Ion Celestino.
LAUHAZKA

Beste zerrenda bat

2022ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Aurreko igandean Laban izan naiz disko batzuk jartzen. Aperitifaren tarte horretan. Euri egun batzuen osteko goiz eguzkitsua. Windsorreko terrazak oraindik zabal-zabal dirau, baina egun batez, berandu baina garaiz, labatarrek zati hori ere emango digutela, segur bai. Barruan ere goxo egoten da. Adineko bi pasa dira, kristaletik barrura begira, disko-jogailuak-eta prestatu bitartean: «Esa planta está algo mustia» (Landare hori zimel xamar dago), bota du batek boz gora, eta bere hitzak barruraino aditu. Irriak.

Hamabi eta erdiak inguruan diskoak bueltaka. Eskual rare grooves & ildo beltza dio afixak. Aurretik sekula egin ez dudan erronka: soilik euskarazko kantuak ematea. Beste edozein erronka bezain inozoa, baina disko bildumazale gisa, jostagarri. Arian ari, lagun bat edo beste hurbildu da tarteka, irribarre bana ahotan, «baina hau zer da zehazki» galdetzera... Batek zerrenda gustura irakurriko lukeela. Touché. Aspaldi kantu zerrenda dotore bat osatu gabe, orain badut aitzakia.

Astebete pasa eta hemen da zerrenda. Top 10 bat emango dut, ez baita komeni sobera toki hartzerik. Argitaratze urtearen arabera antolaturik. Hurrengo batean, gehiago.

1. Ondarruko Beti AlaiMaria Cristina [1968 -CINSA- 7”]. Bujandak egin zidan aipamena behin disko honi buruz, eta leloa kantatzen hasi: «Maria Kristina zu zera ye-ye/ nik horregatik izango zaitut maite...». Kostata, baina lortu nuen azkenean. Pena da CINSAren beste disko askotan jo zuten konjuntoen laguntza instrumentalik ez izatea, baina badu hainbeste maite dugun 60's xalotasun hori.

2. SaloméKantari bizi naiz [1969BELTER -7”]. 1969ko Eurovision irabazi eta bere kantua zortzi hizkuntzatan erregistratu al zuen Salomék? Tartean euskaraz? Konfirmaturik. Augusto Algueróren garai honetako arregloen staneatzaile taldean topatuko nauzue ni, orain eta beti.

3. OñarriakBaserritarra [1970-CINSA - 7”]. CINSAren disko bilatuenen bigarren postuan, gure etxeko kalkuluen arabera. Santutxuko taldea. EP honetako kantu bakoitzak badu zer berezi bat, baina honetan goia jotzen du bildumak, farfisaren soinu, huts eta ahotsaren jolasei eta hitz ederrei esker. Kalea eta baserriaren arteko fisioa. Eta kasu, euskal diskogintzaren historiako azalen top 5ean (beti gure etxeko datuak darabilzkit).

4. Gaston JocouEuskara [197? - ELKAR7”]. Pannecau karrikako Elkar etxearen harribitxi maitagarri horietako bat. 70's rock & roll likatsua Iparragirre eta Zerbitzariren hitzak astintzeko. Bi kopia nituen garai batean eta bestea Marino Goñiri oparitzeko behar morala izan nuen behin.

5. Miren AranburuZakurrek dakite [1977Movieplay/Kardantxa7”]. Eztakit nolatan iritsi nintzen disko honetara, agian Aranbururen izena zekarrelako, ez beste ezergatik... Hargoueskin Errabal zigiluarentzat egindako lanagatik zitzaidan ezagun, baina 1977ko honek... badu zerbait hipnotikoa, sofistikazio ilun bat.

6. Urria taldeaZorroza [1979IZ12”]. Honekin hasi dut saioa. Beñat Axiari Arestiren hitzak ematen Fermin Balentziaren doinu bidez... zer atera daiteke gaizki? Urria kolektiboaren bigarren diskoa da hau. Oinarrizko obra bat, gauzak behar luketena balira.

7. PottokaNekazaritza s.o.s. [1992-GOR- 7”].Split-single honen beste aldean Balerdi Balerdiren Beti gazte kantua dator, eta balerditarrek ematen diote Pottokari sustengua alde honetan ere. Bertsio honek ez dakar 10”-tako bertsioko intro klasikoa («Azkeneko hauteskundeetan eskuin indarrek gorakada nabarmena izan dute Nafarroa osoan. Nafarroa osoan ez! Baztanen ez!!»). Punk folk ereserkia honek bere indarra lehen egunean bezalatsu astintzen du, eta aunitz urtez!

8. Las chinchetas & Dr. Maha's miracle tonicIturingo arotza [2018GOR -7”]. Plazera zait herri kantu batek hartzen ahal dituen norabide eta berrirakurtzeak entzutea. GOR diskoetxearen eskutik country girotik plazaratutako single eder hau jartzea poz berezia da.

9. Errementarians Mirakulua [2019BLANK -7”]. Kantu hau zazpi hazbeteko diskoan ez zen sekula atera, baina kopia bat badut (flex alert). Mitoa garatu egin behar dela esaten da hor zehar... Skinhead reggae estiloko danbateko harrigarria, Bilbo aldetik omen datorren Errementarians izeneko talde misteriotsuarena.

10. Argizulo ta BeñaranksBadet [2022SUA industry -12”]. Egiari zor diskoa in extremis iritsi da sesiora, Zazpe a.k.a Z'erua-ri esker. Riddim ederraketa hitzetan harrapatu nauten amuak eskaintzen ditu: «Early B bezala/ ni naiz petrikilo». Scorcha!

Tartea hartzen dugunean Telmorenera joateko hitza emana dugu. Baietz hauetako batzuen batzuk han entzun! (Beñat deituidak telefonotik, mese).

Lagun batek esan zidan (edo nik honela ulertu nuen) periodikoan idatzi behar nuela beste batzuek idatziko ez dutena. Agian gaurkoa gehiago da irakurri nahi izango nukeena. Ez dakit hor beste inor ote den. Laban antolatutako hurrengo disko-jartzean han izango gara, entzule oraingoan, doinuak aditzeko eta tartarrean egiteko prest.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.