Katixa Agirre.
LAUHAZKA

Bi marratxo gorri

2022ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Herbeheretara joateko gonbidapen bat jaso dut eta azken bi urte hauetan ikasitako zuhurtziarekin hartu dut. Pandemia garaian gaude, zerbait gertatuko da azkenean bidaia ezinezkoa egingo duena. Ziur naiz. Hala ere, honek itxura ona dauka. Bidaia erraza da, hegaldi zuzena, eta bizpahiru egunetako kontua izango da. Nire liburua aurkeztu Amsterdamen eta Utrechten, eta etxera itzuli alde egin dudala inor konturatu aurretik. Bai, joan egingo naiz.

Gabonen ostea, espero bezala, lehenengo eragozpenak heldu dira. Gobernuak konfinamendu neurri zorrotzak lau hilabetez hedatzea erabaki du. Itxita egongo da ostalaritza, kultur ekitaldi oro bertan behera geratu da. Utrechteko ekitaldia erori da, eta Amsterdamekoa publikorik gabe baino ezingo da egin. Duda egiten dut. Hotzean pentsatuta neure bidaiak ez du zentzu handirik. Baina antolatzaileak eta editoreak animatuta daude, eta animatu egiten naute. Ekitaldia horrela burututa ere oihartzuna lortu daiteke prentsan, sare sozialetan.

Neu ere animatzen naiz azkenean. Egia esanda, badakit kalkulu zorrotz bat eginez gero, edozein emaitzak bidaia ez egiteko gomendatuko lidakeela. Bidaiatzeko sei egun geratzen direnean tendinitis bat sufritzen hasten naiz eskuineko oinean, herren ibiltzera behartzen nauena. Baina sei egunetan sendatuko zait, ezta? Hamar egun, esan du medikuak. Ez diot jaramonik egin. Badago seinaleak entzuteko garaia eta seinaleei ez entzunarena egiteko garaia.

Asko izan dira azken bi urte hauetako dezepzioak, bertan behera geratutako bidaiak, azken momentuan anulatu diren hitzordu gustagarriak, toki exotikoetan eman ditudan online hitzaldiak. Zer kontatuko dizuet ba. Nork ez du izan, azken urteetan, errealitateari tu egiteko gogoa? Erresistentzia ekintza bat izan daiteke abentura holandar hau. Badago erresignaziorako momentu bat, eta borroka egiteko momentu bat. Nire liburuaren promozioari baino emango didan onura psikologikoari begiratu behar diot. Normaltasunaren ilusioa. Zirkunstantzien gainetik altxatzeko adorea eta indarra. Gainera, ausartek zorte ona erakartzen dute! Eta hoteleko buffetean ezezagun interesgarri bat ezagutzen badut? Maleta egin eta banoa!

Triste eta lainotuta dago hiria. Hotza ez, zorionez. Baina ez dago non afaldu. Fruta eta jogurta supermerkatuan erosi eta hoteleko logelan jan dut. Gosaria ere hala egin beharko dudala esaten didate harrerako neska-mutilek. Erretilu bat hartu eta logelan gosaldu beharra dago. Gosari tristearen argazki bat egin dut Instagramera igotzeko. Akabo ezezagun interesgarria ezagutzeko ametsa. Hiritik paseatzera atera naiz gero, oraindik herrenka. Neure patua bizikleta batek harrapatuta hiltzea dela bururatzen zait, seinaleei kasu ez egiteagatik ordaindu beharreko prezioa.

Baina ez! Bizirik atera naiz paseo horretatik eta saiatzen naiz berriz ere adoretzen. Bada, publikorik gabeko liburu aurkezpenaren ordua heltzen da eta suelto eta lasai hitz egiten dut, eta jende jator askoa ezagutzen dut eta gero afari begano ederra prestatzen digu aspaldi amsterdamtutako bilbotar ederrago batek. Pandemiaz ahaztea ere lortu dugu momentu batez, irrien artean. Ondo egin dut, esaten diot neure buruari. Kontrakoa ematen bazuen ere, merezi izan du zirkunstantzien aurka borrokatzea, liburua honaino laguntzea.

Biharamunean jota nago. Ez dut ondo lo egin. Eztarrian azkura bitxi bat sentitzen dut. Erretiluko laranja-zuku tristea edan—argazkirik ez oraingoan— eta aireportura noa. Herrenka bilatzen dut hegazkineratzeko atea. Autobus batean sartu gaituzte baina autobusa ez da mugitzen. Hamar minutu. Hogei. Azkenean anorak fosforitoa daraman gizon batek esaten digu hegazkinaren gurpil bat zulatu dela, eta horregatik gaudela hor, zain ezleku horretan. Hara, pentsatu dut, ez nau bizikleta batek hil neure patua hegazkin honetan hiltzea zelako. Pentsamendu ilunak berriro ere. Baina ez. Konpondu edo aldatu dute gurpila halako batean eta sartzen utzi gaituzte. Garagardo bat eskatu dut hegazkinean, Amsterdamen hartu ezin izan ditudanengatik, eta Bilbora heldu gara istant batean. Baina ordurako benetan txarto sentitzen naiz, sukarra dudala esango nuke, eta etxera eraman nauen taxilariari farmazia batean geratzeko eskatu behar izan diot, antigenoen test bat erosteko.

Positibo atera da. Nire duda guztien erantzuna. Bi marratxo gorri, esaten dutenak: badago seinaleak entzuteko garaia eta seinaleei ez entzunarena egiteko garaia, badago erresignaziorako momentu bat, eta borroka egiteko momentu bat. Zailena, akaso, bi garai horien artean bereiztea da.

(Tendinitisa behintzat sendatuko ahal zait sofatik ezin altxatuta nagoen honetan!)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.