Albistea entzun

LAUHAZKA

Nork-Nori

ANE GARCIA Tamaina handiagoan ikusi

Ane Garcia -

2023ko otsailak 26

Alcarràs filmari buruzko elkarrizketa batean irakurri nion Carla Simoni film hura ezin zela katalana ez beste hizkuntza batean gertatu; zehazki, zuzendariak esan zuen pertsonaia haiek, ezinbestean, Lleidako eremu konkretu bateko dialektoan mintzatu behar zirela. Berriki Irati filmaren harira Edurne Azkarate eta Paul Urkijori egindako elkarrizketa batean atzera irakurri dut antzeko zerbait: «Ez dauka zentzurik obra hau euskara ez den beste hizkuntza batean egiteak». Niri, egia esan, oso ebidentea iruditzen zait arrazoi dutela, eta, era berean, oso argi dut erresistentzia lan itzela egiten dutela hizkuntza ez-hegemonikoak hautatuta. Izan ere, Hollywooden inperioak itsututa eduki gaitu eta gauzka oraindik ere, eta sarritan ez gara ohartzen zenbat eta zenbat istorio lapurtu irentsi ditugun: kolonialismo linguistikoaren tentakulu luzeek zenbat eta zenbat eztarri ito dituzten.

Ingeles hiztunek (edo hizkuntza hegemonikoetako hiztunek), sarritan, ez dute autokontzientzia edo autolotsa izpirik ere hizkuntzari dagokionez. Hollywoodeko bulegoetan edo gidoilarien ganbaretan istorio interesgarri bat identifikatu eta han hasten dira, besteen miseriez apropiatzen. Gero, gauza oso erridikuluak egiten dituzte: Frantziako nahiz Errusiako erreginak izan, superprodukzioetako erregina denak Elizabeth II.aren doinuz mintzo dira. Beste adibide bat: iaz ikusi nuen Gucci familiari buruzko filmean, ingeles hiztunak ziren aktoreak italiar azentuarekin mintzo ziren, INGELESEZ. Ma che cazzo fai? Ikusleak onar dezake hizkuntza bat bestearengatik aldatzea, baina hori aldatu eta jatorrizkoa behar lukeen hizkuntzaren azentua jartzea ze kristo da? Lady Gagak lausengu ugari jaso zuen italiar signora-rena ondo egiteagatik (jatorri italiarrekoa da bera), baina zer zentzu du azentu horrek? Bere hizkuntzan ari den hiztunak ez du bere hizkuntzan mintzo den giri-aren azenturik!

Betaurreko moreena bezala da hau, irakurle: ikusten hasten zarenean, ez dago atzera bueltarik. Baliteke askotan filmak bikoiztuta ikustea, eta horregatik ez ohartzea zein hizkuntzatan dagoen idatzita istorioa. Baina kontua da mundu honetako istoriorik nabarmenenak omen direnak, Oscarrak eta diru-mordoa jasotzen dutenak, ingelesez idazten direla, eta ingeles hiztunek (sarritan estatubatuarrek) idazten dituztela. Eta kontua ez da hizkuntza ez-hegemonikoak ezabatzen dituztela soilik, ezpada hizkuntzarekin batera hortxe doazela mundu ikuskerak, egiturak eta aurreiritziak ere, lerroartean.

Simonek eta Urkijok diotena da beren filmetako pertsonaia konkretu horiek katalana edo euskara ez den beste hizkuntza batean aritzeak ez duela zentzurik. Erabat ados nago. Baina justifikazio horrek oraindik ere ihesbide bat uzten die inperialista linguistikoei: pertsonaien araberakoa da hizkuntza, eta, beraz, argiki katalanak edo euskaldunak badira pertsonaiak, utziko diegu haien hizkuntzan mintzatzen. Kontua da pertsonaia batzuk ez direla argiki katalanak, kikuyuak edo euskaldunak izango, haien hizkuntzez eta narratibez gabetu zituztelako aspaldi.

Kikuyua aipatu dut, Ngugi wa Thiong'o keniar eta kikuyu hiztunari irakurri diodalako gai honen inguruko idatzirik interesgarriena: Decolonising the Mind (Gogoa deskolonizatzea). Hark dioenez, hizkuntzaren presentzia betikotuta, kolonialismoaren itzala belaunaldietan barrena luzatzen da, hizkuntzarekin batera hiztunen gogoa ere kontrolatzera heltzen delako hegemonia. Beraz, filmak hizkuntza jakin batean idaztea garrantzitsua da, ez soilik errealismoagatik edo pertsonaiari hala dagokiolako, ezpada hizkuntza ere badelako eskema hegemonikoei ihes egiten dien eremu bat.

Hizkuntza boterea da, eta narratiba unibertsalak bideratu eta monopolizatzeko modu oso efektibo bat ere bai. Modu berean, ahotsa ere boterea da, eta, alde horretatik, baliatzen den hizkuntzaz gain, kontua da ea istorio batzuk NORK idazten dituen eta NONDIK. Egun, gure garai superprogrean, emakumeak, LGTBIQ+ pertsonak, aniztasun funtzionala dutenak... pantailetara iritsi diren honetan, oso kontuz ibili behar genuke. Pertsonaiak hitz egin behar lukeen hizkuntzan idaztea da errealitate jakin batera gerturatzeko modu bat, baina moduetako bat baino ez da. Baina nola ekidin beste norbaiti ahotsa ebatsi eta haren gain gure mundu ikuskera eta eskemak inposatzea? Izan ere, aurpegi berriei ahots zaharrak entzuten dizkiet oraindik batzuetan, eta ahots zaharrek aurpegi berriak baliatzen dituzte espazioa okupatzen jarraitzeko (horren zaila al da bigarren lerrora pasatzea?).

Ez dut uste norberak ezagutzen duenaz soilik mintzatu edo idatzi behar dugunik. Literatura eta ikus-entzunezkoak, esaterako, beste errealitate batzuk norberari iristeko eta imajinatzeko tresna dira. Baina hizkuntza lehengai dutenez, arma politiko bat ere izan daitezke, eta, beraz, akaso lan bat hasi aurretik gure burua kokatu behar genuke, gure posizioa eta pribilegioak zeintzuk diren ikusi, nondik hitz egin dezakegun identifikatu, beste inori istorioa eta ahotsa ez kentzeko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Herritarren mezu guztiak binilo batean eta MP3 batean jaso dituzte, eta kapsulan sartu, postalekin eta bi sortzaileen <em>selfie</em> batekin. ©ANDRES ETA MANOLO

Geroari orainalditik hizketan

Ainhoa Sarasola

'Ostempo Nuna' proiektuan, Imanol Espinazok eta Ander Fernandezek denborazko soinu kapsula batean bildu dituzte jendearen mezuak. Bidasoko uretan sartuko dute, bihar
Sustrai Colina eta Nerea Ibarzabal bertsolariak, atzo, Iruñeko Laba aretoan. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Mozorroak gardenak zaizkie

Uxue Rey Gorraiz

Sustrai Colina eta Nerea Ibarzabal bertsoaren eta fikzioaren mugez solastatu dira Iruñeko Laba aretoan antolaturiko mahai inguruan, Kalakak literatur zikloaren parte. Besteak beste, bertsolariek sakon gogoetatu dute sinesgarritasunaz. Dudak azaldu dituzte «azal batzuetatik» kantatzeko zilegitasunari buruz.

 ©JON URBE / @FOKU

«Orkestrak etxean egin duen lanaren ondorio da nazioartean egindako bira»

Miren Mujika Telleria

Arrakastatsua izan da Euskadiko Orkestraren 2022-2023ko denboraldia, eta halakoa izan dadin prestatu dute datorrena ere, sona handiko zuzendari eta musikariak izango baitituzte lagun.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...