Ximun Fuchs.
LAUHAZKA

Kazolak ala apalak

2020ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Joan den arratsean, etxetik atera naiz zaborrak botatzeko. Zonbien mundura menturatu naiz, kale isil eta arriskutsuetan. Kasualitatez, arratseko zortziak ziren. Eta nahi gabe, performance txiki baten aktore bihurtu naiz. Dakizuen bezala, zortzietan, arrats oro, jendea leihora ateratzen da bere kazol zaharrak eskuan. Harrotasun zerbaitekin, eta kontzertu postmodernista batean, herritar oro azaltzen da gure mediku-zaintzaile-erizain guztiei eskerrak emateko.

Kalean noa, beraz, haizearen firfiran, eta bat-batean, ezkilak zortzi aldiz jo du... eta ehunka pertsona, ballet erraldoi batean bezala, balkoietara atera da. Pijamaz jantzia, kazolaz armatua, herritar bakoitzak atera du bere Carmina Burana-rik sakonena. Izaeraz ameslaria naizenez, zalapartak erdi izuturik esnatu nau. Besoak dilindan, zaborrak eskuetan, balkoietara so egin dut. Hedatu zen poz bat... Elkartasuna, beste molde batean bizitzeko gogoaren adierazpen ederra, neure bihotzean sartu zait. Emozioak hartuko ninduenean, bikote batek ikusi nau, eta, gaizki ulertu baten beldurrean, zalaparta seko gelditu du. Kazolak jautsi dituzte, arin-arin. Ez zuten txalotzen nindutela sinetsi nezan nahi. Pentsatu dut agian ni ez nintzela onen lubakian izango gerla honetan. Beharbada txar bat nintzen, nork daki? Edo ez beraien aldekoa, ez haien gustukoa, edo ez balkoi onekoa.

Lotsa hedatu da. Performancea luzatzeko asmoz, irri bat egiten diet, neure hortz ederrenak erakutsi nahian. Erran nahi nien, «ei, neu ere elkartasunaren aldekoa naiz!». Zabor poltsak eskuan, kuku bat egiten diet eskertzeko, eta haiekin bat egiteko. Erantzuna zentzubitasunik gabekoa izan da: balkoitik egongelara sartu dira ziztu bizian, eta gortinak itxi dituzte. Ni, zur eta lur, plazaren erdian geratu naiz, zaborrak eskuetan, balkoi hutsari begira. Zonbien lubakian kokatua sentitu naiz, zibilizazioaren lubakiaren parean. Galdera ikurrezko forma zuen aurpegi batekin etxera sartu naiz.

Kuriositateak janik, erabaki dut nihaurrek inkesta bat egitea eta telebista piztea, edonork egin lezakeen bezala funtsean. Munduaren irakurketa bizkor bat egin nahian, edo hobekiago erranda, munduak egunero zer irensten duen jakiteko gosearekin. Gutxienez ulertzeko zertan den gizartea, zertan diren nire auzokoak lubakien mundura buruz behera murgiltzeko. Irudiak adierazgarriak izan dira: gatazkaren itzala hor da. Agintari askok gerlaren metaforak erabiltzen dituzte, eta ezohiko neurriak aho batez onartzen, militarrak kaleetan zabaltzen, eta telebista kateek ahots berdinak buklean hedatzen dituzte. Kritikarik gabe, gibeltasunik gabe, batasunaren izenean. Halako batean, Bilboko kale bat agertzen da pantailan. Eta erdi-erdian, lotsarik gabe, inongo beldurrik gabe, poliziek elbarritu mental bat eta haren ama jotzen dituzte eta lurrera botatzen. Trintxeren garaia. Ahulak jo, denen begietara, eta telefonoen grabaketek balio dezatela: gizarteak ez du ahaztu behar hemen nork agintzen duen. Hemen justuki, hala egin izan da beti. Batzuentzat beharrezkoa den aldi oro, hala gertatuko da. Jo, umiliatu, beldurtu. Hausnartzeko eta kritikatzeko aukera ez badugu ukanen, edozein bide segitzeko prest izango gara: edozein erreforma, lege, ohitura, uniforme... berdin da. Zonbiak bezala ibiliko gara behe-laino artean, edozer gauza onartzeko prest izango gara, segurtasun eske, bizirauteko esperantzan.

Neure jakitate gosea asetzeko asmoz, egunkaria Interneten irakurtzen jartzen naiz. Eta, zaharrek egin ohi duten bezala, nekrologia berria begiratzen dut. Bizirik irauten dudala segurtatzeko seguruenik. Zenbat kutsatu, non eta horrelako gauzak. Euskal Herriko mapa bitxia da; Iparralde guztia zuria da. Euskal Herrian lubakia berriz markatu da: Hegoaldea eta Iparraldea. Iparraldea zona zuri bat da, Iparralde urrun eta hotz hori... Neure herriaren gainean klikatu nahi dut, eta ezin. Orduan, bilatzeko karratuan neure herriaren izena sartzen dut. «Location not found». Iparraldea, desagertu da. Ezin da aurkitu. Non bizi naiz? Not found-en. Militarrak kaleetan ibiltzen diren garaietan, salbuespeneko egoeretako neurriak hartzen direnean, inperio handien mugak letra larriz markatzen direnean, poliziek inpunitate osoz jokatu dezaketenean, handitzeko nahiarekin txikia zapaltzen denean, denari men egitea al da aterabide bakarra?

Sare sozialetan sartzen naiz. Saiatzen naiz irakurtzen nonbait, zerbait, euskal kultura babestuko duen irizpide politiko bat, proposamen bat. Frantziak, Alemaniak egin dute jada, eta Euskal Herriak? Bihotzeko mina sartu zait. Euskal Herri guztia, euskararen lurralde guztia babestuko lukeen adierazpide gutxi, eta neurriak zero. Hil dadila gure hizkuntza, gure ametsen irudia, gure historia, eta hil dadila isilean ahalaz. Adituak, gauza seriosetan ari dira lanean.

Irratia pizten dut, eta ekonomia aditu bat deskonfinamenduaz ari zaigu mintzatzen. Neure buruari ari naiz galdetzen zer egiten duen horrek hortaz hitz egiten, ez baita medikua, soziologoa, ez eta izurriteen historialaria... Baina zertarako ez, azken finean? Ez al dira horiek gaur egungo apezpikuak? Ez al dute horiek erraten zer den on eta zer txar, nola portatu behar garen, nola xahutu behar dugun gure ondasuna? Hitzez hitz, ondoko hitzak erraten ausartu da: «Telefonoen geolokalizazioaz izutzen den jendeari, zera eskatu nahi nioke: Zer nahi dugu? Askatasun pixka bat galdu eta lana berreskuratu, ala gotortu balizko askatasun sinbologiari eta lanik gabe egon?». Irratia, telebista eta ordenagailua itzali ditut. Eta bekainen arteko galderazko ikurra handitu zait. Zeren galdera ez da nola aterako garen konfinamendutik; galdera da: Zertarako? Zer nahi dugu? Orduan jakingo dugu nola atera itxialditik. Erantzunen bidexka neure hizkuntzan aurkituko dudala susmatzen dut, neure herria, neure ametsak, neure utopiak hor gordetzen baitira. Apaletik atera dut liburu bat eta hauxe irakurri dut: «Maite genituen gauzengatik erori ginen preso, baina gure maitasuna oraindik ez dago preso». Zenbat zentzuzko erantzun aurki daitezkeen etxeko apaletan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.