Katixa Agirre.
LAUHAZKA

Amorru maskulinoa

2021eko urriaren 24a
00:00
Entzun
Badira urte batzuk urrian idazle andrazkoen hilabetea ospatzen dela Espainia aldean, idazten duten emakumeei ikusgarritasuna eman nahian edo. Aurten, antza denez, gizon batzuek ezin izan dute gehiago eta aski da! egin dute aldarri. Lehenengo arrapostua Planeta saria eman zenean etorri zen. Izan ere, saria Carmen Mola izeneko batek jaso zuen: baina ez zen Carmen Molarik, ezizen horrekin idazten zuten hiru gizon baizik. Handik astebetera, prentsak beste Carmen Mola-ren istorioa ekarri digu. Gizon bat, Sergi Puertas izenekoa, zeinak, argitaletxeek bere eskuizkribuei muzin egiteaz nekatuta, neska izen batekin sinatzea erabakia zuen. Eta hara, berehalako erantzuna jaso omen zuen prestigiozko argitaletxe baten eskutik.

Literaturaren esparrua emakumeekin konpartitu behar izateaz nazkatuta, badirudi gizon batzuek bide makur samar bat aukeratu dutela: emakume itxura hartu, emakumeei espazioa kenduz eta espazioaren okupazio maskulinoa mantenduz. Emakumeek literaturan gaur okupatzen duten espazioa sufrimendu, arbuio eta isilarazpen mendeen ostean etorri dela ahaztuta, edo diskriminazio historia horren gainean kaka eginez.

Esparru literarioaren okupazioaz gain, zer nolako mezua ari dira bidaltzen emakume izenaren atzean ezkutatzen diren gizontxo hauek? Sistema hackeatzen ari direla diote batzuek, harrotasunez bezala: kontra daukaten sistema bat beren alde jarriz. Izan ere, istorio honen hondoan irakurri daitekeen ideia hauxe da: gaur egungo merkatu editorialak emakumeak pribilegiatzen ditu, gizonen kaltetan. Argitaletxeek emakumeak baino ez dituzte argitaratu nahi, arrazoi komertzial eta oportunistak tarteko. Irakurle gehienak emakumeak izaki, egile andrazkoak bilatzen dituzte. Feminismoaren modak gizonen literatura baztertu egin du.

Eta abar.

Gauza hauek ez dira modu irekian esaten, inork ez du politikoki ez-zuzena izan nahi. Baina Carmen Molaren eta Sergi Puertasen kasuak ematen direnean, zabaldu egiten dira uhateak, eta biktimismo maskulinoaren uholdea gainera erortzen zaigu. Hortxe dagoela gogorarazten digu.

Espainia aldean esan dut lehenengo lerroan. Zer gertatzen da gurean? Gauzak ez dira horrela egongo, ezta? Bada, bai. Jakina. Gurean ere existitzen da lurrazpiko korronte hura, susmo konpartituta, vox populi mesfidatia. Emakumeek errazago daukate euskal literaturaren esparruan. Argitaratzen hasi nintzenetik, hamabost urte badira, entzun ditut iruzkin maltzur edo inozo samarrak. Nire lehenengo liburuarekin irakurle talde batera gerturatu nintzenean, partaideetako batek horixe bera galdetu zidan, ea emakumea eta gaztea izateagatik publikatu ote zidaten, eta ni, ahozabalik, zer erantzun jakin gabe geratu nintzenez, zera bota zidan, hitzez hitz: «Mundu guztiari gustatzen zaio emakume gazte baten argazkia ikustea liburuaren solapan!». Mundu guztiari? Zeinen erraz bihurtzen duten beren zilborra unibertsoaren erdigunea gizon batzuek, amatxo maitea!

Ordutik, horrelakoak sarri. Halako batek esaten du emakume idazle gazte guztiek berehala zutabe bat lortzen dutela, egia unibertsala botatzen ari denaren ziurtasunez. Beste bat «emakumeen literaturaren modari» buruz aritzen da zure liburuaren kritika izan behar zuen espazio horretan. Orain dela urte gutxi, nire belaunaldiko gizon baten liburuaren aurkezpenean parte hartu nuen, eta zera esan zidan idazle berriak mingostasun puntu batez: zalantza askorekin ari zela sartzen mundu honetan, esanda baitzioten (beste gizon batzuek, pentsatzen dut) oso zail izango zuela arrakasta lortzea gizona izanda.

Kritika desartikulatu gisa azaleratzen dira iruzkinak. Fundamenturik gabekoak eta datuekin erraz gezurtatu daitezkeenak. Ez ditut hemen denak emango, egon da lan hori hartu duenik, bi zertzeladarekin nahikoa da orain. Esate baterako: Espainian argitaratzen den liburu kopuru osoaren herena baino ez du emakume batek idatzi. Ez da egia, beraz, emakumeak espazio gehiegi ari direla lortzen. Eta gertuagoko beste datu bat: Euskadi sarietan, gustatu edo ez kanon bat ezartzetik gertuen dagoen gure dispositibo bakar horretan, gizonak dira beti nagusi.

Ez naiz inozoa. Jakin badakit literatura (ere) merkatuaren legeen menpe dagoela hein handi batean, eta, azken urteetan, hainbat aldaketa sozialen karietara, emakumeen literaturak interes berezi bat piztu duela. Eskari horrek ekarri du eskaintzaren igoera apal bat. Baina datuek kontatzen dutenaren arabera —eta eremu kualitatiboan sartzen bagara, are gehiago— berdintasuna urrun dugu oraindik.

Hala ere, errealitate paralelo batean, badaude gizonak (ez guztiak, badakit, not all men, of course, baina ezin jakin seguru zenbat diren ere) zurrumurru maltzurretara gehitzen direnak, amorru maskulinoaren korronte hori gehiago pozoitzen, gauzak pixka bat aldatzen ari direla ezin hartuta. Gizon horiek enperadorea biluzik da! egiten dute oihu tarteka, heroikoki, konturatu barik ezetz, enperadoreak eusten diola bere kapari, bere zentroari, are koroari ere. Batzuek behingoz biluztu nahiko genukeen arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.