena argi dugu (izango duzue haren berri, teaser-a... badakizue) eta, kasu honetan, baita gaia ere. 1990eko hamarkadako bisio anti-nostalgiko bat prestatzen gabiltza, institutuko gure urteen errebisio kritikoa, molotov koktelak eta sexu hastapenak nahastuko duena. Gauza batean ez gara ados jartzen baina: lagunak hitzaldi performatiboa deitu nahi dio gure ikuskizunari, nik, aldiz, antzezlan dokumentala. Debateak darraio.

Tarteka, bi lagunekin balizko podcast horren inguruan eztabaidatzeko lotzen naiz. Sagardotegi batean, portuko terraza batean edo alde zaharreko taberna zulo batean, gai posibleei bueltak ematen dizkiegu, eta azkenean edozer gauzari buruz hizketan amaitzen dugu, brainstorming bat burutzen ari garela konbentzituta. Barre galantak egiten ditugu.

Beste lagunarekin, ikuskizuneko lagunarekin, karaoke batean bildu ohi naiz. Badu zentzua, gure balizko ikuskizun horrek musika izango baitu ardatz, musikaren bitartez hezurmamituko dugu garai adoleszente hura. Abestiak entseiatzen ditugu, orain Su ta gar, gero Rihannaren hit guztiak. Rihanna, institutuko gure garaian, haur txiki bat zela ahaztuta eta beraz, ez duela bat egiten gure hitzaldi performatibo edo antzezlan dokumentalaren espirituarekin.

Norbaitek pentsa lezake podcasta zein ikuskizuna aitzakia direla lagunartean elkartzeko eta, beharbada, mozkortzeko. Norbait horrek asmatu egiten du, bai. Badu hortik pixka bat, noski. Baina ez bakarrik.

Plazer berezi bat dago proiekzio hauetan, aurreikuspen hauetan. Geure buruetan, geure elkarrizketa euforikoetan eta kantutegiari ematen diogun errepasoan, proiektu horiek zoragarriak dira, inoiz egin diren gauzarik original eta ausartenak.

Inoiz gauzatzen ez diren proiektuak dira beti onenak. Espektatibek ez dute inoiz lurra jo behar eta beraz, inoiz baino libreago egiten dute hegan, betiko.

Pantaila aurrean planeatu bai baina inoiz egiten ez dugun bidaia horretan gertatzen dira gauzarik interesgarrienak eta ezagutzen dugu jende jatorrena. Mugikorreko aplikazioan profil bat ordubetez arakatu ostean inoiz gauzatzen ez den Tinderreko hitzordu horretan piztuko da benetako maitasuna. Inoiz izango ez ditugun seme-alabak dira ederrenak eta inteligenteenak.

Badut beste proiektu bat eskuartean, hau neuk bakarrik gauzatzekoa, eta neure insomnio orduetan elikatzen dudana: inoiz burutu ez diren pelikulei buruzko kronika antzeko bat izango da. Zinemagile guztiek dute beren tiraderetan burutu nahi izan zuten proiektu bat, eta hamaikatxo arrazoi tarteko, inoiz gauzatu ez zutena.

Stanley Kubrickek adibidez kalitatezko pelikula porno bat egin nahi izan zuen, Hollywoodeko izarrekin eta studio system-aren errekurtso guztiak erabilita. Madonnak Agnes Vardaren Cléo de 5 à 7 pelikula mitikoaren remake bat egin nahi izan zuen, Cleoren papera bere gain hartuta, eta zuzendari belgikarrarekin hainbatetan bildu zen, elkarrizketak ematera iritsi zen proiektuaren inguruan. Robert Bressonek La Gènes proiektatu zuen bere bizitzako hainbat momentutan, Bibliako lehenengo liburuaren adaptazioa, genesi osoa, unibertsoaren sorkuntzatik hasi eta Babelgo dorrearen eraikuntzaraino kontatuko zuena. Orson Wellesek hogeita gutxi urte zituen, eta zinemagintzan inongo esperientziarik ez, Joseph Conraden Ilunpeen bihotzean eleberria Hollywooden adaptatu nahi izan zuenean. Gidoia idaztera heldu zen baina, proiektu arriskutsuegia zelakoan, ez zuen estudioen onarpena jaso. Citizen Kane egitearekin konformatu behar izan zuen azkenean.

Nire liburuan pelikula horiek guztiak (eta gehiago) imajinatuko nituzke, hartu zuten forma, jaso zituzten sariak eta kritikak. Inoiz gertatu ez ziren errodajeko anekdotez josita egongo litzateke liburua, eta sekuentzia nagusien analisi sakonekin ere liluratuko nuke irakurlea. Honek inpresioa hartu beharko luke inoiz egin ez ziren pelikula horiek direla egiaz zinemaren historiako pelikularik anbiziotsuenak eta onenak.

Imajinatuko zenutenez, ez dut sekula idatziko liburu hori. Baina nire libururik original eta ausartena izango da, horretaz ez dut zalantzarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.