ATZEKOZ AURRERA

Uzta berriari ongietorria

San Anton egunean aurkeztu da Getariako Txakolinaren uzta berria. Udako bero handiek «kalitate oneko eta gradu askoko» edaria ekarri dute, iazkoa baino uzta handiagoan.

Txakolina izan zen eguneko protagonista. JON URBE / FOKU.
Amaia Jimenez Larrea.
Getaria
2023ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Haize zakarra zegoen atzo Getarian (Gipuzkoa), eta tarteka euria ere egin zuen. Etxean geratzeko moduko eguraldia zegoen, baina herriko kaleetan jendea zebilen. Herritarrek eskuak beteta zeramatzaten: kopak eta botilak zituzten. Ez zen gutxiagorako, herriko erreginaren uzta berria dastatzeko aukera izan baitzuten.

Getariako Txakolinaren uzta berriaren ekitaldi nagusia Balentziaga museoan egin zen. Aretoa jendez bete zen, eta gonbidatuak mahaietan eserita zeudela hasi zen aurkezpena. Iazkoa baino %20 handiagoa da aurtengo uzta, eta 4,3 milioi botila merkaturatuko dira guztira. Mahatsa ondo zegoela bildu zuten, eta horrek gorputz handiagoa eta zapore orekatua eman dio edariari. Esportazio datuak ere eman zituzten. 2020ko eta 2021eko kanpainan %30 handitu zen Getariako Txakolinaren esportazioa.

Ekitaldian, mahastizain erretiratuei egin zitzaien omenaldia, jatorri izena bultzatzen egindako lana aitortzeko. Julian Ostolaza, Bixente Eizagirre, Inaxio Manterola eta Javier Arregi izan ziren omenduak.

Ostolaza txikitatik ibili da txakolinaren munduan, eta 80ko hamarkadan, mahastiak galzorian zeudela, txakolina serioago ekoizten hasi ziren etxean. 1989an sortu zen Getariako Txakolina jatorri izena, batez ere Getariako eta Zarauzko mahastizainekin: «Hasieran hamar bat mahastizain ginen, eta orain askoz gehiago dira. Etorkizun oparoa ikusten diot jatorri izenari». Itziar Arregi aitaren ordez joan zen garaikurra jasotzera. Arrasaten (Gipuzkoa) ditu mahastiak familiak; aitak erretiroa hartu ostean hartu zuentxakolina egiteko erabakia. Ostolazak gehitu zuen Arrasateko mahastien berri izan zutenean «asko poztu» zirela Getariako mahastizainak, mahastiak kostatik haratago jartzen hasi zirelako. Arregik aipatu zuen egindako lan guztiaren ondoren jatorri izena «zaindu» egin behar dela, orain arteko bide berean jarraitzeko.

Urtero legez, mahasti jaunaren titulua ere banatu zen atzo, eta Donostiako pintxoaren institutuarentzat izan zen. Pozik jaso zuten saria; Juan Manuel Garmendia izan zen institutuaren ordezkarietako bat. «Donostiako pintxoen lagungarri perfektua da txakolina», gehitu zuen Garmendiak.

Euriari aurre eginez

Aurkezpenaren ostean, herrian hasi zen festa. Sebastian Lizasoren eta Andoni Egañaren bertsoek eman zioten hasiera uzta berriaren dastaketari. Eguraldi txarraren ondorioz, karpa bat jarri behar izan zuten herriko frontoian, eta segituan bete zen jendez. Sartu orduko txakolin usaina nabari zen, bertaratutakoen kopetatik zetorrena. Hogei upategitik gora aritu ziren euren txakolina ematen, herritarrek dasta zezaten. Txistulariek jartzen zioten giroa eguraldi goibelari.

Antton Goikoetxea eta Ximon Aranguren kuadrillarekin batera zeuden, ateri zegoela aprobetxatuz, karparen kanpoaldean. «Ez gara asko elkartu, baina ahal dugunok behintzat jai hartzen dugu gaurko egunean», esan zuen Goikoetxeak. Hamaiketakoa egin, eta txakolina edatera joaten direla kontatu zuen, segituan agortzen baita. «Arratsaldean festa tabernetara mugitzen da gazteontzat, eta helduagoak herri kirolak ikustera joaten dira», gehitu zuenArangurenek.

Hala ere, ez zen soilik herrikoentzako festa bat izan. Mari Angeles Apezetxea beratarra Irungo, Goizuetako eta Berako lagun batzuekin joan zen Getariara. «Erretiroa hartu arte egin dut lan Getarian, eta urtero etortzen naiz», kontatu zuen. Egun osoko egitaraua zuen prestatua lagun taldeak, gosaltzen hasi eta arratsaldera arte. Herri kirolak ikusi ondoren egin behar zuten etxera buelta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.