Ximun Fuchs.
LAUHAZKA

Inon baino alaiagoa izanen da

2020ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Nire lanbidean nekez ekingo nukeen nire ametsen filosofia baztertuko banu. Ni naizen berezko mosaikoa gidatzen duten natura eta indarra hitzez adierazi behar banitu, maitasun politikoarekin has ninteke seguruenik. Jakin aldizkariak azaldu duen moldean, maitasuna eta politika terminoak esaldi berean irakurtzea arraro bilakatu zaigu. Izan ere, politika hitzak aro honetan bere zukua eta zilegitasuna galdu egin ditu. Hitzak berak ez dira sinesgarriak gaur egungo politikarien ahotan: askatasuna, demokrazia... Muturreraino eraman da sofismarik okerrena: egin esaten dudana eta ez egiten dudana.

Baina ez dugu amore eman behar. Maitasuna politikoa da, politika maitasuna izan daitekeen bezala. Egia da legebiltzarrek edo botereguneek orokorrean ez dutela maitasunaren edo sentimenduen irizpide ofizialik. Gobernatzaileek ez dute sekula maitasunaren sailbururik edo sentimenduen goi kargurik izendatzen. Baina sentimenduek ez al dituzte erabaki eta irizpide politikoak eragiten? Eta erabakiguneen zutabe esanguratsuenek (ekonomia, zor publikoa, immigrazioa, lana, gerla, arlo soziala, osasungintza, hezkuntza...) eragin zuzenak dituzte norbanakoen sentimenduetan eta maitasun harremanetan. Hori dena bereizi ezina da.

Halere, mundua bezain zaharra da emozioak, sentimenduak zeregin publikotik baztertzea. Politikan, duda, zalantza, negarra, poza, ahultasuna... tabu bat bilakatu dira. Kargudun batek bihotzeko zirrikitu bat ikusten utziko balu, susmagarria izango litzateke, fidagarritasun eskasia handiz ikusiko genukeen. Baina zertarako baztertu hainbeste sufrikario, poz, arrangura eta betetasun eskaintzen digun maitasuna pentsaeratik? Zertarako aldendu debate publikotik eta elkarbizitzako erabakiguneetatik? Zer da ezkutatu nahi dena? Zer da ito behar dena? Maitasuna beldurgarria bilakatu ote da maskara batekin estali behar izateko? Garai batean, Guardia Zibilak trenetan bi gauza debekatzen zituen: euskaraz hitz egitea eta musukatzea. Maitasuna, gure hizkuntza bezala, jazarpenaren habia bilakatu ote da?

Maitasun hitza, berez, hiru zutabetan oinarritzen da: desioa (sortzailea eta asmamen handikoa), laguntasuna (alaia eta baldintzarik gabekoa) eta enpatia (elkarrenganakoa). Maitasuna ez al da, beraz, elkarbizitzarako baldintza guztien oinarria?

Adostu dezagun politika terminoa. Politikoaren arloa hauteskundeek erritualizatutako kudeaketa eginkizun bat bezala ulertzen da gehienetan. Dekretuak, normak, handiosezko diskurtsoak, zenbakiak, dogmak... Bihotzik eta arimarik gabeko eginkizunak. «There is no alternative», zioen Thatcher andere krudelak. Baina politika beste era batera ulertu daiteke: justizia gisa. Justiziak, garen guztia kontuan hartuz, ezberdintasunak malgutzen ditu. Ez gaitu leuntzen izaki neutro edo kontsumitzaile arrunt gisa, ez; gure izaera guztien aberastasunak kontuan hartuta, eskuzabaltasunerako joera normalizatzen du. Egunerokotasunean, pertsonen edo arloen mugarik gabe, kooperazioan ekiten du. Bizidun guztientzako marrazten den arte bat. Arte hitza eransten ahal zaio bai, zeren finezia handia behar da zintzoki aritzeko politikan, jende askoren bizitza jokoan jartzen baita. Justizian sinesten duen politika ezinbestekoa zaigu. Maitasuna subertsiboa da, araudiak urratzen baititu.

Kooperazioa amesten dut, maitasunez beterikoa, oldarkorra eta errotik politikoa. Gure biziraupenaren giltza kooperazioan datza. Nagusitasuna, beldurra, lehia, potentzia, indartsuenaren legea... ezinbesteko heriotza baten promesak dira. Kapitalismo neolitikotik ateratzeko bidean, kooperazio alai eta oldarkorrean amesten dut. Nire aitatxik, nazien aurkako erresistentzia aipatzen zuenean, hauxe zioen: alaiak ginen, askeak ginen eta zorrotzak arlo guztietan.

Utopia ez da ameskeria, utopia pragmatismo hutsa da. Zeren mundu hau berez eroriko da, pandemiak zerbait irakatsi digu: amaitu dira jolasak. Orain, zentzuzko zerbait asmatu behar da, bizitzan oinarritua. Lotu ditzagun etikoa eta teknikoa, eraiki ditzagun gure utopien baratzeak, zutabez zutabe: maitasuna, justizia, kooperazioa. Inon baino alaiagoa izanen da...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.