Ximun Fuchs.
LAUHAZKA

Radio Maria

2020ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Urte berri honek garai berrien esperantza besarkatzen badu ere, gustu garratz batekin hasi dugu. Anaiaren aitaginarreba zendu zaigu, eta harekin mundu bat. Nafarra sortzez, eta Lapurdin bizi zena, beti umoretsu eta langileak baino langileago. Txikitan euskara ukatua eta debekatua izan zitzaionez, erdaraz moldatzen zen errazago. Haurrak ikastolan inskribatu, eta, horrez gain, atea beti irekia zuten horietako bat. Euskal Herriaz oso harro, eta gure lan egiteko eta eraikitzeko gaitasunaz are gehiago. Kamioi gidaria izan zen ofizioz, eta nekeari aurre egiteko trikimailu ezin hobea asmatu zuen. Bidean zela akidurak hartzen zuenean —lan ordu askoren ondoan gehienetan—, irratia pizten zuen. Eta Radio Maria sintonizatzen zuen. Ez zen fedeagatik, edo irrati hartako pentsaerak partekatzen zituelako. Ez, guztiz aurkakoa. Entzutean, amorrua pizten zitzaion, eta iratzarririk mantentzen zen. Kilometroak jaten zituen. Bizi lezio horiek erein zituen nigan. Gure eraikuntza herrikoiaz harro egon eta etsaiak entzun, adi egon.

Larunbatean, milaka ginen kalean; eguzkiak argitan zioen bezala: bizirik gara. Motxila astuna da, batzuetan eramangaitza, baina xutik dihardugu. Eta asko da. Zubiak mukuru plazaraino, jendeek makila eskuan, lepoan hartu eta segi aurrera. Ezagunak eta ezezagunak, betikoak eta sekula ausartu ez zirenak, auzokoak eta hangoak. Komunitate bat bere seme-alabak eskatzen. Kooperazio erraldoi bat. Alta, astean zehar, Espainiako kongresuan entzun dira barbaridadeak, garai ilunenetan bezala. Radio Maria legebiltzarrean.

Zaldi Urdina ikustera etorri zen preso ohi batek konfiatu zidan oso harro zegoela. Donostian ikusi zuen antzezlana eta Iruñean berretsi zuen. Eta uros zegoen, pozaren ezinegonean. Obra gogorra da, bai, baina hainbeste euskaldun hurbiltzen ikustea, gaia gau argiz aipatzen, kaleak zeharkatzen beldurrik gabe, tabuak urratzen, zerbait da. Zonbiz beterik zegoen kalean bertan, euskal jendartea bizirik, eta existitzeko ausardia, horretan datza. Hemen eta orain. «Zenbat indartu garen...» zioen, ezin sinistuz. Garaiak ez dira errazak, muturreko galantak biltzen ditugu, baina Europa erdi-erdian, izokinek bezala, korrontearen kontra igeri egitea lortzen dugu. Izokinek bezala, ez dugu ahazten nondik gatozen, eta itsaso handitan ibiltzen bagara ere, sortu gaituen herria ez dugu ahazten.

Horren esplikatzen saiatu naiz antzoki handi bateko zuzendari bati. Ez da euskalduna, maite du gure herria, berriki hartu du bere funtzioa eta pozik. Giroa, festak, janari aparta, itsasoa, mendia... Bikain. Udazkenean Zaldi Urdina programatu zuen. Hitzordu bat hartu dut berekin, gure ondoko ikuskizuna aipatzeko. Ez du sustengatuko, ez baita sartzen bere programazioaren idazkera orokorrean. Ez zait gaizki iduritzen berez, baina eskatzen diot euskarazko zein ikuskizun ukango duen heldu den kurtsoan. Dantza zerbait, musika ekitaldi bat, baina antzerkirik ez. Zero. Ez zela heinean euskal antzerkia. Ez diot galdetzen nola jakiten ahal zuen, tutik ez duenean ulertzen hizkuntzari. Ez diot eskatzen ere zenbat ikuskizun ikusi dituen euskaraz, zeren badakit bi ez direla izango. Ondorioztatzen dut euskaldunok kantatzen edo dantzatzen duguno onargarriak garela, baina mintzatzean ez. Alai ditzagun bazterrak, bazkari edo afari onak sukalda ditzagun, bazterrak eder mantendu... Bazterkeria eta diskriminazioa dela erraiten diodanean, ez du ulertzen. Gaitzitzen da doi bat (zeren bera irekia da, kulturan jarduten baita). Lurralde oso batiukatzen zaio berea den hizkuntza batean existitzea, oso sinbolikoa den leku batean, agora batean, demokrazia baten sinbolo batean. Atarian gelditzen gara. Erraiten dit ezetz, beti ongi etorriak garela, euskara entzuten dela korridoreetan. Bai, baina identifikatzera behartzen gaitu gurea ez den hizkuntza batean, pentsaera batean, eta emozioetan. Hau da, bere antzokia gure izaera masiboki suntsitzeko tresna eraginkor bat da. Ez da bakarrik ezin dugula mintzatu, ukatuak garela, baizik eta bere aretoa pentsaera baten sukurtsal bat dela, eta onartzen gaitu belauniko, ikus dezagun zelako heina duen bere kulturak, zelako handitasuna gure txikitasunaren parean.

Hari beretik, goizean, irratian, Euskal Herriko politikari bat entzun dut. Espainiako gobernu berriaren osaketa aipatzen zuen zeharka. Gure herriari dagokionez, beretzat erabakitzeko eskubidea marra gorri bat zela zioen. Zatiketa besterik ez zuela ekarriko. Funtsean, zer zioen hitzen artean? Euskal herritarrak ez garela gai erabakitzeko. Atzeratuegiak garela, edo ez osoki amaituak. Ziminoak. Sinpatikoak e, baina tontoak. Gure etorkizuna ezin dugu erabaki edozein espainol, frantses edo ingelesek bezala. Erabakitzen ahal dugu frantses edo espainol izaeratik, eta esparru horren baitan bakarrik. Berak erraiten duen bezala, Espainia anitz bat eraikitzeko. Ez Euskal Herri anitz bat, hau marra gorri bat delako. «Hau ameskeria irreal bat da», zioen beste batek. Espainia edo Frantzia anitz bat irekia baita eta bateratzailea. Euskal Herri anitz bat ez, hau itxia da eta ez da heinean. Ez dakit zertarako, baina berriz pentsatu dut anaiaren aitaginarrebari, eta Radio Maria irratiari. Esna nago, ez dut lo hartzeko asmorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.