Literatura

Itsasoa, itsasoa

Stanislaw Lem idazle poloniarrak ehun urte beteko zituzkeen aurten, eta duela hirurogei kaleratu zen haren obra nagusia, 'Solaris' eleberria; nobela bikaina da, klasiko peto-petoa.

Stanislaw Lem, 1962an, Krakovian (Polonia). EFE.
2021eko azaroaren 28a
00:00
Entzun
«Thalatta! Thalatta!», oihukatu zuten, Xenofonteren Anabasian, Asiako itzulera egiten ari ziren hamar mila greziar desesperatuek, «itsasoa, itsasoa», kosta ikusi eta bihotza erdiraturik, persiarrei eskapu egiteko esperantza konplituko zitzaielakoan. Itsasoaren deiadar horrek literatura idatziaren historia osoa korritu du, eta haren oihartzunak, denboraren poderioz, ezin konta ahala itsas epopeiatan ailegatu dira gaurko egunera. Xenofonteren Hamar Milek itsasoa begiztatu zutenerako, Odiseako bertso artean idatzi gabeek aspalditik aipatzen zuten itsasoa, Homerok «ardokara» deitzen zuena, eta aurreneko itsas abentura haren sokari tiraka papereratu dira gaurdaino Defoeren Robinson, Melvilleren Ahab eta Conraden Marlowe, beste asko beste.

Stanislaw Lemen eleberri nagusia, marinelen abenturetatik urrun egonagatik, itsas epopeien tradizioaren argi-kontra leitu daiteke, eta arrunt argigarria da hala irakurtzea. Azken batean, Solaris-ek giza espeziearen azken itsasaldia kontatzen du, metaforikoki bada ere. Istorioa etorkizunean girotua dago; gizakia, hedapen espazial betean, Solaris planetara ailegatu da, zeina itsaso lodi eta txit estrainio batek estalia baitago. Ozeano estralurtarraren jarduera bizi eta esplikagaitzari erreparatuta, litekeena da itsasoa bera izaki adimendun bat izatea; Solariseko biztanle bakarra, alegia. Planeta orbitatzen duen estazio batetik, giza solaristek hamarkadak eman dituzte ikerketan eta itsasoarekin nola edo hala komunikatzeko eginahaletan, alferrik ordea; Solariseko itsasoa, izan ere, gizakien adimenak ezin zeharkatuzko horma bat da. Ezintasun horrekin abiatzen da nobela, eta nolabait ere leku berera itzultzen da bukaerarako.

Giza entendimentuaren ezina, gai gisa, Stanislaw Lemen obra osoaren bihotzean dago, eta aldamio filosofiko sendo batean bermatzen da Solaris nobelan. Gizakien ezagumena (eta, hortaz, ezagutza) gizakiaren beraren heinekoak baitira, Lemen ikusmoldean giza adimena ez da bere kondizioaz harago jotzeko gauza, eta beraz ezin du konprenitu gizakiaren neurriaz gaindiko errealitaterik, helbururik edo zentzurik. Ezer entendituko badu, gizakiak bere neurrira ekarri beharra dauka ezinbestez. Gogoeta bide horrek «imajinazio antropomorfikoa» delakoa dakar, idazleak zorrotz salatzen zuena. Etsenplu gisa, burubide pobrea iruditzen zitzaion estralurtarrak beti humanoide gisa irudikatzea, eta, joera horren kontrakarrean, itsaso forma eman zion Solaris-eko izaki estralurtarrari.

Gizakia gizakiaren neurri

Giza enteleguaren ezinak eta mugak irudikatze horretan, ideia nagusi batek blaitzen du Solaris: gizakiak bere burua besterik ezin du ezagutu. «Gizakia beste mundu eta zibilizazio batzuen bila partitu da, esploratu gabe utzirik bere amildegi propioak, bere korridore ilunen eta gela sekretuen labirintoa, eta argi egin gabe bere baitan zarratutako ateen misterioari». Obra osoan han-hemenka garatzen da ideia hori: «Geure buruaren atzetik gabiltza. [Itsasoaren] fenomenoen zioa aurkitzen saiatzen garen istantetik, antropomorfismoan erortzen gara. Gizakirik ez dagoen lekuan ez dagoke gizakiek ulertzeko moduko ziorik».

Horretan datza Solaris-en eta abenturazko kontakizun ugariren arteko lotunea: istorioan edo bidaian aurrera egiteak norbere baitan gero eta gehiago murgiltzea dakar, gizakian gero eta barnerago jotzea, alegia. Solaris-en ez dago kanpo bidaiarik per se, ez marinelik edo akzioz jositako abenturarik, baina estazioko giza jendeak, Atlantikoa gurutzatzen duen pakebote zorigaiztoko baten tripulazioak nola, itsasoan isurtzen ditu bere ekinak eta ezinak, nekeak eta eldarnioak. Itsasoaren aurrean, protagonistek muturrera eramaten dituzte giza existentziaren gaineko funtsezko itaun guztiak; gizakia zer den, zer den adimena, noraino ote den gizakia aske, zer helbururekin dagoen mundura jaurtia... Itsaso estralurtarrak pertsonen baitan dirakiten grina guztiak azaleratzen eta gainezkatzen ditu, aldi berean giza existentzialismoaren iturri, ispilu eta helburu.

Ordea, hasieran itsaso hori soro elkor bat baino ez da, zeinak ez baitie isuritako kezken oihartzunik ere itzultzen estazioko tripulatzaileei. Mututasun horretan loratzen da giza kondizioaren tragedia: Lurretik milaka kilometrora, muga guztien muturreraino ailegaturik, gizakiak pareta zeharkaezin batekin egin du topo. Giza existentziaren alferra irudikatzen du kinka horrek, zeinak ez bide baitu, horrenbeste neke eta oinazeren ondoren, ezjakintasun betearen etsi gaiztoa beste ondoriorik.

Azkenerako, baina, itsasoak ematen du bere arrapostua, denik eta erarik durduzagarri, ustekabeko eta konprenigaitzenean eman ere. Giza simulakroak bidaltzen dizkie estazioko biztanleei, klon edo kopia gisakoak, egiazko gizakien berdin-berdinak, tripulatzaileen beraien oroimenetik erauziak eta ex nihilo sortuak, hutsetik bezala. Gizakiak, bere kezkak eta grinak itsasoan hustu ondoren, gizakia jaso du bueltan, eta aniztu egin zaizkio ezinegon existentzialak. Gizaki al dira hutsetik sortu diren giza kopia horiek? Zertan dira, bada, estazioko biztanleen desberdinak? Simulakroen agerpenak hamaika hari muturretan ugaritzen ditu galdera guztiak, eta kontakizunaren errealitatea amets-eldarniotan eta oroitzapenetan uhertzen du. Era horretan, irudi lezake Lem existentzialismo ezkor batera lerratzen dela, eta auzi eta galdera guztiek giza eginahalen alferra beste aterabiderik ez dutela. Baina, benetan, Lemek erantzun gabe uzten ditu galdera guztiak. Irmotasunez, zera baino ez du baieztatzen:

«Auzia geu gara; giza ezagutzaren mugak, alegia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.