Oier Iruretagoiena.
LAUHAZKA

Ardo botila

2021eko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Martin Berasategi sukaldaria 1960an jaio zen, eta 2018an, 58 urte bete zituen egunean, haren jaiotza-urteko ardo bat oparitu zion beste sukaldari batek: David de Jorgek. Hala kontatu zuen Berasategik berak, bere objektu kuttunak erakusten zituen erreportaje batean. Aukeraketa hartan sartu izanak pentsarazten zuen, edatekoa bainoago, objektu bezala gordetzekoa zela botila hori.

Entzun izan dudanez, ardo batzuk minduta egoten dira hilabete gutxiren buruan, baina ba omen dira mende oso bat irauten dutenak ere. Sei hamarkadatan, Berasategiren horrek ez dio hartzitzeari utzi, eta seguruenik ez da zehatz jakingo oraindik ere zenbateraino den edangarri, baldin eta zabaltzen ez bada. Mundu honetan norberak adina urte daraman botila bat ireki eta edatea gaur arte bizitakoaren ospakizuna izan daiteke, eta testigu izaten jarrai dezan gordetzea ere bai, orobat. Ireki ondoren edangarri ez izatea, horixe litzateke desengainua eta dena zapuztu izana.

Enologo bati egindako elkarrizketa batean irakurri nuen XIX. mendeko ardo botila bat ireki zuela behin XXI. mendean. Negar egin zuen zabaltzerakoan, eta halakorik zehazten ez zuela uste dudan arren, edango zuela pentsatzen dut —probatu behintzat—. Eztarrian behera ehun eta beste zenbait urte. Denbora tarte horretan laukoiztu egin zen munduko biztanleria, XX. mendean gertatutako aldaketa sakonetariko bat aipatzearren. Ekintza hunkigarria iruditu zitzaidan niri ere.

Bazitekeen erabat ahaztea, egunero irakurtzen ditudan beste hainbat gauza ahazten ditudan bezala. Baina sortu zidan liluragatik, gogoan izan dut urteetan. Enologo hori ez dakit nor zen, ez nuelako elkarrizketa gorde. Ez dakit, beraz, hark esandakoak zehatz gogoratzen ditudan, edo neure erara moldatuta. Sarritan gertatzen zait halako edo besteko lekutan irakurritakoa berreskuratzera joan —behinola arreta eman zidan eta azpimarratu nuen esaldi edo paragrafo bat kasurako—, eta desengainatzea. Jatorrizkoaren aldean hobea iruditzen zitzaidan nire memoriak aldatutakoa. Nahi gabe batzuetan, eta nahita besteetan, neure eremura eraman ditut hasierako materialak, eta hasierako estimulu horiek gabe, baliteke eremu propio horiek deskubritu ez izana.

Adibide erraza zelako aitatu ditut irakurketak, baina bizitzako eremu guztietan gertatzen da. Segun eta nondik begiratzen zaion, negatibotzat jo daiteke manipulaziorako joera hori: giza akatsa, dorpekeria. Kazetari batek saihestu egin beharko du, bistan denez. Baina preseski berezkoa du artistak horretarako lizentzia. Antonio Lobo Antunesek dio hartzitutako memoria dela imajinazioa, eta Ramon Saizarbitoriari entzun nion nik lehenengo aldiz ideia hori.

Iazko irailean, #Cápsula2050 ekimena egin zuen Madrilgo Reina Sofia Arte Museoak nerabe eta gazteekin. Euren egungo bizimodua islatzea eta etorkizunerako mezuren bat ematea proposatu zitzaien 15-19 urte bitartekoei. Formatu digitalean gorde zuten jasotako dena, eta 30 urte barru zabaltzeko asmoa duten denbora-kapsula batean lurperatu zuten museoko lorategian. Beraz, etorkizunean oraindik USB irakurgailurik existitzen bada behintzat, iraganean esandakoen aurrean jartzea da intentzioa.

Hermetikoki itxita gaur egungo gauzak etorkizunera iritsarazteko izaten dira denbora-kapsulak. Baina Madrilgo hori ariketa didaktikoa izan da, eta atzean darabilen zergatia ez da geure egungo existentziaren zantzu inportanteak ondoregoentzat gordetzea, parte-hartzaileengan ikasketaren bat sortzea baizik. Euren bizimoduaren berri eman behar izateak, berri emate horretan zer eta nola esango duten pentsatzeak eta antolatzeak, eta gero hori dena lurperatzearen esperientzian parte hartzeak; horrek guztiak zer sentipen eta pentsamendu utziko dizkien eta denboraren joanarekin nola eraldatuko diren; hori da ariketa horretan garrantzia duena. Izan dadila euren eremu propioa topatzeko laguntza. Ahazten badute —bai gazte eta nerabeek, eta baita ekintza antolatu duten museoko hezitzaile eta langileek ere—, garrantzi handirik izan ez duen seinale izango da, indar edo maitasun handirik jarri ez dioten seinale edo hori elkarri kutsatzen jakin ez duten seinale.

Ospatu beharreko gauza asko alkoholez ospatzeko joera dugu, eta 30 urtez bizi izana bada ospatzeko lain. Ezin jakin zer ekarriko diguten urte horiek, baina izango da ziur bai onetik eta bai txarretik. Denbora-kapsulaz batera ireki dezatela ardo botila bat —botila bera bada berez beste denbora-kapsula klase bat—, eta edan dezatela, geure —geure eta euren— alde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.