Albistea entzun

LAUHAZKA

Poin Poin

Gobernuaren kontrako protestak egin dituzte azken asteetan Myanmarren.
Gobernuaren kontrako protestak egin dituzte azken asteetan Myanmarren. STR Tamaina handiagoan ikusi

Ximun Fuchs -

2021eko maiatzak 2

Hilabete eta erdiz zurekin egon nintzen Birmanian 2007an; Myanmarren. Mugarik gabeko clown talde batekin joan nintzen, eta preso zeuden haurrentzat antzerkia egin genuen. Hiru frantses, sei birmaniar (horietariko bat zu) eta euskaldun bat (ni).

Ezin uka herri zoragarria dela zurea, zentzu guztietan liluragarria. Zure herriko jendeak bestearen errespetu ikaragarria erakusten du une oro. Zazpi etniaz osaturiko herri handi batekoa zara. Zazpi jendalde horien nahasketa kultural, erlijioso eta fisiko guztiek, bihurgune denek, maitemintzeko aukera eskaini zidatela onartu behar dizut. Baina hori zuk ere badakizu, zure herria ikaragarri maite baituzu. Han nengoela, tartaro baten antzera sentitu nintzen, gizon erraldoi eta traketsa, edertasunaren itsasoan galdua. Herri pobrea da zurea, kolonizaziotik diktadura gogorrenean murgildu zena; zeren zuen kalterako, Birmaniako lurra oso aberatsa da: gasa, urrea, harribitxiak, metal bereziak... Europarren aberastasun gosean kokatu da zuen patuaren iturburua. Mendian egon ginen, oihan tropikalean, hondartza bazterretan, lepradun herri baztertuetan, Rangooneko etxola auzoetan, milaka haur presoren artean.... Goizeko seietatik arratseko seietara, eguzkia altxatzen zenetik, desagertzen zen arte.

Han ezagutu genuen elkar. Aste batez, ikuskizun bat muntatu genuen, birmaniarrez antzezten genuen, eta zuk ekintza komentatzen, osatzen, eta askotan itzultzen zenuen (zeren bai, nire birmaniarra oso makurra zen, hitz bakoitza zurekin egunero errepikatu arren). Zu, Poin Poin, Birmanian oso ezaguna zinen; telebistan ateratzen zen zirtolari-antzerkilari abila eta fina. Metro eta erdi, 50 kilo (soineko jantziak kontatuta) eta dena bihotz. Frantsesek ez bezala, asko galdetu zenidan gure herriaz. Zure herrian ere ezberdinak badaude (zazpi etnia multzo, pentsa!) eta han ere gerlaz gerla ibili zarete. Bortizkeria poliziala bizi izan duten herrien arteko konplizitate bat eskaini zenidan. Ez batak ez besteak ez genekien ingelesa, eta genekien gutxia ez zen iristen bestearen adimenera. Somiatuk frantsesa eta birmaniera menperatzen zituen, eta hark itzultzen zituen ahal bezala, gure galderak, eta munduaren bi puntetako erantzunak. Zein ezberdinak garen zu eta ni, baina zein goxoa izan zen elkar ezagutzea, garagardo txar bat eskutan, oihan basatian, autoak eskaintzen zigun argi bakar eta ahulean.

Irria ezpainetan ikusten zintudan goizetik arrats, eta lezio bat izan zen niretzat. Egoera oso latza zen, eta da oraindik. Lepradun herri batean antzeztu genuen, aurpegi eta gorputz itxuragabeen artean; 3, 4 edo 5 urteko umeak hesien atzean barrez leherrarazi genituen gure astakeriekin... Ez da arinkeriaz egiten den ofizio bat antzerkilaria izatea. Ezer ez duzu epaitzen Poin Poin, eta une oro dagoen ona azken tantaraino dastatzen badakizu. Barroteen atzean zeuden umeek barre egin zuten. Eta poztekoa da.

Oihanean, umezurtz eskola batean, emanaldia egin eta nekeak harturik zigarro bat erre genuen mendi tontor batean. 2-3 urteko neskatxa bat gozoki hurbildu zitzaidan hizketan ari ginenean. Eskua hartu zidan, eta besotan hartzeko keinua egin. Hartu nuen noski, eta loturik egon ginen bonobo ziminoek egin lezaketen bezala. Mundu basatian, maitasuna altxor bat da. Baina umezurtz eskolako serora hurbildu zitzaigun, irriñoa ezpainetan bera ere, eta ingeles tropikal batean hauxe esan zigun: «Ez sobera lotu, hiesa dauka, eta ez du luzaz iraungo». Gu bion begiak busti arren, ezpainetako irria mantendu genuen, neskatxari merezi zuen dirdira eskaintzen saiatu ginen, gure heinean. Zenbat iraun zuen momentu horrek? «Besarkada batzuk ez dira minututan kontatzen», zioen zure begiradak.

Negu honetan, zure herria altxatu egin da askatasunaren alde. Eta zuk seguru, irriz eta goxotasun osoz, altxamenduari beharrezko zuen ilusioa eman diozu. Pentsaera, begi dirdira eta eskuzabaltasuna. Militarrak atzetik ukan dituzu, polizia eta justizia ere bai, beraien legediaren tresneria guztiarekin. Ihesi joan zara oihanera, baina ttattardunen eta polizia buruen mendeku gosea europarren diru gosea bezain handia da. Gure sakelako telefono mugikorrek, pantailek edo auto elektrikoek behar dituzten metal bereziak zure herriko meategietan ugari daudenez, hemengo demokrata handiek zure herriko diktadurarekin itunak sinatuko dituzte. Zure emaztea preso sartu dute, zure haurrak ere bai, eta zu ihesi joan zara. Oraindik bizirik bazaude, oihan basatiko mendi tontor gainean izango zara seguruenik, eta zure irri ederrenarekin animatuko dituzu zure kideak. Laster igoko naiz ni ere mendira, ea hemendik ikusten zaitudan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Marvin Gaye musikaria, 1973an, <em>Let's Get It On</em> diskoaren grabaketa saio batean. ©JIM BRITT

Marvin Gayeren maitasunezko protesta kanta

Andoni Imaz

Mende erdia bete da Marvin Gayek 'What's Going On' diskoa atera zuenetik. Mugarri bat da soul musikan, eta ereserki bat eskubide zibilen aldeko mugimenduarentzat.

Joyce Carol Oates idazlea eta Raymond Smith editorea, 1972an. ©BERNARD GOTFRYD

Nolakoa zen literatura orain dela 50 urte?

Gorka Arrese

1971n, Vietnamen oraindik gerran zeuden bitartean, liburuak irakurtzen ziharduten literaturazaleek. Giorgos Seferis eta Friedebert Tuglas hil ziren urte hartan. V.S. Naipaulentzat izan zen Man Booker saria, eta Nobel saria, Pablo Nerudarentzat.

 ©ANE GARCIA

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.