Albistea entzun

LAUHAZKA

Datuak

Falke Pisano artistaren <em>Learning in Proximity</em> (2015) lana, Karlsruheko Badischer Kunstvereinen.
Falke Pisano artistaren Learning in Proximity (2015) lana, Karlsruheko Badischer Kunstvereinen. STEPHAN BAUMANN / BILD_RAUM Tamaina handiagoan ikusi

Oier Iruretagoiena -

2022ko urriak 30

Kaleratu orduko leitu nuen Mari Luz Estebanen Andrezaharrarren manifestua poesia liburua, 2019an. Gaztetasuna goraipatzen den gizartean, zahar bezala aurkeztu zuen bere burua, za-ha-rra. «Eta beti-bezala nagoela dioenari erantzungo diot ezetz, ez naizela honaino heldu beti-bezala irauteko». Badugu arazorik zahar eta gazte kontzeptuekin, edo adinarekin orokorrean, uxatu beharreko likiskeria baitirudi askotan zahartasunak. Eta aldendu beharrekoen artean arazotsuena heriotza genuke. Balbeari deika gabiltzala dirudi aipatze hutsaz. Bere denboraren amaieraren gertutasunaz jakitun, heriotza duinaz mintzo zen besteak beste Esteban, ondo bizitzearenaz gain ondo hiltzearen ideia «sortuz eta landatuz». Gerta dakiokeen izugarriena ez baita, bere hitzetan, hiltzea, bizi bitartean inguruarekiko ernetasuna galtzea baizik. Eta bitartean, «iragankorrenari adi» jarraituko du, «denbora osatzen duten une ñimiñoak aintzakotzat hartuz».

Iritsi zen 2020ko itxialdia, eta bakarrik hil zen jende asko. Agintaritzetatik ordenatu zen zer zen funtsezko eta zer ez, eta baita hurbileko bat agurtzea kategoria horretan sartzen zenetz ere. Onintza Enbeitak, egunkari honetan urtarrilean egin zioten elkarrizketan —Izurritea saiakera zela eta—, adinekoei emandako tratua kritikatu zuen: «Haiei galdetu gabe belaunaldi oso bat etxean eta zahar etxeetan sartu eta abandonatu ditugu, kalera ateratzeko aukerarik gabe, bisitak jasotzeko aukerarik gabe... Belaunaldi horri ez diogu galdetu benetan nola bizi duen egoera, eta zer egin nahi duen. 90 urteko bati igual ez zaio batere interesatzen bizitzeko geratzen zaiona eguzkia ikusi gabe pasatzea».

Etsi-etsian hartutako neurritzat hartu nuen itxialdia, ospitaleak gainezka zeudela eta. Onartu egin nuen. Horren ondoren osasun arreta publikoa indartu ordez ahultzeak sortutako dezepzioak eraginda —ez al zirudien indartzeak koherenteena?—, gaiari buruz neure kontura jakiten saiatu naiz, mediku, historialari eta beste ikerlari batzuek esandakoak irakurriz, eta denetik topatu dut: itxialdi eta neurri mota ezberdinen eraginen aldeko eta kontrako argudioak. Nik ez dut horren inguruan hemen iritzirik emateko behar bezalako irizpiderik, baina bizi izan genuen egoerako sentimenduei erreparatuta, uler dezaket bai birusarekin kutsatzearen edo hura zabaltzearen beldur dena, eta baita bakarrik egon nahi ez duena ere, edo beste norbait bakarrik utzi nahi ez duena ere. Konpainiak eta despedidak izan dezaketen garrantzia ezin da grafikoetan neurtu eta konparatu, eta ez da formula matematiko eta algoritmoetan kabitzen, baina geure bizitzetan ondorio oso errealak ditu, ez erraz gutxiesteko modukoak. Plazera, mina, afektuak, justizia eta abar ere ezin dira zenbakietara itzuli. Datuetan oinarrituta hartu ziren bizitzaren aldeko neurriak omen zirenak, baina esango nuke bizitza ez dela soilik biziraupena, eta osasuna ere ez dela soilik gaixotasunik eza.

Azken urteetan bizi izandako batzuk pentsaezinak irudituko zitzaizkigun lehenago. Onargarria eta normala denaren muga gero eta urrunago dago, eta bizi izandako aurrekariek adieraz dezakete zer etor daitekeen aurrerago. Byung-Chul Han pentsalariak, iaz kaleratutako Infokratie. Digitalisierung und die Krise der Demokratie (Infokrazia. Digitalizazioa eta demokraziaren krisia) saiakeran, informazioaren erregimena deitzen dionari buruz dihardu. Bertan aipatzen du, besteak beste, dataismoaren perspektibatik begiratuta, demokraziak existitzeari utziko liokeela etorkizun hurbil batean, eta datuek adieraziko luketela zer den guztion interesekoa. Hala dio: «Politika ordezkatuko du datuetan oinarritutako sistemen kudeaketak. Adimen artifiziala eta big data erabiliz hartuko dira gizartearentzako erabaki garrantzitsuak». Politikaren ordez, planifikazioa, kontrola eta baldintzapena izango genituzke, eta norbanakoek beren bizitzaren eta iritzien jabe izan nahi izateak atzean utzitako garai bateko ametsa lirudike.

Poesia liburu batekin hasi naiz, eta beste batekin amaitzera noa. Argitaratu orduko leitu baitut aurten Jose Luis Otamendiren Landura, eta nabariak dira bertan azken urteetako zartakoak. Garbi erakusten du hori kontrazalean jarritako Beste aldi bat poesiak berak. Hemen esandako batzuekin lotu ditzaket Agur moduak-en esandako hainbat gauza ere. Hona lagin bat: «hiru pertsonari egin diet lagun hil aginean/ eta bakarra erditu da alboan ninduela/ datu hauek ordea kukuturik behar dute/ demografoen estatistika tauletan». Agian, irekita utzitako interpretazioan sartu zaizkit nire pentsamendu eta kezkak, eta neure eremura eraman ditut bere hitzak, baina dataismoa irudikatzen dut poesia berean hau ere irakurtzen diodanean: «uste dut orain artean gurtu ez dugun/ zera basa bat ari dela hazten nonbait/ eta ez da ezer pertsonala baina/ berriro inoiz hain humano izaten/ ikasiko dugun edo ez/ jakin nahi dudan ere ez dakit jada».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Maria W Horn musikaria, Kaiola festibalean. ©ELISE ARANGUREN

Soinu trantze goxoa Kaiola festibalean

Antton Iturbe

Joan den astean egin zuten Kaiola musika esperimentalaren jaialdia Galdakaon. Proposamen iradokitzaileak izan ziren han: Maria W Horn, Mette Rassmussen, Hackedepicciotto, Sarah Davachi eta Attila Csihar.

 ©BERRIA

Andoaingo Rock Jaialdia egingo dute gaur

Olatz Enzunza Mallona

Andoaingo Rock Jaialdia egingo dute gaur, herriko zenbait txokotan. Hamabosgarren aldia izango da aurtengoa, eta Black Lips eta The Schizophonics ariko dira, besteak beste

 ©BERRIA

«Bertsoari gehien eskertzen diodana harreman horiek dira»

Iñaki Etxeleku, Ipar Euskal Herriko Hitza

Euskal Herriko Eskolarteko Bertso Txapelketa irabazi zuen bigarren aldikoz Aizpurua Ibargaraik larunbatean. Aste bat lehenago, Ipar Euskal Herrikoa irabazi zuen. Atzo, Errenterian aritu zen; gaur, Larresoron.

Stuart MacDonald argazkilariak <em>Argazkilari baten soinuak</em> erakusketa sortu du; Gasteizen dago ikusgai. ©RAUL BOGAJO / FOKU

Hirurogei argazki musikatu

Iraia Vieira Gil

Stuart MacDonalden 'Argazkilari baten soinuak' erakusketa ireki du Gasteizko Amarika aretoak

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.