Oier Iruretagoiena.
LAUHAZKA

Parasitoa

2021eko urriaren 10a
00:00
Entzun
Ostalariren baten kontu bizi denari parasito esaten zaio, hori da hitz horren adieretako bat, eta hor sartzen dira besteak beste arkakusoak bezalako intsektuak edo akainak bezalako araknidoak. Hala ere, parasitismoaz hitz egin daiteke biologiaz haratago, eta zentzu oso zabalean aztertu nahi bada, erreferentzia da Michel Serres (1930-2019) filosofoa zenaren Le parasite (1980) liburu sailkaezina. Adiera guztietatik heldu zion parasito hitzari, eta gizakion harremanak aztertu zituen: bai geure artekoak eta baita geuk geure ingurunearekin ditugunak ere, ezaugarritzen dituena izaera parasitikoa dela oinarritzat hartuta. Horrela esanda, oso ezkorra eman dezake, baina ezkortasuna baino, ironia da atzean duena. Edo ezkortasuna leuntzeko darabil ironia. Eta ironia horren erakusgarri da, esaterako, ipuinez edo alegiez baliatu izana adibideak emateko. Hala, alegietako animalia asko topatuko ditugu bertan, arratoiak batez ere. Horregatik hemen ondoko marrazki hau, horiek saguak izango badira ere.

Eta Serresek dio geure munduak funtzionatzen duela nolabait, hain zuzen, funtzionatzen ez duelako. Ez baikara paradisuan bizi, eta ez baita denentzat etengabe erabat orekatua eta onuragarria den harremanik. Ugariak eta era askotakoak izan daitezke elkar-parasitatzeak: menpekotasunak, lapurretak, nagusi-maizter harremanak edo beste edozein botere-harreman... Mundua bera den bezalaxe da bere liburua ere «zorrozki lanbrotsua», eta esan daiteke ez dagoela erabat ulertzeko modurik. Ez baita galerarik edo gaizki-ulerturik gabeko komunikazio erabat gardenik ere. Igorleak helarazten duena ez da hartzaileak jasotzen duen berbera zehazki inoiz izango, eta zarata handiko gizartean bizitzea ez da ezertan lagungarri —parasito hitzaren beste adiera batez baliatzen da hemen: telekomunikazioetan agertzen diren istripuzko interferentziak, komunikazio garbi bat oztopatzen dutenak—. Desorekekin ahalik eta ondoen moldatu beharra da bizilegea. Horrek ez du esan nahi —hau nik diot, ez Serresek— etsi egin behar denik, ahalegina behar dela baizik, saihetsezinak diren arazoak eta elkar guztiz ondo ez ulertzeak gaiztotu ez daitezen. Berezkoak ditugun okerrak bere onetik atera eta gehiegi okertu ez daitezen. Errazkeriak eta utzikeriak bidea libre uzten diote txarkeriari, eta jokabide hau oso zabalduta ikusten dut nik geure artean: ondokoa iritzi berekoa ez bada, zer dioen ondo entzun gabe edo dioena zergatik dioen ulertzeko behar bezalako lanik hartu gabe, adjektibo edo ezaugarri orokortzailez sailkatzea.

Beraz, konplexua da mundua oso, eta ezin konta ahala norabide eta modutan gerta daiteke parasitismoa. Ideia hori gaur-gaurko egoerara ekarrita, parasito klase bat omen da azken urte eta erdian geure artean dabilen birusa bera —nahitaezko parasito, geure zelulen beharra duenez gero—, baina haren inguruan sortu den guztia ere arretaz aztertzekoa da. Erne egon beharko dugu, ea non ez ote den bizkarroikeriarik ezkutatzen. Adibidez, Juan Hernandez zuzenbidean doktoreak BERRIAri aurtengo ekainean emandako elkarrizketan esan bezala, immunitate ziurtagiriek kontrol soziala areagotuko dutela dirudi. Hala zioen: «Hasieran osasun publikoko irizpideen arabera justifikatuta egon den arren, seguruenera ziurtagiri horrek kontrol soziala areagotuko duten ezaugarri gehiago jasoko ditu etorkizunean. (...) Eta horrek txarrerako eragingo die bereziki sistemaren ertzetan dauden sektoreei, txiroenei, eta baita arrakala digital handiena dutenei ere. Gizakien mugimendua kontrolatzeko mekanismo gisa geratuko da, autoritarismo handiko neoliberalismo eredu baten barruan. Ardura berezia dut migratzaileekiko». Neurri hauek behin-behinekoak izango ez ote ziren galdegin zion kazetariak, eta hona erantzuna: «Ez dut uste. Irailaren 11n, dorre bikien aurkako erasoa gertatu zenean, terrorismoaren aitzakiaren pean, larrialdi garai baterako ezartzen hasi ziren kontrolak aireportuetan; eta jende askok hori normaltzat hartu du dagoeneko, menderatzearen pedagogia baten emaitza baten modura».

Edozein gertaeraren aurrean, haren konplexutasuna ahalik eta hobekien eta alderdi askotatik aztertzen saiatu behar genuke. Ahaleginak eta arretak etengabekoa izan behar du, elkarrekiko errespetutik eta hitz egiteari beldurrik izan gabe; gauzak gaiztotu ez daitezen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.