Noiz sortua: 2020-03-22 00:30:00

LAUHAZKA

Atzeko balkoitik

Dozenaka pertsona, trena hartzeko zain, astearte goizeko lehen orduan, Madrilgo Atotxa tren geltokian.
Dozenaka pertsona, trena hartzeko zain, astearte goizeko lehen orduan, Madrilgo Atotxa tren geltokian. MARISCAL / EFE

Xabier Gantzarain -

2020ko martxoak 22

Dena bertan behera, dena etenda, dena ez: langileek lanera joan behar dute. Ez dakit kapitalismoaren argazki zehatzagorik ikusi dudan aspaldian. Konfinamendua ezarri da Espainian, eta garbi geratu da mugaz alde honetakoak espainolak garela, gure oasia ispilatzea besterik ez zen, jendea ezin da etxetik atera, distantziak gorde behar ditu, ilarak daude erosketak egiteko, urruntze soziala deitu diote, izua eragiten du kontzeptuak berak, ezin da paseo bat ematera irten, isunak ezarri dituzte, arduraz jokatzeko eskatuta ez da nahikoa antza, arduragabeak gara, etxean geratu gara, baina langileek lanera joan behar dute. Eta denok ez daukagu autoa, banaka joateko gure aire burbuila ustez garbian, trena hartu behar dugu, metroa, autobusa, jende artean ibili behar dugu, partikula elementala egon daitekeen azalera bat ukitzeko arriskua dugu, birusa harrapatzekoa eta zabaltzekoa, baina katea ezin da eten. Produkzio katea, lotzen gaituen katea.

Dena bertan behera, dena etenda, baina AHTaren eraikuntza lanak ez.

Arrazoi du Macronek, hau gerra bat da. Arrazoi du Warren Buffetek, hau klaseen arteko gerra bat da, eta aberatsak ari dira irabazten.

Martxoaren 13an Dinamoa ixtea erabaki genuen, eta ohar labur bat argitaratu:

«Koronabirusaren hedapen azkarra ikusita, arduraz jokatu eta Dinamoa sormen guneko jardun guztia etetea erabaki dugu, eta erabat ixtea eraikina, osasun agintariek bestelakorik agindu arte.

Etxean sartuta egon beharko dugun tartea erabil dezagun pentsatzeko, irakurtzeko, entzuteko, lasaitzeko, jolasteko, maitatzeko, zaintzeko, sortzeko: mundu berri bat, ahal bada.»

Gorka Bereziartuaren txioa irakurri nuen gero: «Ongi dago etxean geratzen garelako sentitzen dugun gailentasun morala, baina igual asuntoa da badagoela jendea ateratzera behartuta dagoena, estatuak, patronalak eta gauza horiek behartuta. Igual traolak ildo honetatik jo behar luke: #ItxiGuztiaEtaOinarrizkoErrentaDenentzat».

Eguneratu egin beharko genuke Nanni Ballestrini, ze liburu ederra, bidenabar, eskerrik asko Katakrak: Den-dena itxi nahi dugu. Baina ez orain soilik, birusarena pasatu arte. Ze bestea hori da, 2007ko krisiarekin bezalaxe, denok sinistu nahi dugu hau pasatuko dela eta lehen bezalaxe bizitzeko aukera izango dugula. Baina mundua pikutara doa, larrialdi klimatikoan bizi gara honezkero, akordatzen Zaldibarrekoarekin?

Ezin da dena itxi, badakit. Ospitaleak ezin dira gelditu. Egon behar du ordea hau hobeto antolatzeko moduren bat. Ezin dugu kapitala bizitzaren aurretik jartzen utzi gehiago.

Gauza hauei bueltaka ari naiz azken egunotan, atzeko balkoian.

Komunitate bati mugak jartzea da konfinamendua, eta halaxe ezarri dio Espainiako estatuak, Frantziakoak bezalaxe, bere herritarrei, guri alegia, etxean geratzeko agindua. Baina joan beharko dugu pentsatzen geure buruarentzat zein muga nahi ditugun. Zer irabaziko genukeen independentzia lortuta, estatuek batere indarrik ez omen duten garaiotan estatu bat izanda.

Esango duzue, arrazoiarekin, hori erraza dela pentsatzen atzeko balkoian, garagardo lata batekin, Testura entzuten ari zaren bitartean. Eta zailagoa dela egiteko. Jakina.

Denok bihurtu gara ezinbestean Oblomov, eta abuztuko oporretan gertatzen den bezala, hil ala bizikoak ziren hainbat kontu jada ez dira hain urgente, presazko eta definitibo, galdu egin dute garrantzia, hutsalak bihurtu dira, eta galdezka hasi gara: zertarako?

Abuztuko oporretan izan zen, bukaeran. Alabak galdetu zigun: zertarako joan behar duzue lanera? Hurrengo urtean berriro oporretara etortzeko. Erantzun orduko ohartu ginen ze gauza ilogikoa zen. Eta gero eta ilogikoagoa da; behar ez duguna ekoizteko egiten dugu lana, behar ez duguna erosteko irabazten dugu soldata, daukagun bakarra emanda trukean: denbora.

Kontua da, eta hau bai erabaki behar dugula urgentziaz, zer den behar duguna. Eta batez ere zer den behar ez duguna. Pertsona bezala, herri bezala, giza talde gisa, animalia gisa, munduak iraungo badu eta munduan ondo samar biziko bagara.

Konfinamendu egunotan gauza asko ari naiz irakurtzen, baina Urko Azpitartek sarean jarri duena gustatu zait.

Margaret Mead antropologoari ikasle batek galdetu omen zion: zein da humanitate zantzurik zaharrena? Ikasleak espero zuen gezi baten punta halako lekutan, edo eltze baten zatia, baina erantzuna beste hau izan zen: femur hautsia eta lotua.

Femur hautsiak, naturan, heriotza esan nahi du. Ezin du ihes egin, ezin da ur bila eta janari bila joan. Harraparien bazka bihurtzen da. Ezein animaliak ez du irauten hezur hautsi bat osatzeko adina denbora.

Femur hautsi gero lotuak esan nahi du beste pertsona batek zauritua artatu zuela, zauria garbitu ziola, jaten eman ziola, zaindu egin zuela, osatu eta suspertu zen arte. Talde elkartasunak baino ezin du miraria egin, zaintza konstante eta kolektiboa behar baita femur hori soldatzeko.

Txikitan perthes pasatu nuen, osasungintza publikoan artatu ninduten. Hiru urterekin, ia bost hilabete pasatu nituen ospitalean.

Orain, atzeko balkoian, lotsatu egiten naiz txalo egiten, begiak betetzen zaizkit-eta bakoitzean.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Maiatzaren 29an eguneratua, 19:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan lau pertsona hil dira COVID-19 gaitzaren eraginez, 22 positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta bi gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 29.107 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.056 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Lanbide arduratuko da errenta berria banatzeaz. ©JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Iritsi da bizitzeko gutxieneko diru sarrera, muturreko pobrezia murrizteko

Irune Lasa

Espainiako Gobernuak diru saria onartu du, eta ekainean bertan hasiko da ordaintzen. Hegoaldean, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak kudeatuko dute

Haur bat, jolas parke baten ondoan, Zarautzen. / ©Gorka Rubio, Foku

Espainiako Gobernuak eguneko udalekuak baimenduko ditu hirugarren fasean

Jon Ordoñez Garmendia

70 urtetik gorakoentzako ordutegiak desagertu egingo dira. Gehienez hogei pertsona elkartu ahal izango dira, baina ezingo da probintziatik atera oraindik.

Donostiako Zurriola hondartza, atzo. ©Gorka Rubio / FOKU.

Murgak dio ezin direla errepikatu hondartzetan ikusi diren irudiak

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Jendea ez pilatzeko eta hondartzak modu «dinamikoan» erabiltzeko eskatu du Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Era berean, galdegin du aisialdirako bada ez erabiltzea garraio publikoa «jende asko dagoenean».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna