Albistea entzun

LAUHAZKA

Gestionarioak eta komunitatea

Arantxa Hirigoienen antzerki tailer bat, Ziburuko kolegioan.
Arantxa Hirigoienen antzerki tailer bat, Ziburuko kolegioan. GUILLAUME FAUVEAU Tamaina handiagoan ikusi

Ximun Fuchs -

2021eko ekainak 27

Hannah Arendt filosofo politologo judu aleman ezaguna Gurseko kontzentrazio esparruan egon zen, Frankismotik ihes egin zuten euskaldunen ondoren. Haren idatziek modu zientifikoan aztertzen dute «sistemaren» makinariaren eragina norbanakoen hautuengan. Ezjakintasunak, utzikeriak, itsukeriak, menpekotasunak, traizio txikiak, berekoikeriak eta «gaitzaren arrunkeriak» Auschwitz erditu lezake. Idazleak kultura ukan du jomuga askotan. Kulturaren pribatizazioa eta txirotzea basakeriaren gurasoak dira haren begietan. Kulturaren krisia saiakera liburua, esaldi honekin hasten du: «Gure ondarea testamenturik gabeko ondarea da». Gure ondasuna oso hauskorra da, eta haren garatzeko metodorik ez dago, ez da inorena, eta ondorioz, inork ezin du suntsitu, bereganatu edo interes propioen arabera bakarrik erabili. Ondasun hori, kultura, guztiona da, eta harekin egiten dena guztion artean jabetu behar da. Bestela, «iraganak etorkizuna argitzen ez duenez, gure izpiritua ilunpean ibiltzen da». Ondo zekien Hannah Arendtek zer zen ilunpea.

Gurera etorrita, gure herriak merezi duen artea eta jakintza guztiongana heldu daitezen herrigintzan aritzen naiz hainbat kiderekin, artearen tresneria aberasteko asmoz (antzokiak aholkatu, egonaldi sistemak pentsatu, jaialdiak antolatu, eragile kulturalak lagundu, hezkuntza artistikoa landu...). Horrek eramaten gaitu administrazio eta hautetsiekin eskutik lan egitera; euskal artea garatzeko asmoz. Funtsezko eskubide bat da, eta euskaldunak humanoak direla/garela pentsatzen dudanez, tresneria eta mekanika horren guztiaren eredu propioa asmatzen denbora asko pasatzen dut. Plazer handiz egiten badut ere, batzuetan min eta tristura handia eragiten dit, eta berriki hala gertatu zait Iparraldean. Ez nigatik pertsonalean, baina nire lurraldeagatik, haurrengatik, bizilagunengatik...

Iparraldeko Hirigune Elkargoko hitzordu arrunt batean, jakiten dut kulturaren aurrekontua %20 apaldu dutela, eta hurrengo urtean gehiago beheitituko dutela seguruenik. Harritzen naiz; zeren diskurtso ofizialak ez dio hori. Ofizialki, Hirigune Elkargoa kulturaren alde jarri da antzoki okupatuen mugimenduan. Ofizialki, pandemiarekin kulturak jasan duen zafraldi erraldoia gainditzeko sustatze plan bat martxan jarri du. Baina hitzordu horretan ulertzen dut orduan hau dena itxurakeria dela, eta kultura gestionarioen esku utziko dela, politika arlotik baztertuz. «Aurrekontua hau da, horrekin egin, eta ikus alde positiboa: okerrago izaten ahal zen». Baina nire harridura ez da hor amaitzen. Aipatu berri dute kultur zerbitzua 3-10 urte artekoei begira jarriko dutela. Hots, hezkuntza artistikoan egin izan dugun lan guzia errekara botako dutela (kolegioetan egindako egonaldiak, irakasle formakuntzak, ikasle tailerrak, pedagogia ereduetan antzerkia txertatzea, emanaldiak eta abar), lehen mailako hezkuntzan zentratzeko. Ehunka eta ehunka ikaslez ari gara mintzatzen hor. Harritzen naiz berriz ere, zeren Iparraldeko Hirigune Elkargo horrek berak oso ozen hitz egin zuen Frantziako Hezkuntza ministroak Molac legea blokeatu zuenean. Baina orain deseuskalduntze prozesu bat martxan jarriko du bere lurraldean, eta kultura zerbitzua animazio zerbitzu bat bilakatuko du.

Kulturan %20 murrizten denean, ez da orokorrean murrizten, artistikoan murrizten da beti. Edozein eragile kulturalek, bere funtzionamendurako aurrekontuaren erdia barne gastuetan erabiltzen du. Kulturan %20ko murrizketa aipatzen denean, ulertu behar da ekitaldi artistikoetan %40 murrizten dela. Horretaz ari gara eta erraz erraiten da.

Euskal arteaz ari garenean, gure hizkuntzan egiten diren ekitaldiak diskriminazio etengabean erditzen direla nahiko jakina da. Edozein euskaldunek badaki zenbat film, antzezlan edo liburu eskura ukan ditzakeen bere hizkuntzan frantses edo gaztelerakoei konparatuta. Orduan, gure lurraldea kudeatzen duen administrazioak murrizketak egiten dituenean, euskaraz egiten den artea zuzenean elbarritzen du, eta, ondorioz, euskaldunak.

Hezkuntza aipatzeko, adin txikikoek noiz galtzen edo baztertzen dute euskara? Nerabezaroan. Zergatik? Euskarazko eredurik ez dutelako haien emozio eta pentsaera oldarkorrak adierazteko. Modeloak arteak haragitzen ditu, eta iristen zaien guzia gaztelaniaz edo frantsesez da: sare sozialetan, plataforma digitaletan, zineman... Kolegioetan hezkuntza artistikoa, egonaldiak edo emanaldiak pikutara botatzeak, hemendik bost-hamar urtera gazteria osoki deseuskalduntzea dakar. Min egiten du, eta Iparraldean urte luzez borrokatu den eremu aske baten erailtze isil baten aurrean sentitzen naiz.

Sarrionandiak euskara gure lurralde libre bakarra dela idatzi zuenean, ez zen metafora bat. Pandemia garai ilunak argiki oroitarazi digu hori. Aske bizitzeko espazio bakarra gure hizkuntza da, bere irudimen, emozio eta pentsaera guziarekin. Euskara nire ama da, nire haurrak, nire hildakoak, nire maitasunak, nire etsipenak eta nire utopiak, molde konkretuan. Eta nire antzezlanek hau dena haragitzen dute. Iparraldeko Hirigune Elkargoak hau odolustu lezake gestionario labankada batez. Badakit gure lurraldean hainbat elkarte eta ikastola beti egongo direla eraikitzen eta borrokatzen gure hizkuntza eta komunitatearen alde. Ahula izan arren, gu babesteko administrazio bat bagenuela sinetsi nuen, gu ordezkatzeko edo babesteko... Baina badirudi oker nengoela. Ez dugu hau merezi. Gure lurraldeak maitasun pixka bat behar luke.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Ez dakit hizkuntzak ez ote nauen ni menderatzen nik bera baino gehiago»

Itziar Ugarte Irizar

Mundu baten bukaera bizitzearen kontzientziaz eta pertsonala eta kolektiboa «harmonizatzeko» nekeaz aritu da 'Landura' lan berrian. Hamargarren poema liburua du, eta, bide horretan, komunitate bati idaztearen sentipena izan du lagun.

Bingen Zupiria sailburua eta Aizpea Otaegi Errenteriako alkatea, atzo, liburuaren egileekin. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Arbola sendoa musikaren ekosisteman

Naroa Torralba Rodriguez

'Musikaste 1973-2022. Euskal musikaren 50 urte' liburua eman du Eresbilek. Jaialdiak mende erdia bete duela-eta argitaratu dute

Maialen Lujanbiok idatzi du liburuko testua, eta Arrate Rodriguezek ondu ditu ilustrazioak. Irudian, bi egileak, atzo, Donostian. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

'Traste arrunten barruan zuk zer ikusten duzu?' album ilustratua argitaratu dute

Miren Mujika Telleria

'Traste arrunten barruan zuk zer ikusten duzu?' album ilustratua argitaratu dute Maialen Lujanbiok eta Arrate Rodriguezek, Pamiela argitaletxeko Bagara sailean. Albumak Rosa Valverde artistaren lana ezagutaraztea du xede

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.