Katixa Agirre.
LAUHAZKA

Maitasuna egiten ikasi

2022ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Zenbat gizon ezagutzen ditut? Milaka, esango nuke. Horietatik, nire bizitza osoan, bakar batek aitortu dit behin emakume bati dirua eman ziola berarekin sexu harremanak izan zitzan. Gizon maitagarria da, laguna kontsideratzen dut, eta ziur naiz —estatistikei erreparatzea besterik ez dago— beste lagun maitagarri askok ere gauza bera egin dutela noiz edo noiz, inoiz aitortu ez didaten arren.

Lotsa apur batekin kontatu zidan, apur batekin baino ez, gaztaroko beste edozein pasarte parrandero eta zoro samarra kontatuko zukeen moduan: behin konortea galdu nuen zortzi tekilaren ostean eta beste behin hamabost euro eman nizkion migrante afrikar bati zakila jan ziezadan.

Eszena detailerik aurreztu gabe deskribatu zidan, oso modu sordidoan, eta seguru nago hala izan zela. Baina damu handirik ez, lagunak. «Gauza hauek gertatu egiten dira» esanez bezala harrotzen zituen sorbaldak, «batez ere hemezortzi urte dituzunean eta mundua zure esku dagoela sentitzen hasten zarenean». Eta bai, gertatu egiten dira, gertatu egiten direnez.

Zergatik gertatzen dira, baina? Zergatik nahi ditu gizon batek sexu harremanak eduki berarekin egon nahi ez duen emakume batekin? Are jakinda emakume horrek nazka, beldurra eta mespretxua (denak batera akaso) sentitu ditzakeela? Hortxe dago niretzat koska, misterioa. Emakume gisa sozializatu nautenez, asko kostatzen zait egoera horrekin enpatizatzea. Desiragarriak izateko heziak, orokorrean emakumeok desiratuak sentitu beharra daukagu geure aldetik desira sentitzeko. Horregatik emakumeok, orokorrean, ez dugu insistituko norbaitek ez erakargarri sentiarazi bagaitu, ez gara trikimailuekin hasiko argi eta garbi gustuko ez gaituen hori gure ohearen tranpan eror dadin, eta ez gara billete batzuekin bestearen prestasuna pizten saiatuko. Oro har, ez dugu bortxatuko.

Gizonentzat, berriz, ohiko portaerak dira horiek. Zergatik?

Egitura kontua da, noski. Patriarkatua deitzen dugun botere antolaketa honetan gizonezkoari eman zaio konkistatzailearen rola, eta emakumeari konkistatu beharreko lurraldearena. Aktiboa bata, pasiboa bestea. Are gehiago, gizona subjektu sentitzeko, objektu bihurtu behar du emakumea. Body count, diote gaurko gazteek, gorputzen (edo gorpuen?) kontaketa, zenbat emakumerekin oheratu diren zerrendari buruz aritzeko.

Netflixek berriki estreinatu duen Intimidad telesailean, perfume desberdinak probatzen dabil Itziar Ituñok haragiztatzen duen fantasiazko Bilboko alkategaia. Gizonezkoen kolonia erabili behar ez ote lukeen dio halako batean emakumeak. Asesoreak ezetz dio, horrek aditzera emango lukeelako larrutan egitetik datorrela. «Eta ez al da hori arrakasta proiektatzea?», dio alkategaiak, erdi-irribarre batekin. «Emakumea bazara, ez». Erantzun definitibo horrekin ixten da eztabaida. Emakumeak ez du ahaztu behar objektua dela, ispiluan bere gorputzari begira eta aukeratua izatera zain egon behar duena. Gizonak azkar ikasten du ez duela zain egon behar, asko lortu dezakeela iniziatibarekin, trikimailuekin, edo hamabost eurorekin patrikan. Horrela bihurtuko dela gizon.

Prostituzioaren abolizioa gerta dadin erabateko iraultza sexuala behar dugu. Sexualitatea parametro kolonialista, kapitalista eta arrazistetatik aterako duen iraultza. Ez konkistarik, ez body count-ik, ez kuantitatiboki neurtzen den arrakastarik, ez arrandiaz aurkezten den natiboei lapurtutako altxorrik. Iraultza osteko gizarte horretan elkar erakartzen duten bi pertsonaren (edo hiru, edo lauren...) arteko magia momentu horiek ospatuko dira, eta magia momentu horiek erraztuko dira. Utopia horretan, sexua botere harremanak zokoratuta garatuko da, edo Alexandre Lacroix filosofoak proposatzen duen bezala, pasa den hilean argitaratutako Apprendre à faire l'amour saiakeran, «boterearen zirkulazioan» oinarritutako sexualitate bat asmatuko dugu, beti kreatiboa eta kuriositateak gidatuta.

Maitasuna egiten (ber)ikasten dugun bitartean, baina, badaude gauza bi gobernuek egin ditzaketenak prostituzioaren abolizioa benetan bultzatu nahi badute: errenta unibertsalaren ezarpena batetik, eta atzerritar legearen deuseztatzea bestetik. Bi horiek gabe, emakume askok jarraitu beharko dute, beren borondatearen kontra, subjektuarentzako objektuarena egiten, gizon konkistatzailearen fantasia elikatzen.

Egun horretatik aurrera, gertuago egongo da iraultza sexuala.

Nota bene: Europar Batasun osoan baldintzarik gabeko oinarrizko errenta ezar dadin hiritarren ekimen bat dago martxan. Sinatu nahi duenak hona jo dezake: https://eci.ec.europa.eu/014/public/#/screen/home
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.