Ane Garcia Lopez.
LAUHAZKA

Zaharrak

2022ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Nostalgia-oldeak 20 urteko tartearekin heltzen omen dira. Liburu batean irakurri dut. Zergatik 20 urte? Liburuak ez du azalpenik ematen, baina, nire ustez, batek bere haurtzaroa faltan sumatzeko 20 urteko tartea behar duelako da. Takolo belaunaldikoa bazara (1990eko hamarkadan jaioa), ni bezala, azken bospasei urteetan gertatu zaizu hori, hain zuzen, lan-munduarekin topo egin eta ostia hartu duzunean. Sarritan pentsatzen dugu nostalgia kontu indibiduala dela, leihotik bakar-bakarrik euriari begira egotea, baina, kultur produkzioari erreparatuz gero, batez ere ikus-entzunezkoei eta musikari erreparatuta, argi dago 1990eko eta 2000ko hamarkadekiko obsesioa nahiko orokorra dela. Nostalgiak ezertarako balio ote duen? Ez dakit.

Urte zahar eta berriaren bueltan belatz-hegaldian ibiltzen da beti sentimendu hori (sentimendu bat ala irudimen-ariketa ote da nostalgia?), eta beste hainbat gogoeta ere gordetzen ditu bere begirada zorrotzean. Adinarekin duen harremanari bueltaka aritu naiz azken egun hauetan (27 urte ditut, eta beti berandu noalako sentsazioa); izan ere, aro nostalgikoan bete-betean sartuta dago (euskal) kultur ekoizpen gaztea: Euskal Herriko sortzaile (gehienbat musikari) gazte asko ari dira nostalgiaren putzutik zurrupaka, super8-arekin grabatutako bideoak youtuberatzen/instagrameratzen/tiktokeratzen, inoiz itzuliko ez zirela uste genuen txandalak jantzita. Era berean, gurasoak akabatu nahi dituela esan baina esandakoa gauzatzen erabat ausartzen ez den belaunaldia da gurea. Belaunaldi arteko kolaborazio harrigarriak, euskal musikako gloria zaharrak betaurreko txupiguaiak jantzita, Itoizen oihartzun gero eta argiagoa baten batzuen akorde eta punteoetan... Nostalgia postmodernoa nonahi.

Iraganari nahikoa begirunez begiratzen dion belaunaldi berria da gurea, eta horrek nahikoa poztu beharko lituzke kulturgile zaharragoak. Baina nik oraindik ere sarriegi sumatzen dut gutxiespen zantzurik, eta nola leporatzen diguten adina; garai gogorragoak bizi ez izana. «Zuek ez duzue biderik urratu behar izan, guk ez-dakit-zer egin behar izaten genuen», «Zuek ez duzue...», eta abar. Ez digute leporatzen memoria falta, baizik eta ahanzturatik sortu eta geure buruari leku bat eraikitzeko ausardia eduki izana. Baina, azken finean, nostalgia oso ongi gogoratu ezin duzun garai bat berridazteko ariketa ere izan daiteke.

Jada jendez lepo dagoen mundu batera jaiotzen gara, guk hautatu ez dugun momentu batean, eta gero norberak asmatu behar nola aldarrikatu lekua zerbait esanguratsua esateko. Kulturgileak unean uneko teknologiaz baliatzen dira originalak eta berriak izateko, bereizteko aurreko guztitik, hori baita jaio ginenean jada irunda zetorren hari hori egiten jarraitzeko era bakarra. Zaharra eta berria izaten saiatzea: nostalgikoa eta amnesikoa aldi berean. Ibil Bedi taldearen kantu batek dio «nostalgiari nostalgia eta ahanzturari ahanztura» esan behar zaiola, baina nik uste dut erro berbera dutela biek: hautu-ariketa berberaren emaitza dira.

Agian gaztearen eta zaharraren arteko desberdintasun bakarra da ahanzturatik datorrela lehena eta ahanzturarantz doala bigarrena. Norbere posizio kronologikoak salbamendu-txalupa desberdina eskatzen du, eta agian horregatik tematzen gara elkarri besteak hartutako leku hori, posizio nostalgikoa, aurpegiratzen.

Niko Etxarti aditu nion behin «Gazteek beti ahazten dute», tonu erabat ulerberarekin; bitartean, Merina Gris taldeak «nostalgia kronikoa» autodiagnostikatu dio 90eko belaunaldiari. Biekin bat nator: neure buruari galdetzen diot kultura (eta historia) ez ote den ahanztura geruza bat bestearen gainean pilatuta eraiki behar den zerbait halabeharrez; eta nostalgia, metaforarekin jarraituz, ez ote den indusketa lan puntuala (20 urtero egiten dena), itsu-itsuan aurrera egiten duen korronte geldiezin baten baitan. Batzuetan zalantza dut looper-a piztuta ahaztu ez ote genuen aspaldi (27 urte ditut, eta beti berandu noalako sentsazioa).

Haurrak ginela, anaia eta biok gure etorkizuneko adina Olinpiar urteen arabera kalkulatzen hasi ginen. 2004an Atenasen izan zirenean imajinatu genuen 2012an Londresen izango zirenean 18 urte izango nituela nik eta 14 berak, eta 2016an nik 22 eta berak 18, eta 2020an 26 eta 22... Harrapaketa-jolas bat da, baina anaiak ezingo nau sekula garaiz atzitu: nire adinera heltzen denerako ni jada etorkizunean nagoelako, zaharrago. Gero eta nostalgia handiagoarekin jolasten gara harrapaketa horretan. Zalantza handiak ditugu mundu honetan guretzat sortu dugun lekuaren inguruan: esateko, musika egiteko, dantzatzeko, antzezteko... Nahikoa ote dugu gure egin dugun eremutxo hau eusteko gure adina behin eta berriz beteko duten guztiei? Gu baino zaharragoak direnei? Ez al da zaharren eta gazteen arteko elkarrizketa norbere lekua defendatzeko modu absurdo bezain beharrezko bat?

Nostalgiak ezertarako balio ote du? Agian ez. Noiz barkatuko diogu elkarri adina eta distortsioa edo autotunea eta txandal terribleak? Nostalgiak ezin du ezer itzuli ez gelditu: nik badakit oharkabean helduko zaizkidala olde guztiak, 20 urteko tarteetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.