Ane Garcia Lopez.
LAUHAZKA

Zimikoa

2021eko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Batzuetan, nire bizitza igande arratsalde errugabe bat izan zedin desiratzen dut. Ez dakit erabat ulertzen den: nahi ditut manta, pijama, txokolate beroa eta hasi bezain pronto amaiera asmatzen diozun filma, bai; baina, batez ere, erruaren burmuin-zimiko etengabetik askatu nahi dut. Beste edozeren gainetik. Betirako. Ez «pandemiaren-kontuarekin-erabat-zozotu-gaituzte»rik, ez «Friends-erabat-arrazista/matxista/homofoboa-da»rik, ez «oraindik-ez-dut-Bigarren-Sexua-irakurri-ze-feminista-klase-naiz»rik. Ez dakit nola esan. Batzuetan arintasunarekin egiten dut amets. Gauzak gehiegi ez pentsatzearekin. Algoritmoaren zuloan barrena erori eta ez ateratzearekin. Telezaborra eta nire zilborra parez pare; damurik ez, errurik ez.

Duela urte batzuk, izena jarri nion buruaren bueltetatik askatzeko beharrari, arintasun irrikari, eta geroztik, garuna gehiegi zukutzen nabilela igarritakoan, nire ingurukoei aitortzen diet Divinity pixka bat behar dudala, droga lasaigarria balitz bezala. Kau Kori Kura taldeak ere omenaldi xumea egin zion telebista-kate horri, Bixkik kantu kuttunean. Abestia entzunda akaso ulertuko duzue diodana: kontsolamendu erraza nahi dudala. Fakturarik igorriko ez didana. Ez irakurri, ez idatzi, ez pentsatu. Ameba bat izan. Hori da nire ametsa.

Zergatik? Ba, gogaikarria delako beti intelektuala izatea, zutabe esanguratsuak idaztea eta kulturgintzaren zoko-moko guztiak begirada hiperkritikoz arakatzea. Ruperren kanta horrela abestuko nuke: «Inork ez zidan esan, euskaldun-feminista-antiarrazista-kulturazale-antikolonialista-antikapitalista-ekologista-postmoderno-eta abar izatea zein nekeza dan...». Zergatik nekeza? Ba errealitatea filtro ugaritatik pasatu behar delako aldiro, irentsi aurretik eta ezer sortu aurretik; eta zentzu batean, norbera delako mikroskopioaren begi arrotzek aztertzen duten zomorroa. Eta nik algoritmoari bake santuan eman nahi diot jaten, aizue.

Ze noski, orain gainera etxean sartu omen digute ziria, Troiako zaldia. Kanpoko zaparradari ez ezik, gure entretenimenduan ere erresistentzia ariketa itzela egin behar omen dugu, ez badugu mozolo sentitu nahi. Ba nik amore ematen dut batzuetan. Eta irensten ditut programa txepelak eta kapituluak bata bestearen atzetik eta gainera inork ezin dit esan hau ez denik kultura kontsumitzea. Ze hau ere kultura da, jaun, andre edo/eta queerrok.

Aro postmodernoan gure baitan bizi dira intelektuala eta ameba, elkarrekin. Cristina Morales eta Telecirco. De Beauvoir eta El Conquis (bere izenburu nahiz planteamendu kolonialista problematiko xamarrarekin, bide batez). Goi eta behe, nahiago baduzue. Eta elkarbizitza horrek ez du zertan txarra izan. Kultur produktu gehienek (gehienek diot) badute beren unea. Ezin gara beti intelektualak izan. Eramangaitza litzateke.

Hala ere, nabarmentzekoa da gure barneko bi animaliatxo horien artean bat gehiago elikatzeko joera duela algoritmoak normalean. Eta akaso horren ondorioz, mutur batetik bestera pasatzen gara, bai diskurtsoan bai praktiketan: nik, behintzat, Divinitysmo-rik lotsagabeena nahiz intelektualismo gogaikarriena praktikatzera mugatzen dut neure burua, eta horrela ezer gutxi lortzen dut; nekea eta errua batez ere. Askabide bila hasi naiz azkenaldian, ordea, eta galdera mugarri batekin egin dut topo: burmuina gai konplexuekin sutan edukitzearen eta hura erabat hiltzearen arteko oreka aurkituko banu?

Eta aitortu behar dizuet erdibideko eremu horretan aurkitu ditudala gauzarik interesgarrienak, tresnarik baliotsuenak: ironia, umorea, absurdoa. Aberasgarria da erdibideko gune hibrido horretan lokaztea, bertan bizi diren artistak entzutea, eta norbere buruari barre egitea (halakorik egiten ez duen jendea susmagarria iruditu izan zait beti). Mursegori entzun nion behin absurdoa hautu politiko bat dela. Areago esango nuke, gure barruko intelektuala eta ameba fusionatzeko hautua da. Autoritateei, sailkapenei uko egin eta izaki askoz gizatiarrago bat lortzekoa: ez automata, ez hiperkritiko. Kulturazale anarkista bat, ez hargatik alferra edo irizpiderik gabea.

Beraz, perreatu lasai C. Tanganarekin (nahiz eta aukeran hobe Amorante eraman rave batera), abestu Lokaleko lehiotik (edo zure belaunaldiari dagokion baliokidea) genero estereotipoz betetako kantu bat izango ez balitz bezala, eta irentsi bata bestearen atzetik Friends-en kapitulu zaharrak. Une batez, jarraitu Ruperren gomendioa eta hauta ezazu munduko hiritartasuna. Zeure burua eta ingurua ez horren serio hartzen lagunduko dizu, zin dagizut. Baina kontura zaitez, hautu hori betikotzeak zure kontra egiten duela zentzu batzuetan, mundu erraz eta plano baten atzean ezkutatzen dizula errealitate konplexu eta aberatsa. Kultur produktu guztiak dira gure bizitzaren parte, gustatu ala ez gustatu, ikusi ala ez ikusi, goikoak ala behekoak izan. Eta nahiz eta Divinityren apologia hiperboliko eta lotsagabea egin dudan artikulu honen hasieran, esango dizuet niri edozein sailkapeni ihes egiten dioten sorkuntzak interesatzen zaizkidala, absurdoak, ipurdian zimiko egiten diotelako gure barne amebari nahiz intelektualari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.