Juanjo Olasagarre.
LAUHAZKA

Idazle periferikoak

2019ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Pako Aristik 2019ko otsailaren 3an plazaratu zuen Kulturaren inperioak artikuluak zer pentsatua eman zidan, zizkionak behin baino gehiagotan erabili ditudalako gogoan; neronek, eta Euskal Literaturaren ofizioan dabilen edonork, nire ustetan. Aristik ez zuen aitatzen non irakurri zuen gogoeta egitea eragin zion artikulua, Egile periferikoak omen du izenburu; eta bila ibili banaiz ere, Google jainko ahalguztidunak huts egin izanak poztu nau, ez dut aurkitu. Bai aurkitu ditudala gai honen inguruko bi, bata, ezaguna nuena, Literaturas que no circulan (Alvaro Colomer. La Vanguardia. 2019ko urtarrilaren 15a), eta bestea, ezezaguna, De escritores periféricos (Guillem Graells. El periódico. 2008ko ekainaren 12a).

Bi artikulu horiek darabilte gaitzat Pako Aristik egunkari honetara ekarritakoa, alegia, Espainia barneko hizkuntza periferikoetako literaturei egiten zaigun kasua, dugun arreta eta ematen zaigun tratua.

Kexatzen da Pako Aristi kultura hegemonikoak ez duela serio hartzen kultura subalternoa, destainaz begiratzen diola, eta ez duela tokirik berarendako. Ez diot arrazoirik kenduko hegemoniaren kontu horretan; egia da kultura hegemonikoakbazterrera kondenatzen duela kultura subalternoa, kasurik hoberenean; txarrenean, bere buruaren eskuzabaltasun demokratikoaren edergarri izatera. Marius Serra idazle katalanak dioen bezala, «Prisa taldeak aginte makila eramaten zuen garaiko pautak jarauntsi dira, kuota sistemak: alegia, Espainiako literatura gaztelerako literatura zen, eta gero beste idazle batzuk zeuden, bat hizkuntza koofizial bakoitzeko: Quim Monzo, Bernardo Atxaga eta Manuel Rivas». Suso del Toro galiziarraren aipu bat dakar Aristik bere argudio hori indartzeko: «Gure ahuldade politikoa dela eta, munduko beste hizkuntzetara iristeko derrigorrez espainolaren eremutik igaro beharra dago, zeina liburuen zabalkundea murrizten duen aduana bat baino ez den».

Eta esanen nuke Pako Aristiren artikulutik horixe dela niretako argumenturik ahulena: «gure ahuldade politiko» hori. Uste dut Aristik egiten duen argudiatzean honek huts egiten duela; nire ustez, ezin zaio egotzi «derrigorreko espainiartze» horren errua ahuldade politikoari, izatekotan ahuldade kulturalari egotzi behar zaio; izan ere, Generalitateak, Eusko Jaurlaritzak eta Xuntak izan badituzte eskumenak idazleon liburuak espainolez beste, espainolez gain esanen nuke nik, beste hizkuntza askotara itzultzeko, badute liburu horien promozioa egiteko ahalmena; eta egin, egiten dute, nahiz eta nire ustez Jaurlaritzaren kasuan diru gutxi erabili, baldintza zailak paratu (Etxepare Institutuko itzulpen beka bat lortzeko liburua irakurri ezin duen argitaletxe baten argitaratze konpromisoa behar duzu liburua itzultzeko) edo promozio txikia (zergatik ez dago sortua hiru hizkuntzetako literatura mundu osoan promozionatzeko argitaletxea? Zergatik ez euskal literatura promozionatuko lukeen argitaletxe publiko-pribatua?). Eta horrela ailegatuko ginateke Pako Aristiren beste argumentu batera: «Euskal Herriko eliteek egin zuten espainol hizkuntzaren aldeko hautu programatikoa, existentziala eta kulturala, tinko mantentzen dutena gaur egun ere». Eta iruditzen zait, historiaz dakidan apurragatik egia dela. Baina izan gaitezen zintzoak, Aristiren artikuluan salbu gelditzen dena «herria» da, herriak euskararen hautu programatikoa, existentziala eta kulturala egin izan balu bezala. Eta hori ere ez da egia. Euskaraldian izena emandako horietatik guztietatik (ni ilusionatu egin nau, argi gera bedi e!), zeinek irakurtzen du euskaraz, eta zein dago interesaturik euskal literaturan? Pako Aristiren artikulutik ondoriozta baitaiteke beregainak bagina, independienteak demagun, subalternotasuna desagertu egingo litzaigukeela; eta ni, barkaidazue, ez nago horren seguru; benetan uste dut euskarak eta euskaraz egindako kulturak aukera gehiago lituzkeela independentzia lortuta, baina hala ere...

Analogia bat eginez, Pello Monteanoren El iceberg navarro liburu zoragarrian (XVI. mendeko Nafarroako euskararen argazki zoragarria egiten du ia detektibe nobela bateko zeharkako metodoaz) argi frogaturik gelditzen da Nafarroako Erresumako administrazioko funtzionamendua, konkistaz aurrekoa ere bai, gaztelerazegiten zela, eta ez euskaraz. Nafarroako Erresumak aurrera egin balu, argi dugu euskaraz funtzionatuko zuela?

Bestalde, Colomerrek La Vanguardia-koan dioen bezala, badira Espainiatik iragan gabe mundura jauzi egin duten autoreak, Arantza Portabales galiziarra, esaterako. Edo, bestela ekar daitezke artikulu horretako Katixa Agirreren hitzak: periferiako idazleentzat itzulpena gehigarria da, inork ez du idazten itzulpenaren antsiaz.

Bukatzeko, adierazi nahi nuke Pako Aristik dioenean kultura hegemonikotik idazle subalternoen kasuan «ez dela kalitatearen arabera neurtzen haien balioa, indar harremanetan daukaten lekuarekin baizik», azpimarratu arrazoia duela, talde hegemonikoak ezartzen duela zein den kalitatea.

Dena dela, kontsola gaitezen Guillermo Schavelzonen artikulu batean (AEBtan argitaratu. Gaztelerazko idazleen amets betegabe) aipatzen delako munduko liburu merkaturik handienean (Britainia Handia antzeko omen) urteroko 120.000 titulu berrien artetik, 300 baino ez direla itzulpenak. 2012. urtean, esaterako, dio elkarrizketatu batek, AEBtako autoreen 4.000 titulu kontratatu zituzten Alemanian; AEBtan, aldiz, alemanen 150.

Subalternoen subalterno izatea egokitu zaigu, hegoaldekooi behintzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.