Birkite Alonso.
LAUHAZKA

Ausardiaz

2021eko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
IDon't Blame You abestiak abiatzen du Chan Marshall alias Cat Power musikariaren You Are Free (2003) diskoa, eta bertan, katarsi batetik ihes egin duenari «ez dizut errurik botako» errepikatzen dio.

Hasieran, kritikariak eta entzuleak sortzailearen hitz autobiografikoak zirelakoan zeuden, Chan oso bolada txar batetik pasatzen ari baitzen, alkohola bere ibilbidea zapuzten ari zela ikusita. Oholtza gainean agertzen zen musikariaren autosuntsiketari buruzkoa izanik kantua, musikari baino, haren dekadentziari so egiten ziotela sentitzen duenaren testigantza zelakoan zeuden entzuleak, hain zuzen ere. Urteak pasaturik, Chan teoria horrekin eroso sentitzen zela zirudienean, 2006ko elkarrizketa batean onartu egin zuen abestia Kurt Cobainen suizidioan inspiratuta idatzi zuela. Nola Nirvanako buruak entzuleen eskura utzi zituen agerpen mediatikoaren aurreko bere bizitzaren tragediak, bere emozioen hauskortasuna, norbere barrenak hustu eta ezezagunen eskuetan utzi ostean biluzik sentitzearen presio psikologikoari aurre egiteko ezintasunak inbaditu zuenean.

Iruditzen zait jendaurrean barrenak husteko adorea falta izan zaiola euskal musikariari. Hobe esanda, ez du modu esplizitu batean egiteko asmorik izan. Asetzeraino entzun dugu gure egoera soziopolitikoak ekarri duen saminaren kexua abestietan, hitz argitan eta mezu doktrinaletan barneratu dugu min eta amorru horren hustea. Kexu kolektiboa zelakoan akaso, sortzaileek abestietan eta poemetan islatu dute bizipen edo iritzi konkretu hori, inolako lotsarik sentitu gabe. Ziurrenik, kolektibotasun horrek gure barrenak agerian uztearen beldurretik babesten zituelako. Gure emozioen oinarria ez zelako guztiz pribatua edo pertsonala, herriarena baizik. Baina zer gertatu da sortzaileak bere barne emozioak, pribatutasunetik jariotako kezkak eta adierazpenak azaleratu nahi izan dituenean? Modu esplizituan idatzi al du abestia? Hala metafora eta literaltasun ustez despertsonalizatu batean bildu ditu bere desira, maitasuna, jelosia edo frustrazioa?

Izan ere, euskaldunak maisuak eta maistrak izan gara gure emozioak aparteko poemetan biltzen, mantu literario horren atzean ezkutatzen. Euskal literaturak badu harrotzeko arrazoirik, sortzaileek literaturtasuna bera poema bihurtu dutenean. Mezuak kodifikatzeko berezko trebetasuna adierazi dute, behin eta berriz, erabat ulergarri ez egiteko saiakeran. Metaforek, konparazioek, hiperboleek, metonimiek, errimaz jositako lerroek formaren edertasunean ezkutatu baitute desamodio baten orro lazgarria edo erantzun duen maitasunak erditutako zoriona. Agian, esparru txiki honetan, maiteminduaren bihotza jendaurrean irekitzeak barrura bueltan ekar lezakeen hotzikaratik babesteko asmoz, horregatik ez da emozioa bera modu esplizituan abestu. Agian, hortxe moztu da entzulearen eta sortzailearen arteko haria, gardentasunean identifikatuta sentitzean, lotura hori gabe abesti bati konektatuta guztiz sentitu ez garenean. Hori lortu dutenen salbuespen gutxi datozkit burura, poesia hutsak haria estuki josi duenaren izenik aipatzekotan. Anari, esaterako.

Gazteleraz heldu zaigun musikan kontrakoa gertatzen delakoan nago. Badira literaturaz baliatu diren sortzaileak, baina, oro har, esango nuke Espainiako sortzaile independenteen abestien hitzak —hau da, mainstream-aren estandarizazioan erori ohi ez direnenak— askoz ere esplizituagoak izan direla. Gogoan dut oraindik, nola Ramon Rodriguez The New Raemon-ek, A propósito de Garfunkel (2008) diskoan, bikotekide ohiari ezin esandako guztia oka egin zuen, banaketa traumatiko baten ondoren. Entzuleok bere alde egin genuen, haren kexuaren intimotasunak maitemindu egin gintuen. Bere minaren konfidente bihurtu gintuen diskoak. Antzekoa gertatzen zait McEnroe talde getxotarraren abestiekin; Rugen las flores (2015) zoragarrian Ricardo Leonek erromantizismo «zaharkitu» eta inozo batekin idatzitako abestiak poesiaz blaituta datozen arren, ulergarriak eta liluragarriak dira erabat. Bestetik, Zahara abeslariak jasandako sexu abusuek eraiki zuten emakumeaz gordinki hitz egin digu aurten Merichane kantuan; benetan esplizituak diren hitzetan aurkitu du bere burua osatzeko bidea.

Testu honen sorburua edo inspirazioa, ordea, orain dela bi urte argitaratu zen euskal disko bateko abesti konkretu bat izan da, aste honetan lehen aldiz entzundakoan hemen idatzitakoa mamitu duenean. Ez dut gogoratzen hain gai pertsonala metaforarik eta poesiarik gabe azaldu duen abestirik, idazlearen emozio bat biluzteraino. Izan ere, euskaldunak oso lotsatiak izan baikara testuinguru horren inguruan aritzeko, oraindik ere gizarte inozo eta zuri batean bizi garelako, nire ustez. Une batez abestiak, gorputzaren atalik zaurgarriena agerian uzteko gai izan den moduan, sortzailearen sentiberatasuna ausardia bihurtu du, ahulezia ordez. Oraindik ere gai pertsonal jakin batzuez naturaltasunez aritzeko edo haiek bistaratzeko adorerik ez duen gizartean, alegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.