Oier Iruretagoiena.
LAUHAZKA

Aizpitarte IV

2022ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Errenterian daude Aizpitarteko leizeak, Donostiarekin muga-mugan. Asko badira ere, laugarren zenbakia eman zaiona da ezagunena, harexek duelako sarrera ikusgarriena, eta baita barrualderantz garapen luzeena ere. Ez da zaila haraino iristea, eta jende asko ibili izan da horregatik han barrena, 2017an sarrera itxi zioten arte.

1785ekoa omen da leize hauen inguruko lehen erregistro idatzia. Madrilgo Historiaren Errege Akademiaren enkargu bati erantzunez, herriaren deskribapen-txosten bat bidali zuen hara Errenteriako Udalak, Aizpitarteren inguruko zati bat barne. Zati horri protagonismo berezia eman zitzaion gero, 1892an, Euskal-Erria aldizkarian argitaratu zutenean. Argitalpen horretakoa da nik esku artean dudan dokumentua: hiru orrialdeko lagina, Juan Ignacio eta Miguel Manuel Gamonek sinatua. Jatorrizko txosten osoa irakurri gabe nabilela, alegia; zehaztapen hori egin nahi nuen.

Gamondarren deskribapen hori hartuz gero, hasten dira esanez zenbat leize dauden, haien ahoek zer neurri dituzten, hormak zer koloretakoak diren, inguruan zer zuhaitz hazten diren, eta halakoak. Laugarren koba handi horri buruz ari zirela, bat-batean, honako datu berezi hauek eman zituzten: kabitzen omen direla barruan hamar mila lagun, eroso. Eta jarriko balira haietariko hogei, hiru kanoirekin—kanoien kokalekua ere zehaztu zuten—, ehun mila soldaduko ejerzito bati aurre egiteko moduan izango liratekeela. Horren ondoren, deskribapen arruntarekin jarraitu zuten: hemengo bobeda, horko lohia, arku hau eta harkaitz hura...

Arrisku egoera baterako gordeleku ona iruditu zitzaien, eta horren berri eman nahi izan zuten, baina funtzionaltasun hutsetik harago ere joan zirela antzeman daiteke. Jendeteria galanta, hamar mila! Datu okerra ala zuzena izan, barrunbearen zenbaterainokoaren inguruko kalkulua da gutxienez. Guztiz debaldekoa dirudiena kanpoaldean legokeen ejerzito etsaiaren soldadu kopurua da. Errekasto batek gurutzatzen duen pendiz biren arteko parajean dago leizea, ez da eremu oso zabala, eta leizearen ahoak ez du batere urrun beste aldeko hegia. Nire inpresioak dio testuaren egileak liluratuta zeudela gerrarekin, eta gozatu egiten zutela balizko batailaren zifrak eta harrabotsa irudikatuz.

Benetako gerretan ere, helburu militarrekin justifikatzen ez diren gauzak gerta daitezke. Bigarren Mundu Gerran adibidez, hura irabazteko beharrezkoak ez ziren hondamendiak sortu zituzten, bertan Aliatuekin parte hartu zuen Howard Zinn historialariak gerora idatzi zuenez. Bere The Bomb-en topatuko duzue testigantza hori —Hiru argitaletxeak gazteleraz emana, La bomba—. Haren esanetan, gerratearen amaiera aldera, Ardatzekoak laster amore ematera zihoazela jakinda ere, sarraskitzen jarraitu zuten. Ezin omen zituzten batailarako grinak hoztu; harrotasunak, loriak eta anbizio militarrak itsututa. Zenbat eta garaitza gehiago, hobe, suntsipenak egin beharko baziren ere. Moderazioa deitoratzen zen, eta koldarkeriatzat hartzen zen zuhurtzia. Izutzekoa da gure, gizakion, joera hori. Gainera, goitik agintzen ziren erasoak, eta esandakoa egiten zuten soldaduek.

Ameskeria belikoak egotzi dizkiet Gamondarrei, lekuz kanpokoa zen zehaztasunez aurkeztu zutelako bataila posible hori, nire ustez. Eta orain komunikabide edo gobernu ezberdinek batzuetan darabilten hizkera belikoa ere lekuz kanpokoa iruditzen zait. Adibidez: «birusaren oldarraldia», «txertaturik ez daudenak, inguratuta Alemanian», «COVID-19aren aurkako gerran, Txinak dei egiten die «inokulatutako gerlari txikiei» [umeez ari ziren]», eta abar. Ana Malagonek egunkari honetan argitaraturiko Borrokaren kontra zutabean esandakoa errepikatuko dut. Bizitza orokorrean borroka bezala hartzearen kontra ari zen bera, eta jatorrizko esanahitik aterako dizkiot hitzak, baina hau beraxe esango nuke egoera zehatz honetan ere: «Agian beste aditz eta kontzeptu batzuk daude. Agian zaintzea da. Eman eta hartzea. Entzun eta esatea». Eta gehituko nuke, batzuk besteen aurka ez jartzea.

Eman dezadan orain testu honen amaiera, anekdota batekin: juxtu Aizpitarte IV itxi baino hilabete batzuk lehenago, bertan izan baitzen Ibon RG musikaria, Hil zara diskorako grabaketak egiten. Oso biluzik utzi zuen Estura kantua, bere ahotsa eta leizearen erresonantzia baizik entzuten ez ditugula, eta kointzidentzia hutsa bada ere, behinola bertan imajinatutako jendetzari buruz ari dela dirudi. Letra onek testuinguru askotara moldatzeko gaitasuna dute, eta erraz irudika ditzakegu hamar mila lagun, estu, kanoikada artean: «Estua arnasa, estuagoa argia. Are estuagoa loa, eta gureen murmurioa. Estua atea, estuagoa hegia. Are estuagoak hortzak, eta gureen heriotzak. Estua ukabila, estuagoak zioak. Are estuagoa ahotsa, eta gureen harrabotsa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.