Ximun Fuchs.
LAUHAZKA

Edertasuna ala izua

2020ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Mugaren alde honetan, Iparraldean, ezinbestekoa ez den jarduera oro debekatua zaigu. Agindu horrekin, ezinbestekoa dena eta ez dena letra larriz adierazia da, eta komunitatean bizi den kultura ez da sartzen ezinbestekotasun horretan. Norbanakoak bere etxean kultura kontsumitu dezake, garai batean euskara mintzatzen ahal zuen bezala. Etxean, ezkutuka, norbanako gisa, nire mundu intimoa elikatu dezaket, baina ezin dut partekatu, partekatzea ez baita ezinbestekoa (albistegietan hala esan digute, beraz, hala izango da, ez?). Hots, Edipo mundutik Narcisen mundura murgiltzeko agindua jaso dut, denen hobe beharrez, arbasoengandik jasotako kulturatik neure egozentrismo hiper boteretsura pasatzea ontzat jotzen da.

Medikuak mintzatu dira frango, errana izan da zer den egia eta zer ez den. Baina ez da sekula erraten medikuntza bera zer den. Hipokratesek, Epidemia deituriko idatzietan, medikuntza arte bezala definitzen du: gertakarien, sintomen, norbanakoen eta testuinguruaren araberako interpretazioaren arte partekatu bat. Hau bera azaltzeko, askotan erabiltzen den adibidea da, eta sentitzen dut berriz ere hau ateratzea, lobotomia deituriko ebakuntza da. Egas Monizek asmatutako teknika izugarri horrek Nobel saria irabazi zuen 1949an, pentsa. Zalantzek eta elkarrizketek eskizofrenia sendatzeko beste baliabide batzuk ekarri dizkigute, eskerrak...

Botere guneen irizpideak segituz (politika ganbarak, komunikabideak, polizia, justizia...), medikuntza ezinbestekoa ote da orduan? Ulertzen dudanez, zientziak, berez, galderak eskaintzen ditu erantzunak baino gehiago. Ikerketa liluragarri gehienek funtsezko galderak erditzen dituzte. Baina zientzia ulertzeko eta edukiaz jabetzeko (edozein zientzia, gizarte zientziak barne), pentsaera kritikoa eta erretorika gaitasunak garatzeko ahalmena eta kultura beharrezkoak ditugu. Baina hau, justuki, hau debekatu egin digute. Herritarrak analisi kritikoaz eta erretorikoaz desjabetu dira, ez baita irizpide kritikorako espazio librerik existitzen gehiago. Eta gehienbat horrek kezkatzen nau, ez baita lehen aldia gertatzen dena gure historian. Pandemiaren kudeaketak pandemia bezainbat kezkatu behar gaituela uste dut, batak besteko albo kalteak utziko baititu.

Kolpe traumatiko batean bezala, egunero errepikaturiko zifren menpe, agonia psikikoan sartu gara, heriotzaren beldurrean, lagun eta senideengatik izutuak. Beldur errepikakor horrek pentsaera izoztu digu. Informazio kontraesankor eta etengabeak gure gogoetarako espazioa kolonizatzen du erabat. Erruduntasunean, eguneroko bizitza eramaten saiatzen gara, baina ez bagara ondo portatzen, gauzak okerrago joango direla behin eta berriro errepikatzen zaigu. «Ondo portatzen bazara, beharbada ez zara konfinatua izango. Zer nahi duzu? Zure aita edo amona ospitalera bidali? Zertan dabiltza zure haurrak? Lanera joan behar zara, bestela, ekonomia hankaz gora botako duzu eta txirotasunean eroriko zara, lanik gabe. Baina zure haurra etxean geratu behar da, denon hobe beharrez...». Ez naiz gogoratzen irratian jasotako agindu paradoxiko guztiez... Agindu paradoxikoek paralizatu egiten naute, eta Stockholmeko sindromean murgiltzen naiz: nire pentsaera eta erabakitzeko gaitasun osoa bahitzailearen eskuetan uzten dut, eta agindu bakoitza neure egiten dut. Dudaren bat sartzen bazait, edo desadostasunen bat, pertsekuzioaren beldurra agertzen zait: badakit zenbat isun jarri diren egunean bertan, zenbat atxilotu… irudietan indarkeria da nagusi.

Ihesari bidea mozteko, zatiketa nagusitu da. Barne zatiketa. Hannah Arendtek deskribatu bezala, jatorrizko taldeak banatu dira, adinaren arabera, edo etxeen barnean bertan. Kultura suntsituz komunitateak puskatzen dira, elkarguneak debekatuz eztabaida desagertzen da komunikabide eta sare sozialetako monologoen mesederako. Segurtamenak duda gainditu du, egia bakarrak ikuspuntu anitza lurperatu du. Amen.

Baina zientziak berak (neurologo eta psikiatren elkarlanetan) aspaldian frogatu du isolamendu sentsorialak garuna atrofiatzen duela. Eskaner batekin ikus daiteke isolamendu sentsorialak izuz beteriko mundu batean murgiltzen gaituela. Neuropsikiatriak dio behar-beharrezkoa dugula denboraren irudikapen bat eraikitzea, molde partekatuan, gure historiaren kontakizunaz jabetu gaitezen. Bestela ez dakigu ezta nor garen ere, eta iragan traumatikoaren preso geratzen gara. Horrek pandemiaren gertakaritik harago eramaten gaitu, eta, paraleloan, argi bat ekartzen digu: gure historian zehar zer kontatzen ahal dugun eta zer ez. Edo zer baimendua zaigun eta zer ez. Baina isiltasuna onartuz, sarraskiaren konplize egiten naiz. Zer kontatzen ahal den eta zer ez, erabakitzeko eskubidearekin lotzen ahal da, baina erabakitzeko eskubideari uko eginez neure gizatasuna galtzen dut. Totalitarismoaren arma nagusia konformismoa da:egia bakar bat dago. Gaizkileak horiek dira, demokratak hauek, eta, ez baduzu sinesten, denetan errepikatua izango da, eta egunero: zine aretoetan, telebistan, irratian, egunkarietan, sare sozialetan, Interneteko plataformetan... Denetan. Burmuin garbiketa. Afekzio sostengua erakusten badut, irainean eta blasfemian sartzen naiz, eta pertsekuzioa jasango dut. Hilak ezingo dira omendu. Alta, Gurs kontzentrazio esparruan, bertsoak kantatu eta idatzi ziren, Ravensbruken opera bat idatzi zen...

Gericaulten Le radeau de la Méduse (Méduse ontziaren almadia) pinturak eskandalua eta debate oso bortitza sortu zituen, itsasgintzaren legeak aldatu zituen eta garai oso baten pentsaera auzitan jarri zen. Edertasunak kontakizunaren bidea irekitzen du, kontakizun anitzak erresilientziarako ahalmena eta kooperazio gizarte baketsu bat ahalbidetzen du, gerlaz josia izan den arren. Edertasunak, pentsaera partekatua garatzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.