Oier Iruretagoiena.
LAUHAZKA

Gorputzak

2021eko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Esaten da ume jaioberri batek ez dakiela bere buruaren eta amaren artean bereizten, dena ulertzen duela batasun bakar batean. Eta pixkanaka, ama eta ingurunea bere buruagandik kanpoko bezala ulertzen joaten dela, bera bera dela konturatuz.

Richard Hughesen A High Wind in Jamaica eleberrian, Emily umea da protagonistetako bat. Istorioko pasarte batean, jolasean dabil bera, ume-jolas axolagabeetan, eta bat-batean, ideia bat datorkio burura, tximista bat bezala: bera, bera dela. Alegia, Emily dela bera, horretaz konturatzen da. Begien bidez ikus dezakeen bere gorputz zatia aztertzen hasten da orduan: bere besoak, eskuak, hankak, oinak aztertzen. Besoak eta hankak mugitzen ditu, eta poztu egiten da zeinen ondo obeditzen dioten ikusterakoan. Zeinen ondo funtzionatzen duen gorputzak! Arretaz aztertzen du eskuetako azala, bere aurpegia ukitzen du eskuaz, eta soinekoaren barrualdean begiratzen du, bera gauza bakar bat dela egiaztatzeko. Badaki ordura artean ere hala izan dela, baina ez zuen orain arte horren halako ezaupide argirik izan. Kolpetik jabetzen da horren guztiaren ondorioez ere: sortu denez gero, bizitza hau bizitzen jarraitu beharko duela, ezagutu berri duen arrarokeria harrigarri horrek —gorputzak— menia eman arte. Erich Frommek Askatasunetik iheska liburuan jasotzen du pasarte hau, eta horrek famatu du gehixeago.

Ez dut uste ume batek benetan norbere ezaguera hain bat-batekorik izango duenik, eta lizentzia literario bezala hartu beharko dugu. Pixkanaka gertatzen dela esan dut hasieran, eta pixkanaka konturatzen gara gorputzarekin egin dezakegunaz eta egin ezin dezakegunaz ere. Gerta daiteke, halere, ohituraz normaltzat jotzen duguna ohituratik ateratzea, bestelakotzea, eta norbera izateaz eta mundu honetan egoteaz harritzea, Emilyri gertatu bezala. Eta ez da alferrikako datua izango Hughesek gertaera hori kokatu duen momentuan kokatu izana: pertsonaia jolas axolagabeetan dabilenean, ezer zehatzetarako ez zen denbora batean.

Gorputzetik bizi dugu bizitza hau, hark eramaten gaitu leku batetik bestera, eta hala gogoratu ziguten iaz euskaraz argitaratutako bi liburuk. Juan Kruz Igerabidek eta Ainara Azpiazuk umeentzat argitaratutakoak, adibidez, izenburutik bertatik: Nire gorputzean bizi naiz. Eurena deskubritzera gonbidatzen ditu umeak, eta lehengo pasarte horren antza dauka bertan datorren lehen testutxoak: «Nire gorputzari galdetuz nago, ea nirekin zegoen lehentxeago». Hori batetik, eta bestetik, Ainhoa Urienek Xabier Leteri buruz idatziriko saiakera dugu. Urienek dio, bizitza gorputzean sostengatu arren, hari iheska ibili ohi garela, geure bizimoduaren abiadurara behartuz —hala egiten dugu: min edo molestiaren bat badugu, pilula hartu eta segi—, eta gaixoaldiak izan daitezkeela geratzeko eta hari entzuteko aukeretariko bat —Letek urte luzez izan zuen hesteetako gaitzaren karietara—. Gaixoaldiak lirateke bestela geure buruari egiten ez dizkiogun galdera batzuk egiteko aukeretako bat ere. Lehengo adibidearekin lotura eginez, bestelakotze-modu bat izan daitezke gaixoaldiak, automatismoa apurtu eta beste ikuspegiren bat behartzen dutelako. Lete artatu zuten medikuetariko bat izan zen Felix Zubia, eta haren hitzak jasotzen dira liburuan: «Gaixotasunak biluztu egiten gaitu, gauza artifizialak kendu egiten dizkigu, eta ispilu baten aurrean jartzen gaitu. Bizitza zertarako da? Zertarako nago hemen?». Ezertarako ez diren denborek eta gaixoaldiek, besteak beste, batzuek bestela agian erreparatzen ez diegun gauza zenbaiti erreparatzeko aukera eman dezakete.

Gorputzaz ari garela, gorputzez inguratuta ere bagaude, eta geureak ematen digun kokapen eta erlazio mota zehatz batetik bizi ditugu beste horiek: objektuak, paisaiak, eta abar. Geure auzokideetako batzuk dira artelanak ere, geure espazio bera partekatzen dutenez gero, eta geuk hezur, haragi eta bestelakozko egiturak ditugun bezalaxe, haiek ere badituzte beste material eta barne osaketa batzuk. Euren izaeran, izan beharra dute bestelakotzeren bat, ohiturazko arrunkeria apurtzeko. Ingurura begiratuz gero, egokiak izateko pentsatuta baitaude gizakiak eginiko gauza gehienak: gorputzaren neurrirako egokiak, bete behar duten funtziorako egokiak, salerosketarako egokiak. Desegokia izateko aukera dauka arteak, edo bere baitarako egokia. Desegoki edo bere baitarako egoki izateko moduen barruan aukera izugarri zabala dago, bestelakotze-modu asko, ikasteko eta esperimentatzeko eremu zabala dakartenak, eta horregatik dira artelanak hain erakargarri batzuontzat, egile eta hartzaile bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.