Oier Iruretagoiena.
LAUHAZKA

Igandea

2021eko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Aurretik ere ba omen zebiltzan, baina iazko itxialdiko hilabeteetan bereziki ikusgarri bihurtu zen Amazoneko banatzaileek igandeetan ere lan egiten dutela. Birusaren zabalpenak sortutako egoerak berebiziko bultzada eman zion merkataritza elektronikoari, eta, dirudienez, hor berdin dira astea eta jaia. Bestalde, noizean behin itzultzen den eztabaida da dendetako ordutegien liberalizazioarena, eta, ordutegiak luzatu beharrik gabe ere, posfordismoaren garai hauetan laneko kezkek aise gainditzen dituzte ezarritako lan ordutegi eta egutegiak.

Horiek horrela izanik ere, igandeak egun motela izaten jarraitzen du oraingoz, edo asteko egunik motelena bederen. Gainontzean, mugimendu askoko egunak izan ohi dira astelehenetik larunbaterakoak, eta ostiralera bitartekoak batez ere. Denbora aprobetxatu beharra izaten da nagusi. Ez lanari dagokionez bakarrik, aisirako tartea heltzen denean ere egon baitaiteke denbora hori ahalik eta gehien zukutu beharrarekiko tema. Igande arratsaldeetan arintzen da etekina atera beharraren mandatu hori, eta nabaria izaten da kalean egoten den baretasuna. Ezer ez egiteko baimena ematen diogu orduan elkarri, eta aukeraz jositako orri zuri bat da ezer ez. Orduantxe egiten dut nik ondoen lan.

Artista-lanaz ari naiz. Modu oso nahasian eta motelean aritzen naiz horretan, hori delako niretzat lan-modurik emankorrena, eta ez lan-denbora kontsideratutako horretan arreta osoz buru-belarri aritzea. Batzuetan paseo bat ematea izaten da lanerako onena, eta, hala behar izanez gero, ezer ez egiteko tarteak hartzen ditut, jakinik ezer ez sekula ez dela egiaz ezer ez. Horretan saiatzen naiz behintzat, bestelako lan eta eginbeharrek uzten didaten neurrian.

Produktibo izan beharraren ikuspuntutik begiratuta, energia eta denbora xahutze handia gertatzen da artisten artean. Lanean emandako denborak ez du zertan lortutako emaitzekiko proportzionala izan. Zaila da asebeteko gaituen zerbait lortzea, eta, halakorik agertzen denean, baliteke kasualitateagatik edo akats batengatik gertatu izana. Eta kasualitate eta akatsei entzuteko beharrezkoa da sosegua. Aurrez markatutako estrategiak jarraituz eta emaitzen bila estu ibilita, dagoeneko ezagun dugunaren errepikatze eta azkartze hutsala besterik ez dugu lortuko. Pello Lizarralderi behin entzun nion bezala, egin dezakegun zerbait egingo dugu, eta ez egin nahi-behar duguna, baretasuna behar baita nahi-behar dugun hori zer den jakiteko.

Produktibotzat hartzen den denboran hain produktibo ez izatea ez da beti gauza erraza, ondokoena ez bezalako norabidea hartzea ez delako samurra. Elkar kutsatzen dugu denok derrigor, eta inoiz artista-jardunera emanda lasai ibili ahal izateko aukera izan dudanean ere, ez zait erraza izan neure buruari langile efikaz ez izateko baimena guztiz aitortzea, ondoko arotza estu eta larri ikusi badut. Horregatik gustatzen zaizkit igande arratsaldeak. Lasaitasun horretan sentitzen naizelako behar dudan sosegua hartzeko eta egin behar dudana egiteko libre. Gizartearen martxa orokorra baretzen denean. Bereziki kuttuna dut abuztuan nire hiriko kaleak husten diren denboraldi hori ere, eta ez oporretan joateagatik.

Amazoneko banatzaile bat imajina dezaket testu hau irakurtzen, eta ez dakit berak, baina ziur norbaitek pentsa dezakeela friboloa dela nahi-behar duguna zer den konturatzeko lasaitasunaren beharraz aritzea, lan-baldintza asko hain prekarioak direnean. Ulertzen dut erreakzio hori. Denok erasaten gaitu egoerak, eta artistentzat dituen ondorio zehatzak aitatu nahi izan ditut hemen. Hortik esan dezaket artistak ez duela pulamentuzkorik ezer egingo presiopean badabil. Beste inork ere ez, baina jardunbide zehatz honetan bereziki zentzugabea suertatzen da estrategiei, helburuei eta denbora-mugei jarraituz ibiltzea, egiten ari garen horren hasieratiko izate-arrazoia galdu daitekeelako.

Ezertarako ez da artea, eta hori da duen gauzarik politena. Baina ezertarako ez izate horretan, indarren bat izan beharko du; norbaiten nahi edo beharren bati erantzun beharko dio. Ezertarako ez izanda, izan lezakeen indarra ematen asmatzen ez badugu, inertziaz eta presaka gabiltzalako, eta egin dezakegun zerbait baino ez eginez... orduan, zergatik, zertarako eta zer dela-eta egingo dugu artea? Galdera horren aurrean, erantzuna ez da besterik gabe amore ematea, noski, eta egiten duguna da, ba, egoerarekin negoziatuz, ahal duguna, ahal dugun hobekien. Horretan ahaleginduko naiz orain; gaur igandea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.