ATZEKOZ AURRERA

Udazkena ari du

Hegoak lehortutako bazter eta orbeletan ari dira ateratzen onddoak basoetan, haizea bera bezala: bolada bortitzetan. Hezetasun falta nabarmena den arren, badira oraindik leku diren ez-lekuak.

Orbel artean gora egindako onddoak (Boletus edulis). E. T. S.
enekoitz telleria sarriegi
Joandabertan
2022ko urriaren 27a
00:00
Entzun

Uluka dabil haizea adar artean. Kraskaka hostoak hankapean. Tiro segida bat entzun da urrutian. Okreak hartu ditu paisaiak, eta bero epelegiak bisaiak. Noizbait leku izandako ez-leku da oraindik ere Joandabertan. Eta udazkena ari du.

Zer den esperantza. Astebete lehenago ezkutuan utzi zituen aleak hazi ote diren peskizan doa onddozalea. Seinalatua du tokia. Ez dio batere graziarik egin beheko barrenetik ikusi duenean Antonio toki berean. «Zer gertatu da hemen?», bota du Antoniok erretxinduta, egun onak eman baino lehen. «Zer gertatu den? Zer, bada?», erantzun dio onddozaleak. «Duela astebete izan nintzen, eta sekulako mugimendua zegoen. Gaur, ordea, dena dago lehor eta zeken». Imintzioa bai, eta bista falta ere bai. Udazkeneko onddo zuri handi bat (Boletus edulis) dauka hankaren aldamenean, txilar lehor artean. Behera joan da bera, eta onddozalearen saskira alea. Eguneko lehenengoa.

Bilatzea eta aurkitzea, begiratzea eta ikustea. Horixe da jokoa, ez besterik. Hezetasuna falta da. Ondorioa: orbelpera eta txilar artera egin du onddoak. Areago: ez da ohikoa halako berotasuna urrian. Onddo mota bat bueltatu egin da: udako onddo zuria (Boletus aestivalis). Basoak ohikoa ez denari emandako erantzuna da, nolabait. Zein da orduan ariketa? Arakatzea artxiboan, behatzea memorian. «Non ateratzen ziren haiek? Zer egingo luke berak?».

Eskuzabal dago onddozalea. Pista batzuk doaz hemen: tiro hotsak datoz Beunde ingurutik, mugimendua sumatzen da Txurroko puntan, eta zeinen eder dauden Aratz eta Aizkorri. Zintzarriaren erritmoan ari da larrean behor bat, eta hosto artean zalapartaka zozo bat (Turdus merula). Apurtuta dauka hego bat. Ez da gai aireratzeko, baina bai lagundu nahi dionari ihes egiteko. Harrapariren batek espero ez zuen saria izango du gauean. Basoaren legea da.

Ez daude errazak. Nahastu egiten dira koloreak eta formak. Baina ez denak. Izan ere kuriosoa da aurtengo fenomenoa: burua errekastora ateratako onddo beltzak (Boletsu aerus). Goitik iritsi ez zaien ura euren kabuz hartu nahiko balute bezala da. Nora eta nola begiratzea ere bada kontua.

Eusten diote hostoari pagoek eta haritzek. Horiz loratu da bazter batean otea. Gorri kolorerik apenas dute kuleto faltsuek (Amanita muscaria), haizeak zartatu ditu gibel urdinak (Russula cyanoxantha eta Russula virescens), baina tinta laranjari eusten diote niskaloek (Lactarius deliciosus). Bai, ez dago dudarik, udazkena ari du.

Baita Garagartzako harkaitzen inguruan ere. Memoriak ez du hutsik egiten, eta artxiboak ere ez kalerik. Hitz haiek datoz akordura: «Asko dagoenean topatzea erraza duk; ez dagoenean topatzeak dik hemen meritua. Halakoetan, etorri hona». Txilar artean bata, iratze azpian bestea, belar artean hurrengoa...

«Saski ederra duk hori»

Izaten dute onddozaleek euren egoa. Bost orduko jardunaren ostean saskia eta poltsa betetzen dituenak nekez ezkutatuko ditu segituan autora iristen denean. Botak eranztearen aitzakian utziko du uzta guztien bistara errepide bazterrean. «Saski ederra duk hori. Asko eta ondo ibili haizen seinale», esan du Jabierrek, iritsi berria den ehiztariak: «Nik anaia utzi diat han goian. Haizea oso indartsu zebilek postuan gora igota egoteko. Hemen behean egingo diat saiakera bat. Bazebiltzak usoak ere».

Ikusi du besteren batean onddozaleak, baina ez da ondo akordatzen. Ehiztaria, bai. «Ez diat aita aspaldian ikusi. Jada ez dik motorik uzten hemen?». «Duela lau urte joan zitzaigun aita». «Aiba! Barkatu, mesedez. Ez nekian ezer». «Lasai, ez da ezer gertatzen». «Hark erakutsitako terrenoetan habil orduan?». Bai, Joandabertan-en, oraindik leku den ez-lekuan, haizeak ulu eta hostoek kraska egiten duten tokian, okreak hartutako paisaietan, beroak kiskalitako bisaietan. Eta udazkena ari du han.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.