Albistea entzun

LAUHAZKA

Gogortzean

Musika kontzertu jendetsu bat; publiko artetik hartutako irudia.
Musika kontzertu jendetsu bat; publiko artetik hartutako irudia. BIRKITE ALONSO Tamaina handiagoan ikusi

Birkite Alonso -

2021eko urtarrilak 10

Urteekin gero eta gutxiago zoriontzen ditut Gabonak eta urte berria, lehen ez bezala. Ilusio kolektiboarekin bat eginez, zoriona eta desio onak banatzen nituen nire ahaide eta lagunen artean, telebistako iragarkiek edo jasotako mezuen irrika itsu hark kutsatuta. Neurririk gabe egiten nuen, bi dozena ezaguni algaraz idatzitako hitzak helaraziz, irudi alaiak txertatuz urteroko erritu inuzente hura modu automatikoan gauzatuz.

Urteak pasatu ahala samurtasun hori gogortzen hasi zen, neure barruaren erreflexu. Ez dakit adin kontua izango den, baina gogortzen hasteak baditu bere ondorio onak eta txarrak, noski. Berekoiago jokatzen duzu; bihurtzeraino ez, baina barruak eskatzen dizuna besterik ez duzunean ematen, orduan hasten zara kalitatezko emaria banatzen. Iaz ez nuen apenas ezer bidali, bizpahiru lagun mini eta maite ditudan senideei besterik ez (ez dago denak maitatu beharrik; ba al zenekien?).

Aurten, heldu diren zorion-agurrak erantzun ditut, bihotzetik gainera. Besterik ez dut idatzi. Besteei ere gertatzen hasia zaiela konturatu naiz, gutxi heldu direlako, baina jakin badakit heldutakoak bihotzetik idatziak direla. Hurrengo urtean aurreratuko naiz; txandakatu egingo gara.

Gogortzearen kontzeptua gerorako gordeko dut, aurrez sare sozialena edo Whatsapp taldeena salatu nahi nuke; nazkatu arte irakurri dut 2020ari adierazitako mespretxua; zein gaizki tratatu duten denek, koitadua. Plaza erdian aldare moduko baten gainean irudikatu dut, herritarrez inguratuta harrikadak jasotzen, aitzina sorginek edo fedearen traidoreek pairatzen zituzten irainak entzuten. Errurik izango al du berak hau dena bere txandan gertatu izanagatik. Dena dela, ohiturarik ez galtzeko, eta bihotzetik nire profiletik pasatzen direnei eskertzeko, barruan bilatu eta aurtengo zorion-agur bakarra sortu dut: «2020ak kendu digunaren artean behar genuen zerbait aurkitu dugulakoan, okerrenetik onena gorde». Izan ere, eskerrak eman beharko genioke 2020ari, begiak ireki dizkigun heinean. Ezagutzen ez genuen nonbaitetik indarrak ateratzen erakutsi digun heinean. Elkartu gaituen heinean. Alfonbra azpian zegoen zabor guztia aireztatu duen heinean, bai kulturaren egoerari zein gizartearen eskasia ekonomiko eta bai lan baldintzei dagokienez. Naturarekin konektatu gaituen heinean, gure osasunaz ardura gaitezen lortu duen heinean. Azken finean, gogortu egin gaituen heinean.

Euskal kultura gogortu egin dela iruditzen zait, emaitza gazi-gezaren lekuko izan garela. Barrutik bainoago, distantziatik sumatu dut aldaketa, aurten ez baitut aurreko urteetan beste kontzertu eman. Egoerak eragindako eragozpenek ez didate horrenbeste eragin, berreraikitze eta sormen prozesu batean harrapatu nauelako. Hortaz, kanpotik behatu dut, sortzaileek eskatutako erregularizazioaren hasiera heldu dela pentsatzera heltzeraino. Musikatik bizitza ateratzen dutenak, edo neurri handi batean saiatzen direnak, profesionalak izatetik gertuago daude, aretoek eta instituzioek protokoloaren ondorioz eskatu eta eskaini beharreko neurriak direla eta. Asteburutik asteburura agendari begiratu eta taldeen edo bakarlarien izenak errepikatzen direla ikustean, alde batetik, pozteko arrazoia dela diot, horixe behar zutelako askok: profesionalki aritzeko zirkuitu zabalago bat (bat-batean leku ofizial gehiago agertu dira jotzeko). Aforoaren murrizketa, eserita egon behar izatea eta ordutegiaren aurreratzea gaueko aisialdiaren heriotzaren eragile nagusiak bihurtu badira ere (noizbait itzuliko delakoan), kulturari estatus moduko bat eman diotela uste dut, kulturak aisialdi moduan bainoago, izatez merezi zuena.

Entzuleek sortzaile eta antolatzaileekin bat egin, eta solidarioagoak direla iruditu zait; pentsatzen dut ordutegiaren aurreratzeak, gaueko giroa hondatzeaz gain, musikaz gozatzeko batzuen gogoa piztu duela, bizitza osoan film bat ikustera joan denari gertatu bezala. Edukieraren murrizketak diru-sarreretan eragin badu ere, sold-out horiek dakarten fikziozko ilusioaz gain, aipatutako entzule kopurua handitzeak zenbait areto txikiri lagundu diola uste dut; egon bainaiz lehen aforo horretara heltzen ez ziren areto txikietan eta orain saio bikoitzak egiten ari diren horietan. Areto handiak ere saio bikoitzak egiten hasiak dira, eta, sortzailearentzat nekagarriagoa gerta badaiteke ere, antzerkiarekin konparatzen badugu, beti egon dira saio bikoitzak; ez dakit alderagarria izan daitekeen ala ez.

Eserita egotearena, tira, Arimaren edo Pelaxen moduko kontzertuetan guztiz penagarria iruditzen zait, baina zeinen gustura entzun nuen atzo Petti Bilboko Biran, mahaian eserita nire tragotxoa hartzen. Maskararena ez dut aipatuko: une honetan saioekin aurrera egiteko ezinbestekoa bada, onartu beharko. Dagoeneko une oro onartu dugulakoan nago, baita kalean bakarrik ibiltzen garenean ere.

Emaitza gazi-gozoa izan dela diot, protokoloarena profesionalentzat zentzu batean onuragarria izan bada ere, beste askorentzat hondamendia ekarri duelako. Agenda betiko izenekin idatzita ikusteak aniztasun eta kolore falta ekarri du Euskal Herrira. Non daude kontzertuak eskaintzen zituzten talde txikiak? Jaiak eta aldarrikapen uneak animatzen zituztenak, gazte hasi berriak, lan esklabo batetik ateratzean entsegu lokalera joan, barruak hustu eta asteburuko kontzertuarekin amesten zutenak? Aipatutako erregularizazioari mesede txikia egiten bazion ere, non galdu ote da talde eta bakarlari afizionatuari ekartzen zion pasioa, plazera eta ilusioa? Eta hori guztia ahalbidetzen zuten gaztetxe, elkarte eta tabernen antolatzaileena?

Nik ez diot 2020ari harririk botako, desagertu denaren erantzule egingo. Esker onekoa izan nahi nuke, eta bidea ireki duelako sentsazioarekin geratu. Aurtengo urteak ziurrenik ez digu zuzenekoen aniztasuna eta kolorea itzuliko, baina ezinbestekoa egingo zaigu bueltan ospatu beharreko guztia, hurrengoan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Jone Laspiur, atzo, emakumezko aktore berririk onenaren saria telematikoki jasotzen. ©Miguel A. Cordoba / EFE

Euskal filmek zortzi sari jaso dituzte Goya sarietan

Paulo Ostolaza

Bost garaikur eskuratu ditu Akelarre pelikulak, eta hiru Ane-k. Emakumezko aktore protagonistarik onenaren saria Patricia Lopez Arnaiz gasteiztarrari eman diote, eta emakumezko aktore berririk onenarena Jone Laspiur donostiarrari.

1 ©ALEMANIAKO ARTXIBO FEDERALAK / EZEZAGUNA

GOERINGEN ARTEKARIA GURE ARTEAN

Amagoia Gurrutxaga Uranga

Bigarren Mundu Gerra garai oparoa izan zen naziek espoliatutako artelanen negozioan sartzeko prest zeudenentzat. Horietako bat izan zen Alois Miedl enpresaria. Artelan ugari pasarazi zituen Euskal Herritik barrena, Espainiako eta Portugalgo merkatuetara bidean. Hainbat euskal herritar izan zituen laguntzaile horretan.

Sarah Mary Chadwick abeslari eta pianista. ©BERRIA

Minari amaiera emateko biluztea

Mikel Lizarralde

Bi heriotza, harreman baten haustura eta suizidio saiakera bat. Mina eta samina dario Sarah Mary Chadwick musikariak azken bi urteetan ondu duen trilogiari. 'Me and Ennui Are Friends, Baby' du azken alea.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.