Albistea entzun

LAUHAZKA

Azkena-edo

<em>Burubarraskiloa</em>, Maite Larbururen marrazkia.
Burubarraskiloa, Maite Larbururen marrazkia. MAITE LARBURU Tamaina handiagoan ikusi

Maite Larburu -

2019ko ekainak 23

    «Leiho guztiak itxi al dituzu? Ura eta gasa? Hozkailuko jaki zaharregiak botatzeaz ez ahaztu! Zakarra atera! Internet modema itzali!
     K L I K !
     Hartu nezeserra-labana-ordezko sokak-pasaportea-lepokoa-kargadorea-liburua-aspirinak-ogitartekoa...
     Dena prest?
     Aurrera!».
     Zenbat aldiz eduki ote dut zurrunbilo hau guztia —eta aspergarriki haratago— kaskezurrean... zenbat etxe, hotel-gela utzi ote ditut atzean... eta zenbat gauza ahaztu ote zaizkit maindire artean (ni neroni ere bai batzuetan)!
     Nire modura handik-hona-hemendik-hara dabilen lagunak eman zidan aholkurik erabilgarriena igande batean: «Hainbeste urte bidaiariren ostean, behin, zeraz ohartu nintzen: beti ahaztuko zaidala zerbait nonbait. Hori onartu eta jakinda, galtzeak ez dit hainbesteko minik ematen».
     Ez baita erraza maleta baten barruan bizitzea. Horretan maisu direnei obserbazio luze-estukoak eginda, gauza bat edo beste ikasten da, hala ere. Ez, ez; behaketa biktimak ez dira exekutiboak, nire moduko musikari nomadak, azafata, pilotu eta hegazti errariak. Horiei trikimailuren bat edo beste lapurtu izan diet. Baina badira eboluzio goreneko beste izaki zenbait; maleta barruan bizi diren zera-bizidun jakintsu eta praktikoak: barraskiloak.
     Batetik, begiak aurpegitik kendu eta buruko antena gainean jarri zituzten aspaldian, lepoa mugitu ere egin gabe alde posible guztietara so egin ahal izateko. Bestetik, maleta gurpildun anitzaren asmakuntzari muzin egin eta gurpila bera bihurtu zuten maleta. Maleta, etxe. Eta gorputza, garraio bide bakar. Hiru gauza, gauza batean. Genero eta tolerantzia kontuetan ere, aurretik doazkigu: barraskilo batzuk hermafroditak dira (libidoaren uztarri astun hori ezkerkada dotore batez konponduaz: zapla!). Hermafroditismoa besarkatu ez duten barraskilo espezieek, berriz, libre eta bakean, haien harreman fisiko harrigarrien ikuskizunak oparitzen dizkigute, basoan, belardian, parkean.
     Inoiz ikusi al dituzue bi barraskilo poliki - p o l i k i - P O L I K I korapilatzen?
     Gauza eder eta sentsualagorik...
     Azken hau da barraskiloengandik nahiko nukeen gauzarik desiragarriena: abiadura motela. P O L I K I T A S U N A. Mantso-mantso ibiltzearen kontu hori.
     Hara egia borobila (karakol mirikolaren maleta bezainbeste): badoana, eta denok ari gara etengabe joaten, zerbaitetik urruntzen ari da; ala? Harkaitz Canoren Fakirraren ahotsa nobelako pertsonaia batek zera dio: «Beti ari gara separatzen».
     Inspirazio-katapulta sortu zidan esaldi horrek (eta liburuko beste askok!): «baina... honengandik urruntzen ari naizenean, ez al naiz horrengana gerturatzen ari? Beraz, beti ari gara separatzen eta beti elkartzen?».
     Puntu-ibai-emakume batetik separatzen ari dena beste puntu-itsaso-gizon batera hurbiltzen ari da. Eta oraindik miragarriagoa dena: norbaitengandik urruntzen ari garenean, norbait berberarengana hurbiltzen ari garela, beste modu batean! Agian ez fisikoki edota era agerikoan; baina bai beste modu ikusezin infinitu eta misteriotsuetan: oroimenaren makrame galaktikoa ehunduz, esaterako.
     Puntuen artekoa da bertsoa; noten artekoa, musika, eta dantzari finlandiar batek atzo esan zidan bezala: «Hatz artean duzun espazio bakoitza, dantza egiteko taula bat da».
     Barraskilo maiteak badaki hori guztia. Horregatik pasatzen du hainbeeeeeeeste denbora urruntzen eta beste haaaaaainbeste gerturatzen. Aio esateko denbora behar delako. Baita egunon esateko prest egoteko ere. Eta azken batean, bidean hain poliiiiiiki ibiltzeak, den-den-denari (belar izpi, katakume, urdaiazpiko puska eta adokinei) kaixo eta agur era duinean esateko denbora ematen duelako.
     Nik barraskilo itxurako burmuin bat nahi dut.
     Buru barruko tenpo geldoak arreta zorrozteko astia eman diezadan.
     Elkartze-banatze prozesua edertzeko (bizitzeko!) horixe behar baita: arreta eta mimoa.
     Euskaraz, ez dugu zertan hitz berri bat asmatu kaixo-agurraren dantza adierazteko; elkarbanatu iruditzen zait zeregin horretarako magikoena.
     Elkartzea banatzea da, banatzea, elkartzea.
     Orain hau horrela idatzita zera bururatu zait: karakolek euskaraz egiten ote duten. Barraskiloa ote zaren zu, hau irakurtzen ari zaren hori. Hala bada —baita ez bada ere—, jakizu zurekin elkarbanatzea mundiala dela. Eta hala izan dela orain arterainoko nire artikulu guztietan. Eskergarriak direla idatzi ditudanei buruz esan dizkidazunak. Eta asko ikasi dudala.
     Hau da nire azkena, lagun.
     Elkarbanatzen jarrai dezagula!
     Geratzen zaizkidan 125 karaktereak barraskilo eran irakurtzeko eskatu nahi dizut orain:
     I Z A N  Z A I T E Z  Z O R I O N T S U  B I D E A N !

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JOSEPH PHILLIPS

BIZITZAK DANTZAN

Ainhoa Sarasola

Dantzaren sektoreko profesionalen prekaritatea agerian jarri du ikerketa batek. Aldizkakotasun handia, ordain apalak eta beste lan batzuetan jardun beharra nabarmentzen dira, besteak beste, datuen artean. Aurrera egiteko bide malkarra azaldu dute profil desberdineko hiru dantzarik.
 ©BERRIA
The Arcs taldeko kideak Richard Swiftekin (eskuinean, zutik) batera. ©BERRIA

Dezibelak eta epika

Urko Ansa

Argitaratzailea: egilea editore.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.