Ximun Fuchs.
LAUHAZKA

Xendrak eta etxeak

2020ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Berez, politika (hitz potolo batekin hasi naiz, barkatu) bi moldetan ulertu daitekeela erran ohi da. Modu hedatuena eta praktikatuena da politika aipatzean kudeaketa ulertzea. Politika egitea neurriak hartzea da, estatu edo erakunde egitura baten bitartez egiten den jarduera bat. Politika horrek bere zeremoniak ditu, bere errituak, jantziak eta mozorroak, eta horrek denak ematen dio zilegitasun sozial bat (zabala, ahal denean...). Orain bizi dugun krisia nahiko adierazgarria izan da zentzu horretan. Ekaitza bezain gaiztoa eta ulergaitza den pandemia bat zerutik erori zaigu, eta gaitzak eragindako sarraskia eta kaosa neurriz eta ahalbidez kudeatzen dira. Estatutik estatura, handienetik txikienera. Handienek erabaki behar omen dute, handienak direnez, urrunago ikusten dutelakoan. Noski, izurrite horrek agerian uzten ditu sistemaren ahuleziak eta zentzugabekeriak. Noski. Eta arazo bat desagertzeko modurik hoberena ez al da arazoa bera gainetik kendu, eta albokoaren teilatu gainean ezartzea?

Itxialditik ateratzeko baimena eman zaigu, baina bete ezin den ekuazio baten barnean murgilduta. Gure haurrak, familia, lagunak, lana... zaindu nahi baditugu, gure segurtasuna eta osasuna bermatu nahi baditugu, bete ezineko neurrien artean eslalomean ibili behar gara (eta hori, neurriak ulertzen ditugunean...). Garraio publikoetan, pasealekuetan edo lanean ezin ditugu bermatu ezinbestekoak diren begirunea eta ernetasuna. Haurrak hezteko edo zaintzeko, inork ez ditu behar lituzkeen tresneria edo ahalbideak (ez guraso, ez irakasle, ez hezitzaile edo ikerlari...). Gure hizkuntzan elikatu ahal izateko, pentsatzeko, sentitzeko, cromagnonen ahalbideak ditugu (zenbat film edo serie ikusi ditugu euskaraz, eta zenbat ingelesez, frantsesez edo gaztelaniaz?). Eta orain arte euskaldunak babestu gaituen saretze eta elkartasun tresneria herrikoi miresgarriak gakotuak izan dira, edo hala iduri du behintzat.

Horrez gain, krisi sanitarioari tsunami ekonomiko erraldoi bat eransten ari zaio. Orduan, politika ikuspegi horretatik, nola egin sistema bertan behera eror ez dadin? Buztinezko zangoak zituen jigantearen kontakizunean bezala gerta ez dadin, nola jokatu? Etsaiak sortuz. Arazoa biztanleriaren teilatu gainean ezarriz. Beldurra dela medio, etsaia auzokoa bera izan daiteke, ez? Indar armatuak hedatzen dira kaleetan, saguzarrak bezain azkar... Sobera jende paseatzen dabil? Droneak eta isuna. Gaixo bat kalean? Komisariara. Poliziaren desmasiak filmatzen eta hedatzen dira? Isuna, Bilbon gertatu den bezala. Esku batean makila, eta bestean diru laguntza. Baina laguntza hori belauniko mantentzen gaituen laguntza bat izan dadila. Zerbait sinbolikoa eskaintzen da eta horrek ondoko laguntza eskatzera behartzen gaitu; eta beste bat, eta beste bat... Eskale bihurtu arte.

Aspaldian ezagutzen dugu politika ulertzeko bigarren bide bat, oso sinplea, denok gure etxeetan praktikatzen saiatzen garena: justizia. Politika justizia esparru baten sortzea izan daiteke, ez? Berdintasuna helburu duen justizia jarduera bat politika deitu daiteke. Berdintasuna erraten dudanean, ez dut frantses oligarkiak ulertzen duen berdintasuna aipatzen, non denak ni bezalakoak izan behar diren. Ez, aipatzen dut gure ezberdintasun eta ugaritasun guztiek osatu dezaketen berdintasuna, eskubidea aipatzen dut, eskuzabaltasuna aipatzen dut, kooperazioa. Krisi honetatik atera nahi badugu duintasun zerbaitekin, molde berriak jorratu beharko ditugu, arbasoek etxean egindako xendren bidetik.

Mugalari herri bat gara, eta etxeetan, baserrietan edo hirietan gainetik etorritako arauak gure erara ulertu ditugu, beti. Eta gure herriak ezagututako krisi edo gerla guzietan, kooperazioak bermatu digu biziraupena. Hau izan da gure jendarteak politika ulertzeko duen moldea. Maitasunetik. Maitasuna bere zentzu hirukoitzean. Maitasuna desio bezala, zeren desio dut zurekin eraikitzea, biziko mendien zeharkatzea. Maitasuna laguntasun bezala, zeren elkartasunak inoiz baino alaiago egiten gaitu. Maitasuna enpatia bezala, zeren zure mina ulertzeko gai banaiz, orduan neurea uler dezakezu.

Bide horiek gure mendietako bideak bezalakoak dira, dena bihurgune, dena makur. Urteetan kabalek zein jendeek marraztutako bizi pusken aztarnak. Herriak lotu dituzten zainak. Herria, gure hizkuntzan, hiru zentzutan ulertzen dugu (populua, nazioa eta udala). Eta gure maitasuna hiru eskala horietan pentsatuz, politika edo justizia esparru guztietan ekinez, gureak ez diren mugak zapartatuz, biziraun dezakeen etxe bat eraiki dezakegu.

Itxialdi honek agerian utzi digu gure etxearekin genuen harremana (zentzu literal zein metaforikoan). Etxeak izan dira gure aurpegien ispilua, eta eskas genuenaren itzala; senideen babesa. Gure historia luzea da, eta ezezaguna. Gure historia gure etxeetan kontatu da eta mundua ikusteko genuen tresneria gure hizkuntzan gorde dugu, euskara gure altxorrik garrantzitsuena izan baita beti. Bizirauteko giltza. Mendietako bideak bezala. Gure etxeak bezala. Ondarea eta etorkizuna besarkatzen dituen bihotza. Eta gure artearekin, ureztatu dugu. Ezaguna omen da euskaldunak oso egoskorrak garela; ba horrela bada, horrela segi dezagun: gauzak gure erara ulertzen, antzezten eta kantatzen.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.